Juanjo Oroz. Kern Pharmako zuzendaria

«Ziklistek barrua kudeatzeko lana egin behar dute orain»

Kern Pharmak koronabirusaren krisiarekin egin du tupust taldearen profesionaletako lehen urtean, baina Oroz baikor da etorkizunari begira.

KERN PHARMA.
enaut agirrebengoa
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Kern Pharma taldeak etxean debuta izango zuen larunbat honetan, Miguel Indurain sarian. Baina egutegia hankaz gora jarri zaio koronabirusaren ondorioz, gainontzeko taldeei bezala. Hori horrela, kexak alboratu, eta egoerara egokitzeko beharra azpimarratu du Juanjo Oroz zuzendariak (Berriobeiti, Nafarroa, 1980).

Nola ari zarete alarma egoera bizitzen?

Kirol talde bat gara, eta gizarte baten barruan gaude. Ikusten dugu egoera berria dela denontzat, eta ondorio larriak ari dela izaten. Jarrerarik onenarekin egin nahi diogu aurre, baina errealistak izanik. Hau mugarri bat izango da gizartearentzat.

Kirol arloan, krisi honek zenbaterainoko kaltea eragingo dio Kern Pharma taldeari?

Inbertsio handia egin genuen World Tour mailako taldeen alboan lehiatzeko sasoi hasieran. Fruituak martxoan eta apirilean jasotzeko asmotan ginen. Gure mailarako proba aproposak genituen. Geure buruan sinesten genuen, Mallorcan, Valentzian, Andaluzian eta Bessegesen ondo aritu ostean. Baina, tira, kexatzeak ez du ezertarako balio orain. Egokitzea besterik ez dago.

Garai hauetan, kea aterako zaie txirrindularien arrabolei.

Egin genuen lehen gauza talde guztiari egoeraren berri ematea izan zen. Gertatzen ari denaz kontziente izan behar dugu. Hortik aurrera, ahalik eta ondoen ari gara moldatzen, eskura ditugun tresnekin. Sasoia ez ezik, gogoa ere landu behar dute ziklistek. Izan ere, funtsezkoa da orain barrua kudeatzen jakitea. Dagoeneko hirugarren astea dugu etxean, eta, lanketa hori egin ezean, baliteke arazoak etortzea.

Nafarroan zehar etapa birtualak egiteko aukera eskaini duzue, BKool plataformaren bidez. Ziklistek eskertuko dute.

Bai, aktibo segitzeko eta helburu batzuk izateko modu bat da. Horrek garrantzi handia du kirolarientzat. Grina hori ase beharra dute. Gainera, edonork har dezake parte etapetan. Parte hartu ahal izateko, ordenagailura bluetooth bidez konektatzen den arrabola bat behar da.

Modu horretan jokatuko duzue larunbat honetan Miguel Indurain saria. Proba berezia zen zuentzat, ezta?

Bai. Taldearen aurkezpen ofiziala izan behar zuen, etxean eta gure zaleen aurrean. Amets egiten nuen egun horrekin. Baina, orain, alferrik da horretan pentsatzea. Jada irrikaz gaude datorren urtean Lizarrako plazan izateko.

Profesional mailara igo berritan suertatu zaizue hau. Aldatu beharrean zarete luzerako eta ez hain luzerako zenuten plana?

Sekula ez zait gustatu oso luzerako halako plan estrategikoak egitea. Guk bost urterako gidoia daukagu, baina energia guztiak egunez egunekora bideratzen ditugu. Orain, egoera berezi honetara egokitzea da gakoa, ahalik eta etorkizunik onena izateko. Ez dakit zer etorriko den hemendik aurrera, baina badakit prest egongo garela horri aurre egiteko.

Lehen aipatu duzu: geldialdiaren aurretik, ondo ibili zineten. Espero baino hobeto?

Errepidean gure lan egiteko moduaren zigilua uztea zen helburua, eta lortu dugu. Amateur mailan Lizartek egiten zuenaren eta oraindik ere egiten duenaren jarraipena gara. Umiltasunez aritu gara, koska bat igo dugulako, baina gure tokia egiteko asmo irmoaz. Ekimena izan behar genuenean, ez dugu zalantzarik izan. Ziur nago zeresana emango dugula lehiara itzultzean.

Hamalau ziklistako multzoa duzue, eta gehienak hasiberriak dira profesionaletan. Presioa kentzen dizue horrek?

Ez. Inkonformistak gara, eta asko exijitzen diogu gure buruari; ahal bezainbeste. Pentsamolde bera dugu Manolo Azkona managerrak eta biok: sekula ez gaude erabat gustura lortzen dugunarekin. Prozesuaz gozatzen dugu, bai, noski. Baina, urrats bat egitean, beti gaude hurrengoari begira.

Zergatik egin zenuten Kontinental mailarako saltoa?

23 urtez azpiko ziklistei bidea urratzen laguntzeko. Formakuntza lanean ikaragarri gozatzen da, baina badu bere alde gogorra, pausoa ematea merezi duten ziklistak nahi eta ezinean ikusten dituzunean. Sufritu egiten da oparoak izan daitezkeen ibilbideak ezerezean gelditzen direnean.

Movistarren harrobi gisa aritu da Lizarte hainbat urtez. Harreman hori zertan gelditu da?

Garbi dago Lizarte orain Kern Pharmaren harrobiko taldea dela. Baina Movistarrekin dugun harremanak paregabea izaten jarraituko du. Onena opa diogu. Guk, ordea, gure bidea urratu nahi dugu orain. Erakutsi nahi dugu posible dela etxeko ziklistekin mailarik gorenera iristea.

ProTeam maila duzue begiz jota. Bertan, Caja Rural eta Euskaltel-Euskadi daude dagoeneko. Badago tokia denentzat?

Zalantza izpirik gabe. Inguruko taldeei ondo badoakie, seinale ona izango da guretzat. Denok hazten bagara, horrek hazkunde are handiagoa ekarriko du. Gu hona gure ekarpena egitera gatoz. Distira egin nahi dugu, baina inor itzalpean utzi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.