Eusko Label liga

Zierbenak Urdaibairen nagusitasuna amaiarazi du

Galipoek irabazi dute Bilboko erlojuaren aurkako estropada. Segundo baten baino gutxiagoren aldea atera dio Urdaibairi. Orio izan da hirugarren, eta Hondarribia laugarren.

Zierbena garaipena ospatzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Zierbena garaipena ospatzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko uztailaren 13a
20:05
Entzun

Bost jardunaldi behar izan dira Urdaibai ez den beste traineru baten garaipenerako, baina iritsi da hori ere. Zierbenak amaiarazi du Urdaibairen nagusitasuna, segundo baten aldea baino gutxiagorengatik. Parean egin dute estropada guztia, baina azken metroetan lortu dute garaipena Galipoek. Orio izan da hirugarren, eta Hondarribia laugarren. Eguneko beste garailea Kaiku izan da. Bigarren txandako taldeek sufritu egin dute haize boladekin eta Kaikuk, lehen txandan aritu den taldeak, ederki probestu du: seigarren amaitu dute estropada. Hortaz, dezente aldendu dira azken postuetatik.

Aurreneko txanda oso lehiatua izan da, eta Kaiku nagusitu da bertan. Lehen ziabogan bertan Kaiku izan da lehen txandako ontzirik azkarrena, eta postu horretan bertan izan da estropada guztia. Bizkaitarrak ondo aprobetxatu du korrontea, eta nagusi izan da. Egia da hirugarren luzean arazo bat ere izan dutela. Izan ere, alde egin dio arraun motzak aurrekalariari, eta nahi baino istriborrerago atera da ziabogatik. Zazpi segundoren aldea zeukaten une horretan bigarrenarekiko, eta bizpahiru segundo jan dizkiote orduan. Hala ere, fin ibili dira azken luzean, eta ez dute arazorik izan lehen postuari eusteko.

Lehia bizia Cabok eta San Pedrok izan dute, txandako bigarren postua eskuratzeko. Segundo bat gorabehera aritu dira estropada guztian, eta, azkenean, galiziarrak azkarragoak izan dira. Bestela, Bueu izan da azkena, beste behin. Lehen lau estropadetan nabarmen ikusi da Eusko Label ligan aritzeko talde apala dela, eta gaur ere urruti izan ditu aurkariak, une oro. 

Bigarren txandan parekotasuna izan da nagusi, orain arte bezalaxe. Donostiarra izan da txandako azkarrena, hasiera-hasieratik estropadaren burua hartu ostean. Lan erdietarako sei segundoren aldea lortu du Torrekua ontziak, eta sendo jarraitu dute lanean, bihar ohorezko txandan egoteko helburuaren atzetik. Hala ere, ez dute hori lortu Igor Makazagarenek.

Gainerako hiru ontzien arteko lana oso parekatua izan da. Ez hiru horien artekoa soilik; Kaikuren estropada onak lehia horretan sartu baititu Jon Elortegirenak. Korrontea gora egiten ari zela tarteko, joanekoan segundoak galdu dituzte Isuntzak, Getariak eta Ondarroak, eta hori Kaikuren mesedetan zen. Baina itzulerakoan errekuperatzeko tartea zeukaten beste hirurek. Lan erdietan hirurak zeuden Kaikuren aurretik, baina haizea indartu egin da, eta sufritu egin dute. Azken ziabogan parean ziren bigarren txandako hiru ontziak eta baita Kaiku ere, eta azken luzean erabaki da dena. Bertan, Donostiarrak soilik hobetu du Kaikuren denbora. Getaria Kaikuren atzetik sailkatu da, eta haien atzetik Ondarroa eta Isuntza, hurrenez hurren. Emaitza hori San Pedroren kalterako izan da; lau punturen aldea zeukan Kaikuk pasaitarrekiko, eta beste bost lortu ditu gaur. Hortaz, bederatzira dago orain Kaiku, San Pedrorekiko.

Bandera, azken hatsean

Donostiarrarenak ziren ordura arteko erreferentzia guztiak, eta hori zen hobetu beharreko denbora. Bada, lau ontziek hobetu dute donostiarren denbora, aise. Taktika bera erabili dute denek ere; joanekoan estropada eremuaren erdialdea bilatu dute denek, baina itzulerakoan, berriz, istriborrera jo dute, eskuineko paretaren bila; batzuek gehiago, eta beste batzuek gutxiago. Hala ere, bi lehia desberdinetan banatu da txanda. Banderaren lehia bizkaitarren artekoa izan da, eta hirugarren postua lortzeko asmoz aritu behar izan dute bi gipuzkoarrek. 

Lehen hiru luzeak parean egin dituzte Zierbenak eta Urdaibaik. Segundo bat gorabehera aritu dira luze bakoitzean, baina hiru ziabogak parean amaitu dituzte. Azken luzean erabaki behar zen bandera nora joango zen, eta bazirudien Bermeora joango zela. Izan ere, hiru segundoren aldea lortu du une batean Iker Zabalaren eskifaiak. Baina, azkenerako, hiru segundoak jan dizkio Zierbenak azken metroetan. Erritmoa bizitzeko eta bizitzeko eskatu die Aitor Lazkano patroiak arraunlariei, eta bikain amaitu dute estropada. Segundo bat baino gutxiagorena izan da aldea, azkenean.

Beste lehian Orio nagusitu zaio Hondarribiari. Sasoi hasiera bikaina egiten ari da San Nikolas ontzia, eta gaur, aldea ere handitu du Donostiarrarekiko. Hondarribia, aldiz, lehen postura hurbildu ezinik dabil oraindik.

Ibaian, berriro ere

Sestaoko uretan jokatuko da seigarren jardunaldia, gaur. Atzokoan bezalaxe, ibaian arituko dira, baina oraingoan ez da erlojupeko saioa izango. Ohiko estropada eremua izango da, Portugaletetik aterata eta Santurtzin ziaboga eginda. 11:20an abiatuko da Euskotren ligako lehen txanda (ETB1). ETE ligako jardunaldia ere bertan jokatuko da, arratsaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.