Egun osoko lana da. «Ni hogeita lau orduz naiz harri-jasotzaile. Nire ogibide eta pasioa da, eta, markak ezarri nahi badituzu, hala bizi behar duzu». Iñaxio Perurenaren (Leitza, Nafarroa, 1984) buruak ez du itzaltzeko botoirik. «Baina hori ez da berria. Etxeko kortan, goiko solairura igotzeko, eskailera bat dugu, eta umetan beso bakarrarekin helduz igotzen nintzen, altxaldiaren antzeko keinu bat egiten nuelako». 30 urte geroago, Perurenak berdin jarraitzen du: egunero, buruan, ehunka aldiz errepikatzen du etortzear dagoen altxaldia. Hogeita lau orduz eta zazpi egunez da harri-jasotzailea, eta bere jardunak helburu zehatza du orain: 310 kiloko harria altxatzea.
Perurena oso atsegina da, eta xehetasuna zaintzea gustuko du. 310eko harria ekarri du furgonetan argazkietarako. «Niri harriak garbi eta dotore izatea gustatzen zait. Ondo margotuta, eta zenbakiak ondo ikus daitezela». Handik jaitsi eta kargatzea erritual bat da. Bakar-bakarrik egiten du, gurditxoarekin, eta ez du gustuko inork harria ukitzerik. «Astuna da, baina hauskorra, ez da askorik behar ertz batean koska egiteko, eta hori guztia nabaritu egiten da altxaldian». Harritzarra entrenamendu toki duen garajetik atera duen lehen aldietakoa da, 2016an ahalegina egin ezinik gelditu zelako. Baina aurki saiatuko da berriz.
2016ko apirilean, Perurenak 308 kiloko harria altxatu zuen, eta urrian, 240koa, esku batez. Puntu-puntuan zegoen beste pauso bat eman eta neguan 310ekoa altxatzeko prestatzeko. Prestaketa ona izan zen, eta saiakera iazko apirilerako lotu zuen, baina, onenean zegoenean gerriko mina hasi, eta bertan behera utzi behar izan zuen marka ahalegina. 2016ko bolada gozoaren ondoren, 2017an zorteak bizkarra eman zion. Hurrengo negura arte itxaron behar izan zuen: berriz ere entrenamendu errutina gogorra. «Aurten, pixka bat beranduago hasi naiz, belauneko arazo batzuengatik, baina ondo noa, bilakaera ona da», zehaztu du. Udan erabili izan du 270 kiloko harria, eta urri amaiera aldera hasi zen gorakako bidean.
Perurenak entrenamendu errutina gogorra du, lanarekin uztartu beharrekoa. Abeltzaina da, eta astero abelburu bat eramaten du gutxienez hiltegira. Goizean goiz eta arratsalde-gau partean egiten ditu kortako lanak, eta entrenamenduak alaba eskolara eman ondoren hasten ditu. Astelehen, astearte eta asteazkenean pisu lan gogorrena egiten du. Horiek dira egunik latzenak. Ostegun eta ostiralean luzamendu eta gorputz ariketak egiten ditu, «aste hasieran eginiko lana barneratzeko». Deigarria da Perurena makurtzen ikustea: malgua da, lurra ukitzen du eskumuturrekin.
Eta larunbatean, harriaren txanda da, bere egun gozo eta gaziekin. «Prozesuko egunik onena 300 kilokoa lehenbizikoz altxatzen duzunekoa da, ia plazako altxaldia adina. Aurten, lehen saiakeran, lurretik altxatu ere ez nuen egin. Ahalegin baten ondorio da, zifra psikologiko bat. 'Heldu naiz', berriz marka handiak egiteko moduan ikusten duzu zeure burua».
Laguntzarekin ari da entrenatzen. Perurenak bere ibilbidean asko izan du autodidaktaz, beti aitaren ezagutzak ezarritako oinarriarekin. Beti jarri izan du arreta beste indar kirolariekin: galdetuz, prestaketa moduak aztertuz... Orain, baina, Alejandro Fernandez prestatzailearen laguntzarekin ari da. Fernandez ohikoa da sanferminetan, Iruñean egiten diren herri kirol erakustaldietan —orga jokoan aritzen da—, eta Fernandez bera jarri zen harremanetan Perurenarekin. «Eskertu egiten da plangintza beste batek egitea, buruhauste gutxiago niretzat. Asko ikasten ari naiz, esaterako, errotulako zurdako luzamenduak egiteko ariketa mota asko daudela jakin dut».
Ez da entrenamenduetako kopuruak esan zalea. «Zertarako balio du esateak ez dakit zenbat kilo altxatu ditudala? Edota zenbatekin egiten ditudan serieak? Gero plazan ez badut harria altxatzen? Harri-jasotzaileak plazan eman behar du bere ahalaren berri». Perurena sentsazioen arabera mugitzen da, eta horregatik ez du oraindik data finkorik 310eko saiakera egiteko. Haren lan egiteko modua etxean harria ondo dominatua edukitzea da, eta orduan jartzen du data, hamabost egunera. Aurten, martxo aldera izan daiteke, baina eskaeraren bat ere gustura entzungo luke, norbaitek marka ahaleginaren jaialdia antolatu nahiko balu. Perurenak udan erakustaldiekin diru pixka bat irabazten du, baina pisu handien prestaketa defizitarioa da; ez dago inolako diru irabazirik, «emozioengatik egiten dut».
Eskaintzarik jaso ezean, aurreko marketako ereduari jarraituko dio, «jende aurreko entrenamendua, Leitzan». 305 eta 308 kiloko harriak herrikideen aurrean altxatu zituen, sarrerarik gabe, eta borondatearen truke, «epaileei eta dopin proba ordaintzeko». Izan ere, ezaguna da urduria dela. 300 kiloak altxatzea kosta egin zitzaion, eta langa hori pasatuta lasaituko zela zirudien, baina ez da halakorik gertatu. «Nire aita, Mieltxo Saralegi bera... Denok gara urduriak; ez dira gozoak plazara irteteko unea eta data jarri osteko egunak». Apurka, dena den, ari da horri aurre egiteko moduan ikasten, eta orain beste proba bat egingo du. «Prestatzaileak Iruñean duen gimnasioan egingo dut azken proba. Harria hara eraman, deskargatu... Altxaldiko sentsazio berak errepikatzen saiatuko naiz, ea zerbaiterako balio duen».
[youtube]https://youtu.be/WHDqgZwHF1k[/youtube]
Zifraren atzean
Iñaxio Perurena 310 kiloko harria altxatzeko prestatzen ari da. Iaz, arazo fisikoek ez zioten utzi marka hobetzen saiatzen, eta, aurten, bide onetik doa. Bideoa albistearen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu