Ziganda: «Nahi ditudan jokalari guztiak ditut oraintxe taldean»

Denboraldi berriari ekin dio Athleticek. «Kalitatezko» lan saioak egin nahi ditu entrenatzaileak, Europa Ligako lehen partida prestatzeko

Athletic denboraldiko lehen lan saioa egiten, atzo, Lezaman. MIGUEL TOÑA/ EFE.
Mikel O. Iribar.
2017ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Atseden hartu eta gero,hasi dira lanean Athleticeko jokalariak. Atzo egin zuten, Lezaman, Jose Anjel Ziganda Kuko-ren aginduetara. Jokalariak hasteko gogoz eta ilusioz daudela azpimarratu zuen Athleticeko entrenatzaile berriak. Zigandak behin eta berriz nabarmendu zuen nahi dituen jokalari guztiak dituela bere aginduetara: «Nire esanetara dauden jokalariekin aurrez aurre egon nahi dut, eta ezagutu egin nahi ditut». Beraz, taldeak udan ez du jokalaririk fitxatuko, oraingoz.

Zigandak azaldu zuen Europa Ligako kanporaketako partida oraindik urruti dagoenez entrenamenduetan jarri behar dutela arreta. «Kalitatezko» lan saioak egin nahi dituzte,eta lanerako dituzten egun guztiak aprobetxatu. «Egunez egun joango gara, daukagun denborari probetxua ateratzeko».

Denboraldi-aurrerako 27 jokalarirekin osatu du lehen taldea Zigandak, eta horietatik hiru bigarren taldetik igo ditu: Asier Villalibre, Iñigo Cordoba eta Unai Nuñez. Athleticeko entrenatzaileak azaldu zuen bi arrazoiengatik igo dituela: beharrarengatik eta duten «bizitasunagatik».Denboraldi-aurrean jokalariak gogotsu eta ardurarekin ikusi nahi ditu, Athletic «indartsu» eta «lehiakor» bat ikusi nahi duelako datorren sasoian, helburuak betetzeko.

Athleticeko entrenatzaileak azpimarratu zuen taldeak baduela nahiko gaitasun ondo jokatzeko. Bere helburua bilakaera horri jarraipena ematea izango da, eta, ahal den neurrian, hobetzea.

Denboraldi-aurrerako iaz utzita joan ziren jokalariak berreskuratu ditu Athleticek: Ager Aketxe, Mikel Vesga, Iago Herrerin, Unai Lopez, Asier Villalibre eta Kike Sola. Zigandak behin eta berriz esan zuen jokalariek entrenamenduetan eta lagunarteko partidetan %100 eman beharko dutela lehen taldean jokatu ahal izateko.

Atezainen inguruan ere mintzatu zen. Hiru izango ditu bere aginduetara: Kepa Arrizabalaga, Iago Herrerin eta Alex Remiro.Zigandak ez zuen baztertu bateren bat lehen taldetik kanpo geratzea. Hala ere, prentsaurrekoan esan zuen hedabideen aurrean jakinarazi baino lehenago nahiago duela atezainekin hitz egin. Berak baitu azken hitza. Horretarako, jokalari guztiek «dena» erakutsi beharko dute lehen taldean egon nahi badute.

Bestalde, fitxaketak hizpide izan zituen. Alex Berenguer eta Mikel Merino ekartzearen inguruan galdetu zioten: «Ez dut ezer esango, jokalari horiei eta haien taldeei zor diegun errespetuarengatik». Malin jaiotako Youssouf Diarraren fitxaketaz, ordea, argi mintzatu zen: «Baldin badator, gure filosofiarekin bat datorrelako da»

Elastiko berriak, prest

Talde zuri-gorriak atzo aurkeztu zituen datorren denboraldirako elastiko berriak. New Balance arropa etxeak egin ditu. Lehen elastikoa aurreko denboraldietakoa bezalakoa izango da. Bigarrena, urdina, erdialdean marra zuri batekin, eta, hirugarrena, guztiz beltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.