SORRERA
Oiartzun, 1995
ESAIT izango zena 1995ean Oiartzunen (Gipuzkoa) eginiko bilera batzuetan hasi zen diseinatzen. «Euskal Herriak selekzioak izateko eskubidea zuela uste genuen lagun batzuk elkartu ginen. Iritzi talde bat izan nahi genuen, hori zen helburua, iritzi bat sortzea. Selekzioa zergatik, zertarako...». Toledo Euskadiko pilota federazioko kide zen orduan, eta 1994ko Munduko Txapelketan bizi izandakoa pizgarri izan zen berarentzat. «1990ean, Kuban, euskal selekzioak desfilean parte hartu zuen, han zeuden errefuxiatu eta guzti. Lagunarteko partida batzuk ere jokatu genituen. 1994an, aldiz, Miarritzen, Euskal Herrian, ez genuen ezta lagunartekoak ere jokatzeko aukerarik izan. Are gutxiago desfilean parte hartzeko. Horrek kontzientzia sortu zuen gugan».ESAITen lehen agerraldi jendaurrekoa 1996ko ekainaren 25ean izan zen, eta lehen ekitaldi publikoa 1997ko urriaren 4an: Donostia-Hernani-Donostia bizikleta martxa. Haiek hitzaldi garaiak izan ziren, herriz herri egitasmoa zabaldu, eta federazio eta kirolariekin biltzekoa. «Gogoratzen naiz federazioek ez zekitela nondik jo. Hor, bilakaera handia egon da», aztertu du Toledok.
1998. EUSKADIKO KIROLAREN LEGEA
Artekari lana
«EAJk eta ezker abertzaleak legebiltzarrean elkarrekin bozkatu zuten lehen aldia izan zen. Bilerekin oroitzen naiz, Joseba Egibarrekin eta. Prentsaurrekoa eman zuen ESAITek. Eragile batek legebiltzarrean hori egiteko alderdien babesa behar du, eta hortik dator argazkia», azaldu du Toledok. Euskal Kirol Batasuna sortu zuen legeak, nazio izaera eman zion eta selekzioei zirrikitu bat ireki zien. Halere, urteen perspektibarekin, kritiko mintzo da: «EAJ eroso bizi da konfrontaziorik gabe. Garai hartan interesatzen zitzaion keinu bat, kirol aitzakia hartuta, ESAIT zegoen tartean... Kontua da lege hori indarrean jarri behar dela».ESAITek maiz kritikatu du legearen eboluziorik eza. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko kirolariek traba eta debekuak izan dituzte Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako hainbat txapelketatan. «Berritu egin behar da», nabarmendu du Askasibarrek. «EAE da esparru juridikoa, eta legedia arautzean kirol esparrua esparru juridikora lotzen badu, ez dago zer eginik. Esan dezagun federazioak berez ez dutela esparru juridikoan bakarrik aritu behar, eta askeak direla nahi duten moduan antolatzeko, eta hortik etor daiteke Euskal Herri osoan antolatzea». Toledok segitu du: «Posible da Euskal Herriko zazpi herrialdeak batuko dituzten txapelketak antolatzea? Ez dakit juridikoki posible den, baina, behintzat, beste akordio bat bilatu behar da».
2001EKO MUNDUKO SOKATIRA TXAPELKETA
Harrera aireportuan
«2001ean izan zen. Hura ezin da ahaztu», esan du Toledok. Sakanako emakumezko tiralari taldeak urrezko domina irabazi zuten Akitan (Japonia), eta Espainiako ereserkia jarri zutenean podiumetik jaitsi eta joan egin ziren. «Delegazio osoa kaleratu zuten. Handik bi urtera ez zuten euskal talderik onartu Europako txapelketan. TWIFen eskaera izan zen, joatekotan Espainiaren gisa joan behar zutela, eta aldarrikapenik gabe». Japoniatik bueltan, ESAITek harrera egin zien aireportuan.Keinu hura ikurra da sokatirak eginiko bidean. Sei urte geroago, berriz ere harremanak hartu zituzten TWIFekin, presidente aldaketaren ondoren. «Herri Kirol Federazioan lan izugarria egin dute, eta orain ofizialak dira. Kasu bitxia da, nazioarteko federazioan ez baitaude nazioak, federazioak baizik, elkarte pribatuak direnak. Gainera, ezin da ahaztu TWIF Nazioarteko Olinpiar Batzordean dagoela», aletu dute bi kideek.
TOURREKO FESTA
2001az geroztik
ESAITen urteroko egutegiko ekitaldi esanguratsuenetakoa zen. Bizikleta martxa eta euskal festa Frantziako Tourrak Pirinioetan egiten zituen egunetan. 2001ean hasi, eta iaz arte antolatu zuten, gehienetan jende arrakasta handiz, azken urteetan euskal zale kopuruak behera egin arren. «Nazioartean aldarria ezagutarazteko modua zen, atzerriko kazetari asko biltzen zirelako». Urteekin diru pixka bat biltzeko ere aukera on bilakatu zen, gehitu du Toledok. «Bizikleta martxan giro bikaina izaten genuen. Une politak bizi izan ditugu goian». Frantziako Poliziarekin gorabeherak ohikoak ziren, baina umorez oroitzen ditu. «Azkenerako, ondo elkar ezagutzen genuen».2002. MUNDUKO PILOTA TXAPELKETA, IRUÑEAN
«Gizarteak gure haserrea ulertu zuen»
2002an Munduko Pilota Txapelketa Iruñean jokatu zen, euskal selekzioa gabe. «Jaurlaritzatik zioten negoziatu egin behar zela, hitz egin, ez da epea itxi... eta ESAITek bere haserrea kaleratzea erabaki zuen». ESAITeko kideak hainbat selekziotako kiderekin bildu ziren, baita babesak jaso ere. Manifestazio eta kontzentrazio bana antolatu zuten. Jendetsuak biak. Espainiako Poliziak kotxetik materiala lapurtu zien. «Une tentsu eta gogorrak izan ziren, baina bizipoza ere bai», deskribatu du Toledok. «Gizartearen babesa sumatu genuen, haserrea ulertzen zuten. Gure kirola, Iruñean... eta selekzioa ez egotea...».2007. EUSKAL HERRIA 1-1 KATALUNIA
30.000 pertsona manifestazioan
ESAITek ofizialtasunaren aldeko manifestazioa antolatu zuen Bilbon 2007ko abenduaren 29an, eta 30.000 lagun bildu zituen. Egun horretan bertan Euskal Herria-Katalunia lagunarteko futbol partida jokatu zen, jokalariek eta Euskadiko Futbol Federazioak adosturiko baldintzetan. Askasibarrek ondo du gogoan: «Izena eta izana adostu zen. Ofizialtasunaren alde egiteko konpromisoa zegoen, eta selekzioaren nazio izaera: EAEtik kanpo jokatzeko aukera, dirua zazpi herrialdeetako eskoletan banatzea...».«Arrakasta» hura baina, urtebete lehenago erein zen, 2006ko urrian, Bartzelonan, Katalunia-Euskadi partidaren bezperetan. Hasieran, Bakearen aldeko partida izendatu zuten, eta horri esker jokatu ahal izan zen abendutik kanpo. ESAITek ordurako Gabonetako partiden zikloa amaitua ikusten zuen, baina federazioarekin akordioa egina zuen partidak dinamizatzeko. Federazioak, baina, ez zien Bartzelonako partidaren berri eman. ESAITek dioenez, jokalariek ere ez zekiten zeren aitzakian jokaturiko partida zen. «Jokalariekin bildu ginen hotelean, eta, hitz egin, eta haserrea sumatu genuen. Eurek esaten zuten, jokatzekotan, ofizialtasunaren alde zela, bestela ez zuela zentzurik, eta aldarrikapenak presente egon behar zuela».
ESAITeko kideek zirraraz oroitzen dituzte egun horiek. «Jokalariak boteretu egin ziren federazioaren aurka». Futbolariek prentsaurrekoa eman zuten partidaren bezperan ofizialtasuna aldarrikatzeko jokatzen zutela esateko, eta pankarta atera zuten zelaian. «Oroitzen naiz federaziotik esan zigutela xingola urdina-ren ostean jokalariek ez zutela pankartekin ezer jakin nahi. Gezurra zen, baina ez zekiten guk ere harremana genuela jokalariekin eta haien iritzia ezagutzen genuela».
2008-2009. PARTIDARIK EZ
«Jokalarien nahia babestu baino ez genuen egin»
«Auzia izenaz haratago zihoan», hartu du gogoan Toledok. Bi urte haietan, ez zen futbol selekzioaren lagunarteko partidarik jokatu, eta eragile askok ESAIT jo zuten errudun. Iruditeria orokorrean eztabaida puntua selekzioaren izena zela gelditu zen. «Jokalariek nahi zutena babestu genuen. Auzia ez zen izena, izana baizik, egitura nazionala ematea, eta Jaurlaritzak eten zuen». Askasibarrek ondo ditu gogoan xehetasunak. «2008an aurkaria hautatua zegoen —Iran—. Partida jokatu baino bi aste lehenago jokalariak Iñaki Dobaran federazioko presidentearekin biltzekoak ziren. Akordioa gertu zegoen, oso gertu, baina azken unean Kirol Zuzendaritzatik federazioko solaskideak aldatu zituzten. Euskadi behar zela esan zuten, eta jokalariek ez zuten onartu». Dobaran ez zen berriro aurkeztu.Partidarik ez egon arren ESAITek mobilizazioa antolatu zuen, eta jokalari asko agertu ziren aurrean. «Tamalez, atzean zegoena irudikatzeko kapazak ez ginen izan», gogoratu dute kideek. «Jokalarien nahia zen, eta, horregatik, ez ginen aurre-aurrean agertu. Ez genuen jendeak pentsatzerik ESAIT zela. Gertu ikusi genuen ofizialtasunaren aldeko pauso erabakigarria eman zitekeela, baina jokalariek presio handia jaso zuten. Euren erruz futbolen eskolentzako dirurik ezingo zela bildu-eta esaten zieten».
2010ean berriz ere jokatu zen lagunarteko partida. «Futbolariek jokatzea erabaki zuen, euren ustez ez jokatuta gutxi aurreratzen zelako. Euskal Selekzioa izena hartu zuen, baina beste eskaerak bigarren maila batean utzita. Jaurlaritza oso eroso dago horrela», aletu du Toledok. Askasibarrek, baina, baikor ere agertu da. «Guk 2001az geroztik esan dugu Gabonetako partiden dinamika amaituta zegoela. Orain, Jaurlaritzak onartu du, Jon Redondok berak, zertarako jokatu? Jaurlaritzak ESAITek aspaldian duen diskurtsoa hartu du».
AZKEN URTEAK ETA ETORKIZUNA
Aldarria mantenduko da
«ESAIT ez da desagertu ofizialtasunaren aldarriak behera egin duelako. Orain, ESAIT egotea hain beharrezko ikusten ez duelako baizik. Badaude bide batzuk hasiak, ekinbide berriak, eta orain horiek hartuko dute lekukoa. 1996an ez zegoen selekziorik, eta orain: sokatira, ur poloa...», azaldu du Toledok. Harro eta gustura esan du agur iritzi taldeak, mendi martxak eta mendi lasterketek, besteak beste, jarraituko dutela nabarmenduz. Bi kideek Euskal Herrian ekinbide berriak jaiotzen ikusi dituzte, eta, Askasibarren ustez, ESAITek «albo batera» egin du. «Ekinbide horiek ordenatzeko egin dezakeen gauzarik onena da. Lorpen handiak egin ditu, aktibo handia dago».Iragan abenduan euskal selekzioen aldeko beste ekinbide bat jaio zen: Jauzia. Biak bat datoz ESAITekin loturarik ez duela. Hala eta guztiz ere, etorkizunaz maila pertsonalean hitz egin dezakete bakarrik. Askasibar itxaropentsua da: «Etorkizuna idazteko dago, eta nahikoa boligrafo badago aurrerantzean ere selekzioaren historia idazteko. ESAITek, erakunde moduan, ez du parte hartzen, baina militantziak ez daude kontrajarriak. Nik segituko dut lanean, baina parte hartze pertsonal txikiagoarekin». Toledok, beteranoagoa, ez du hain garbi. «Ez dakit. Nik ez dut Jauzia ezagutzen, baina laguntza edo aholkua eskatzen badidate, emango diet. Baina EAJk eskatuko balit ere emango nioke, ofizialtasunaren alde dagoen edozein ekinbideri lagunduko nioke».