Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) asteon plazaratu du denboraldi-aurreko arraunlarien zerrenda. Bertan, San Miguel ligako hamabi klubek sasoiko behin-behineko aukeraketaren berri ematen dute. Aurten ere izan dira berrikuntzak taldeetan, eta mugimendua egon da fitxaketen gaian. Deigarriena, ziurrenik, Iñaki Errastirena izango da. Oriora itzuli da, hamar urteko ibilbidea bertatik kanpo osatu eta gero.
«Kaikun zazpigarren urtea betetzekotan nintzen, klubak eskaintza egin zidalako. Denbora hartu nuen pentsatzeko, eta tarte horretan, ezustean, klubak esan zidan ez zutela nire beharrik», hasi da kontatzen joan zen udazkeneko kontakizuna. «Gero, aukera batzuk izan nituen mahai gainean, eta egia esanda, askorik espero gabe, Orion bukatu dut azkenean», eman dio amaiera aurtengo taldea aukeratzeko azalpenari.
Orio. Etxetik hamar minutura autoz. Aginagatik bertan, alegia. Horra, besteak beste, klub historikoa aukeratu izanaren arrazoietako bat: «Astilleron, Arkoten eta Kaikuko lehen urtean, etxetik kanpo egon nintzen bizitzen, eta azkeneko bost urteak joan-etorrian eman ditut, autoan kilometro ugari eginez. Emaztea eta bi haurrekin egoteko denbora gehiago daukat orain».
Orio aukeratzeko beste arrazoi bat kirol irizpidea izan da, jakina: «Oso klub handia da, serioa, eta joan zen denboraldian ikusi zen oso ondo ibiltzeko gai dela. Ni ez naiz joaten entrenamenduetara udan bigarren izateko; irabazi nahi izaten dut, eta Orio aukera ona da horretarako», azaldu du ziurtasun handiz. Ikuspuntu hori klubaren kanpotik jaso zuen iaz, eta orain, barruan dela, berretsi baino ez du egin ustea: «Espero nuena aurkitu dut, eta oso pozik nago. Talde ona daukagu; gure artean ondo konpontzen gara, eta oso ondo ari gara baliatzen entrenamendu bakoitza».
Aldatu egin da Orioko kluba bera joan zenetik. Hamar urte ez dira gutxi: «Orduko taldetik Arkaitz Goñi bakarrik dago, eta gazte mailetan zeudenak ari dira orain goiko taldean: Josu Indo, Unai Etxeberria, Andoni Peña...». Instalazioak ere erabat dira berriak: «Luxua da horrelako lekua edukitzea entrenatzeko, eta ezin da aukera hau alferrik galdu». Aldaketak aldaketa, ikusi du lehengo lekuan segitzen duen zerbait: «Pantalana da aldatu ez den bakarra», kontatu du barre artean.
Harrobiko prestatzaile ere bai
Etxe ondora itzultzeko, joan egin behar lehendabizi, eta ondo gogoan dauka duela hamar urteko hura: «Orduan hasi zen arraunlarien mugimendua batetik bestera, eta nik kanpora joatea erabaki nuen. Gogoan dut orduko taldekide bati ez ziola grazia handirik egin, baina gerora, nire erabakia kritikatu zuten batzuek orduan esandakoaren kontrakoa egin zuten gero. Hala ere, umorez hartzen ditut halakoak. Hemen, azkenean, norberak egin behar du bere interesen alde; besteek ez dute egingo».
Jendearen esamesak urruti geratzen zaizkio, hortaz. Azken batean, Aginagan bizi da, eta berak dioen bezala, «hemen ez dago halako arraun girorik». Goizean lan egin, umeak eskolara eraman, eta arratsaldeetan, Oriora. Horra Errastiren egunerokoa, gutxi-asko. «Lehen autoan ematen nituen bi orduak orain etxekoei eskaintzeko aukera daukat. Larunbatetan, esaterako, jaiki eta neroni harritzen naiz etxetik azkar joan behar ez dudalako. Etxean elkarrekin gosaltzeko aukera dugu orain, eta ondoren joaten naiz entrenatzera. Eguerdirako, gainera, etxean izaten naiz». Aldaketa sakona egin du bizitzan.
Beste bat ere egitekotan izan zen, kluben batek entrenatzaile ere izateko aukera jarri baitzion mahai gainean, «baina ez zen gauzatu azkenean». Hala ere, Orion bertan dauka modua entrenatzaileen munduan barneratzeko: «Kadeteekin eta kimuekin nabil, ahal dudan neurrian erakusten. Oriok horretarako aukera eman zidan, eta gustura nago. Polita da nola hobetzen duten ikustea».
Umeak eskolan utzi berritan izan da solasaldi hau, eta Oriora joan aurreko denbora etxean pasatuko du, etxekoekin. Lehen, autoa zuen etxe, esate baterako. Orain, etxe ondoan da arraunean: «Nire bizitzan horrelako aldaketa bat behar nuen».
Ziabogarekin, etxe ondora
Iñaki Errasti Orion hasi zen arraunean, eta 2004an, Astillerora joatea erabaki zuen. Azken sei urteak Kaikun egin eta gero, Oriora itzuli da berriz , hamar urteko ibilbidea kanpoan osatu eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu