Gizonezkoetan ere, aurtengo Kontxako Banderak baditu lehiakideak. Zierbena, Hondarribia, Orio, Urdaibai, Cabo, Getaria eta Ondarroa sailkatu dira sailkapen estropadan, eta igandean Donostiarrarekin batera ariko dira Kontxan. Espero zitekeen emaitza zen lehen seirena. Azken sailkatuarekin zalantza gehiago zeuden; Ondarroa izan da azkenean: 20:38,26ko denbora egin du Antiguako Amak, eta pozarren ziren arraunlariak eta jarraitzaileak estropada amaitu ostean.
Kanpoan geratu direnetatik lehena Isuntza izan da. Bi horien arteko lehia espero zen zazpigarren postuan, eta bizkaitarren arteko dema ondarroarrentzat izan da 1,89 segundorengatik. Osertz Aldaik esan du kanporako luzean denbora gehiegi galdu dutela agian, eta gero berreskuratu nahi izan duten arren, egindako lana ez dela nahikoa izan. «Eskura genuen, baina agian ez dugu asmatu», egin du autokritika nabarmen penatuta.
Ondarroako arraunlariak kaian, garaipena ospatzen. Andoni Canellada, Foku
Zierbena izan da azkarrena Donostiako badian eta 20:01eko denbora egin du. Hamabost segundora utzi du bigarren sailkatua, Hondarribia (+15,05) eta Orio (+15,79). Koska bat beranduago helmugaratu dira Urdaibai (+20,64), Cabo (+31,68), Getaria (+33,34) eta Ondarroa (36,38). Emakumezkoen sailkapen estropada atzo jokatu zen, eta Orio, Arraun Lagunak, Tolosaldea, Zumaia, Hondarribia, Hibaika eta Kaiku sailkatu ziren.