Ibaian ez ezik, itsasoan ere irabazteko gai dela erakutsi du Zierbenak. Bilboko erlojupekoa irabazi ondoren, denboraldiko bigarren estropada irabazi du Zierbenak, Galiziako uretan. Ondo ematen zaie Galipoei eremu galiziarra; izan ere, hiru estropada irabazi zituzten han aurreko denboraldian, eta gaur laugarren aldiz irabazi dute bi urtean. Urdaibaik, garaipena ez ezik, bigarren postua ere galdu du. Donostiarrak estropada bikaina egin du bigarren txandan, eta bigarren denbora onena egin du. Bihar berriro ohorezko txandan arituko dira, Boiron (11:15, ETB1).
Eremu kuttuna du Zierbenak Galizia. Dani Perez entrenatzaile moañarrak ongi ezagutzen ditu hango urak, eta gaitasun berezia eman dio bere taldeari bertan garaipenak lortzeko. Ez da lehen aldia Urdaibairi koska egitea lortzen dutena, baina gaurkoan bi punturen aldea murriztea lortu dute; orain arte bien artean zeuden zazpietatik bostera pasatu dira. Txandako ezustea, berriz, Hondarribiak eman du. Apustu itzela egin du Mikel Orbañanosek ia eskifaia guztia aldatuta, baina aspaldiko emaitzarik txarrena lortu dute, hamargarren postuan geratuta. Beste txandakidea, Orio, orain arte erakutsi duen sendotasun berarekin aritu da, eta hirugarren izan da, 23 segundora.
Gaur ez da Urdaibairen eguna izan. Txanda hasieratik segundo bat atzerago aritu da, eta Zierbena eta Orio izan ditu aurretik lehen luzean. Lehen ziabogan denbora bera markatu dute Galipoek eta Mirotzek, eta segundo eskas atzerago zebilen Bou Bizkaia. Hondarribia, berriz, hasieratik aritu da atzean, belaunaldi berri baten aldeko apustua eginda. Bigarren luzerako hamabost segundoren aldea zuen Ama Guadalupekoak estropada buruarekin.
Hirugarren luzerako lehia sutsua zen bi oilarren artean. Gehienez segundo bat edo bi ateratzen zizkion Zierbenak Urdaibairi, eta Oriok oraindik eutsi egiten zuen bost segundora. Hala ere, oraindik bigarren txandan Donostiarrak egindako denbora zuten aurkari oilarrek, eta erreferentziek tarte oso txikiak jartzen zituzten lehen hiru ontzien artean. Zierbena estropada buruan mantendu da, eta Urdaibairi bi segundoren aldean gerturatzen besterik ez dio utzi amaierarako.
Azken luzean dena zegoen erabakitzeko. Garaipena Zierbenaren eta Urdaibairen artean, eta ikusteko zegoen Donostiarrak zer postutan bukatuko zuen. Azken luzean, ordea, Dani Perezen arraunlariek erasoa jo dute, eta, erritmo aldaketa bizi batekin, atzean utzi dute Urdaibai. Bost segundotik hamar segundora handitu dute aldea helmugan. Orio 23 segundora sartu da, eta bihar ohorezko txandan arituko da. Hondarribia 53 segundora heldu da, hamargarren denbora markatu du. Peio Lopez Zierbenako arraunlaria «poz pozik» agertu da kameren aurrean. Harrobiko arraunlariak adierazi du hasieratik «oso ondo» joan dela ontzia, eta garaipenaren bila joan direla. «Galiziako hainbat arraunlari ditugu taldean, eta jende asko etorri zaigu herritik. Hemen etxean bezala sentitzen gara. Estutu egin behar izan dugu azkenean, eta oso pozik gaude bigarren bandera lortu dugulako».
Donostiarra, bigarren
Ohorezko txandan Zierbenak ustekabea eman badu, oraindik ere handiagoa izan da Donostiarrarena bigarren txandan. Igor Makazagaren arraunlariek arantza kentzea lortu dute, eta berriro ohorezko txandan aritzeko eskubidea irabazi dute. Hori ez ezik, bigarren postua lortuta, zakua puntuz beteta daukate, sailkapenean Hondarribiarengana gerturatzeko. Txanda horretan ere Ondarroak distira egin du. Iñaki Errastiren arraunlariak izan dira Donostiarraren erritmo bizira gehien hurbildu direnak, eta bosgarren denborarik onena markatu dute. Hauek ere pozik, zortzi puntu eskuratu eta zazpigarren postura igo baitira.
Bigarren txandan ere, Cabo eta Getaria aritu dira nor baino nor gehiago. Bi ontziek lehen bi luze kaxkar egin dituzte, baina konpontzea lortu dute azken bi luzeetan denborak hobetzeko. Donostiarra oso urrun izan dute momentu oro, eta Ondarroak ere ihes egin die lehen luzetik. Hala ere, lehen txandako Kaikuren aurretik amaitu dute, baina ez dute lortu Isuntzaren denbora hobetzea. Getariaren eta Isuntzaren denboren artean hogei milisegundo besterik ez dira geratu, eta Cabo, aldiz, urrutiago, lau segundora.
Lehen txandan ere bi traineru gailendu dira nabarmen: Isuntza eta Kaiku. Bi traineru bizkaitarrak nabarmen azkarrago aritu dira, eta bien arteko lehia bihurtu dute lehen txanda. Osertz Aldairenak, ordea, Kaikuren akats bat baliatu dute ziabogaren ondoren aurrea hartzeko. Azken luzera arte parean aritu dira, baina Isuntzak traineru baten aldea ateratzea lortu du amaierarako. Ondoren, San Pedro iritsi da, Kaiku baino hamahiru segundo geroago. Azkenik, Bueu, San pedro baino 26 segundo atzerago.