Euskal Herriko Itzulia. Josean Fernandez, 'Matxin'. UAE taldeko kirol zuzendaria

«Ziklista batzuk umetatik dira txapeldun; Pogacar horietako bat da»

Josean Fernandez 'Matxin'-ek 25 urte daramatza bolanteari helduta, eta oraindik ere zirrara sortzen dio Euskal Herriko Itzulian lehiatzeak: «Hemen txirrindulariak sumatu egiten du errespetatua dela».

JOSEAN FERNANDEZ ' MATXIN'.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Kargu berria du Josean Fernandez Matxin-ek (Basauri, Bizkaia, 1970) UAE taldean: kirol zuzendaria da. «Ni ez naiz bulego zuzendaria; nik nire lana errepidean egiten dut». Esan eta egin; aurten Argentinan, Kolonbian, Arabiar Emirerri Batuetan, Flandrian eta Katalunian egon da. 230 bat egun egingo ditu etxetik kanpo. Hori bai, hurrengo urtean lasaiago ibiltzea espero du.

Etxetik kanpo 230 egun pasatzen dituen norbaitentzat, Itzuliko astea ia plazera izango da.

Lana da, baina, niretzat, Itzulian lehiatzea etxean egotea da. Ume nintzenetik Itzulia zen gure ispilua. Niri ilusioa pizten dit urtero: egon, sentitu, lehiatu... Umetatik Itzulia eta Athletic izan dira zirrara piztu diguten gauzak. Athleticzale sutsua naiz.

Euskal txirrindularientzat Itzulia ezberdina da. Eta zure gisako eskarmentudun zuzendarientzat?

Bai, ezberdina da. Nik ere sentitu izan dut jendearen beroa, eta zuzendaria naiz. Jendea agurtzera etortzen zait. Itzuliak duen onena txirrindularitzarekiko errespetua da, eta ez bakarrik aurrenekoarekiko; tropeleko azkenak ere nabaritzen du. Beste proba batzuetan, azkenak traba egiten duela sentitzen du ia. Ziklistek, guztiek, zaleen maitasuna sentitzen dute Itzulian. Niri asko lagundu didate, une txarretan bereziki.

Kanpokoek ere sumatzen dute?

Zalantzarik gabe. Beteranoek berek gazteei esaten diete mahaian: «Ikusiko duzu nola hemen animoak jasoko dituzun». Gazteengan irrika sortzen du hori ezagutu nahi izateak.

Henao, Dan Martin... Talde indartsua ekarri duzue Itzulira.

Eta Ulissi, Pogacar... Niri Itzulira talde indartsua ekartzea gustatzen zait. Itzulia zorretan da Henaorekin [bi aldiz izan da bigarren, eta behin hirugarren], eta bera ere zorretan dago Itzuliarekin. Lasterketa garrantzitsua da, eta ziur nago ondo arituko garela.

Pogacar gaztea ekarri duzu, 20 urterekin. Itxura ona du.

Betidanik egin izan dut gazteen aldeko apustua, eta berdin jarraituko du talde honetan. Pogacar, Tillessen... Badaude batzuk umetatik txapeldunak direnak. Pogacar da horietako bat.

Aurten ondo hasi zarete. Hamabi garaipen lortu dituzue. Horrek lasaitasuna emango du, ezta?

Ez dakizu ondo zenbat! Lasaitasuna eta sinesgarritasuna ematen dizu. Hau egitasmo gaztea da, eta emaitzek sendotzen laguntzen dute. Ea Itzulia gehitzen diogun.

Iaz, urte zaila bizi zenuten. Izan ere, Tourreko bi garaipenak lortu arte, uzta oso txikia zen.

Bai, urte zaila izan zen. Ez genituen hainbeste garaipen lortu, bainakalitatekoak izan ziren. Tourreko garaipenek asko atontzen dute urtea, baina segida falta izan zen. Aurten, ezberdin hasi gara, eta lasterketa guztietan izan gara lehiakorrak; horrek lasaitasuna ematen dizu. Maila ona bada, garaipenak gertu egongo dira.

Zer eskatzen du zuenaren moduko babesle batek?

Gauza bat da eskatzen dena, eta beste bat lor daitekeena. Zer nahi duen babesleak? Garaipenak. Hori argi dago: hori eskatzen ez duena ez dago lehiaren munduan. Guk azaldu diegu hau prozesu bat dela, eta arrakasta handiak lortzea askotan bizpahiru urteko prozesu baten ondorio dela. Prozesu hori ahalik eta motzena izan dadin saiatuko gara, munduko talderik onenetako bat izateko.

Quick Stepen zeundenean, Fernando Gaviriaren alde apustu egin, eta asmatu egin zenuen. Orain, zurekin dago berriz.

Gaviriaren zikloa nirearekin batera osatu da. Ziklista batzuekin lotura estuagoa duzu, eta Fernandorekin eta Patrick Lefevrerekin dudan adiskidetasunari esker gertatu da hori.

Jada jakina da zein gaitz duen Fabiro Aruk: arazoa omen zuen hankako odol zirkulazioan. Zer esan dizu berak?

Zer gertatzen zen jakin ondoren, lasaiago dago. Ahalegin betean hanka bat eta bestea alderatuta, odol jarioa %50ekoa zen, ia-ia erdia. 30 minutu arituta, oker zabiltza, eta hiru ordu arituta, are okerrago. Hori aztertua zegoen, baina gauza hauek askotan geldian aztertzen dira; noiz aztertzen dira mugako ahalegin batean? Ospitaleetan ez dago hori neurtzeko makinarik. Kostatu zaigu, eta iritsi gara. Ea konponbideak fruitua ematen duen.

Nola kudeatzen da hainbeste izar dituen talde bat?

Oso erraz. Hemen, taldea banakotasunen aurretik dago. Gehitzeko prest dagoenak jarraitu egingo du, eta galga egiten duena joan egingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.