Iraupena: 48.08.
Pilotakadak. 213.
Sakez. Bengoetxea VI.ak 3 —eta bi falta—; Arretxe II.ak 4.
Markagailua. 0-1, 1-1, 1-6, 2-6, 2-7, 3-7, 3-8, 7-8, 7-9, 15-9, 15-10, 15-11, 16-11, 18-11, 18-12 eta 22-12.
Bestelakoak. Sarrera ederra Iruñeko Labrit pilotalekuan. Apustuak Bengoetxearen alde atera ziren.
Zezena itzali artean iraun zuen partidak. Ez da Iker Arretxeri Bengoetxea VI.aren aurka lau t'erdikoan gertatu zaion aurreneko aldia. Zezenaren pare atera izan da frontoira beste zenbait norgehiagokatan ere (Nafarroako txapelketan, esaterako), eta gauzak zail jarri izan dizkio partidaren lehen partean, lehen tantoetan. Ondoren, berak ezarritako erritmoak berak (arerioaren laguntzaz jakina) ito izan du, eta beherantz egin bigarren erdian. Iruñeko Labrit pilotalekuan atzo bildutakoak ez ziren harritu gertatutakoarekin. Aurrez ere ikusita baitzeuden han gertatua. Bihotz eta arima, erritmo frenetikoa ezarriz, sakeari eta lehen erremateari probetxu izugarria ateraz, 1-6 eta 3-8ren aldeaz aurreratu zen Arretxe lehen tantoetan. Hiru tanto egin zituen sakez, eta beste bi sake osteko errematea erabiliz. Bengoetxea, aldiz, urduri antzean hastapenetan, bi falta ere egin zituen sakez (bata laburregi, bestea luzeegi). Ez zen eroso sentitu, eta bere pilota saskitxoan utzita arerioarenarekin hasi zen jokatzen aukera izan zuenean. Harekin lortu zuen baretzea, eta pixkanaka partida bere alde jartzen hasi zen.
Hauspoa ederki berotu zuten biek ala biek partidaren lehen herenean. Handik aurrera Bengoetxea VI.a nagusitzen joan zen, apurka-apurka, geroz eta nabarmenago. Boteko jokoan Arretxek ez zion minik egiten. Ezkerra ondo maneiatzen du, baina gehiegitan erabili zuen, eta Bengoetxeari tantoa menderatzeko aukera ematen zion. Gainera, ezker eskua mindu egin zitzaiola adierazi zuen partidaren ostean. Gustura zen txapelketan egindako lanarekin, baina amorrua ere bazuen barnean: «Olaizolaren aurkako partida justu samar bukatu nuen, eta ezin izan dut barruan dudan guztia erakutsi. Horregatik, amorratua nago». Edonola ere, inor gutxik espero zuen Arretxe iritsi den lekura iritsiko zenik. Koska bat egin du gora orain artean banakako txapelketatan erakutsitako mailarekin alderatuz, eta harro egoteko moduko ibilbidea osatu du. Tenple gehiagoz jokatzea eta dituen baliabideei zuku gehiago ateratzea da hemendik aurrera eska dakiokeena, oraindik eta gorago egin nahi badu.
Kaiolako jokoan dagokion lekura iristea uste baino gehiago kostatu zaiona Oinatz Bengoetxea da. Nafarroako Txapelketan baino ez zuen lortu orain artean bere maila eman eta baita irabaztea ere. Atzoko garaipenarekin aurrenekoz igaro da finalerdietara. Dagokion lekura. Dohainez, eskarmentuz eta ibilbidez hura baitu lekua. Ez zuen harritzeko moduko jokorik egin atzo, baina egiten dakiena primeran bete zuen. Defentsan bizi eta ondo (pare bat pilota ia ezinezko eraman zituen), eta errematean gehiegi nabarmendu gabe ere, txukun. Fisikoz eta buruz garaitu zuen arerioa. Berasaluze VIII.a izango du arerio datorren asteburuan finalerdietan. Hura ere aurrenekoz iritsi da fase horretara, herenegun Beasainen Julen Retegiri partida irabazita (22-12). Ligaxkako hirurak irabazi ditu, eta partida zirraragarria aurreikus liteke. «Oso polita izango da; Berasaluze artista bat da, eta oso pilotari arriskutsua da», esan zuen Bengoetxea VI.ak atzokoa amaitu ostean.
Bihar Eibarko Astelehena pilotalekuan Abel Barriola eta Juan Martinez de Irujo lehiatuko dira. Irabazleak Olaizola II.a izango du zain beste finalerdian.
Bengoetxea VI.a 22. Arretxe II.a 12
Zezenak iraun artean
Bengoetxea VI.a aurrenekoz ariko da finalerdietan lau t'erdian, Arretxe suhar bat gaindituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu