Ziklismoa arte bihurtzen du

Pogacarrek bikain hasi du sasoia, irabaziz eta zaleak gozaraziz. Maisulanak egiten ditu doan tokira doala, eta, Paris-Nizan oso nagusi izan ondotik, iazko Tourrean galdutako agintea berreskuratzen hasia da. Monumentuak ere liluragarriak zaizkio, eta Milan-Sanremo irabazten saiatuko da gaur.

Tadej Pogacar erreberentzia egiten, Paris-Niza irabazi ostean. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Ikuskizunari emana dabil beti Tadej Pogacar (Komenda, Eslovenia, 1998). Lehiatzen den aldiro erreberentzia egiten dio erasoko txirrindularitzari, estilo bipil eta suharrez. Ez da bakarrik zenbat irabazten duen, baizik non eta nola. Frantziako Tourra du jomuga, baina, saio nagusiaren aurretik, erakustaldiak egiten ari da bata bestearen atzetik. Modu ikusgarrian irabazi zuen Jaengo klasikoa, eta Andaluziako itzulian eta Paris-Nizan ere bere zigilua ipini zuen. Guztira bederatzi garaipen lortu ditu lehen hamahiru lasterketa egunetan, nagusitasuna, grina eta dotorezia uztartuz. Bizikleta gaineko artelanak izan dira.

Apartekoa dena ohiko bilakatu du Pogacarrek. Horregatik, esloveniarraren sasoi hasierak ez du ezustean harrapatu Joseba Beloki. Txirrindulari ohiari «normalak» begitandu zaizkio orain arteko «erakustaldiak». «Kontuan hartu behar dugu noren inguruan ari garen hitz egiten. Lasterketa guztien bila joaten da, eta, momentu batzuetan gogor jo duen arren, erakustaldi horiek nahiko neurtuta egon direla iruditzen zait».

Asko mugitu zen Paris-Nizan. Esparru guztietan egin zuen distira: indartsuena izan zen mendateetan, saiatuena gainsarien peskizan, eta tinko eutsi zion taldekako erlojupekoan. Iazko Tourreko arantza oraindik sartua duela nabari zaio, Belokiren aburuz. «Uste dut oraindik minduta dagoela joan den uztailean gertatu zenarekin. Jumbok irabazi zuen Tourra, baina Pogacarrek galdu zuela ere esan daiteke. Hutsegite batzuk izan zituen jokabide aldetik, eta bere kalterako izan ziren. Errebantxa gogoa du».

Bada, Paris-Nizan kolpe handia eman zuen mahaian, aise menderatu baitzuen haren nemesia, Jonas Vingegaard. 1.39 atera zion sailkapen nagusian, eta, hortik harago, askoz ere pedal kolpe biziagoa sumatu zitzaion. Ez zen ustekabea izan Belokirentzat. «Espero nuen bien artean halako aldea egotea. Vingegaardek nahiko lasai hartu du sasoiaren prestakuntza, eta ez zuen hainbesteko nagusitasunik izan Galizian. Nortasuna ere aintzat hartu behar da: Pogacar topera lehiatzen da beti». Esloveniarrak ez du gupidarik izan. «Irabazte hutsa ez zen aski. Denok normaltzat joko genuen biak batera iritsi eta esprintean Pogacarrek irabaztea. Baina Vingegaard jota lurrean uztea izan da haren lana».

Halere, Tourra beste hariko ezpala izango dela uste du Belokik. «Paris-Nizan edo Dauphinen ikaragarri ibiltzeak ez du esan nahi Tourrean hala gertatuko denik. Pogacar beti dago gosez; Jumboren filosofia, ordea, azken produktuaren bila joatea da: pixkanaka doaz, eta badakite zer egin Tourrera ondo iristeko».

Talde sendoagoa du aurten Pogacarrek, besteak beste Tim Wellens eta Adam Yatesen fitxaketei esker. Oharpena egin du, ordea, Belokik. «Ez da bakarrik ziklista onak edukitzea, baizik eta antolakuntza eta kudeaketa aldetik ere asmatzea. Engranajerik ez badago lasterketan, alferrik da. Iaz ere oso talde ona zuen Pogacarrek, baina Granonen bakarrik gelditu zen». Egun hartan, Primoz Roglic (Jumbo-Visma) izan zen Pogacarren leherketaren erantzuleetako bat. Hark ere ikusgarri hasi du sasoia, Tirrenon hiru etapa eta sailkapen nagusia irabazita, baina, printzipioz, ez da Tourrean ariko. «Nik ez nuke eramango. Zorte txarra izaten du eroriko eta lesioekin, eta, buru gisa ez bada, ez du joan nahiko».

Erronka monumentala

Tourra da Pogacarren helburu nagusia, baina ez bakarra. Monumentu guztiak irabazteko aukera ere esku artean darabil. «Erronka horrek bere burua lasaitzen eta lehiatzeko gosea asetzen lagunduko dio», esan du Belokik. Oraingoz, bi irabazi ditu: Lieja-Bastogne-Lieja eta Lombardiako Giroa birritan. Milan-Sanremo ere garaipenen zakuan sartzen saiatuko da gaur. Dohainei dagokienez, irabazteko kapaz ikusten du Belokik, baina zalantzak ere baditu. «Nire galdera hau da: 'Arriskatuko du Poggiora aurrean iristeko?' Sekulako lehia izaten da kokapenaren borrokan, eta, arriskurik hartzen ez badu, gero larri ibiliko da atzetik aurrera egiteko».

Alabaina, halako batean Poggion erasoa jo eta jaitsierara bakarrik iristen bada, hura harrapatzen komeriak izango dituzte aurkariek. «Jaisten oso teknika ona du, eta hautagaien multzoan zalantzak sortzen dira azpiko zuzengunean. Honi hiru segundo ematen badizkiozu, akabo». Hortaz, kate motzean lotu beharko dute, besteak beste, Wout Van Aertek, Mathieu van der Poelek eta Julian Alaphilippek. Iazko irabazlea ere, Matej Mohoric, hautagai nagusien artean da, Biniam Girmay eta Mads Pedersenekin batera. Tom Pidcock, berriz, ez da lehiatuko, Tirrenon erori eta garuneko kommozioa izan ostean.

Hiru euskal herritarrek hartuko dute parte: Alex Aranburu, Oier Lazkano eta Pello Bilbao. Lasterketa aproposa da Aranbururentzat; zazpigarren izan zen 2020an eta 2021ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.