Denboraldi honetan ia dena txarra da Athleticentzat: izarrek bizkarra eman diote taldeari; Espainiako Kopan eta Europako Ligan kale egin du taldeak; zuri-gorrien jokoa txarra da; jokalarien profesionaltasuna ezbaian jarri duten gertaerak egon dira; batzuen ustez, komunikabideok ere ez dugu lagundu taldearen bidea zuzentzen… Ez da giro familia zuri-gorrian. Ia dena da ezkorra. Baina den-dena ez, zorionez. Tarteka, albiste onen bat edo beste egoten da Athleticen. Aymeric Laporteren agerraldia da ilusioa berreskuratzen lagundu dezakeen albisteetako bat. Hemezortzi urteko erdiko atzelariak indar handiz eman ditu lehen urratsak Athleticen. Azkar eta ondo ari da pausoak ematen.
Bigarren taldean zortzi partida jokatzea nahikoa izan du Marcelo Bielsak lehen aukera eskaintzeko. Halaber, lehen taldean lau agerraldi nahikoa izan dira klubak kate motzean lotzeko. Laburbilduz, hamabi partidatan Hirugarren Mailatik eliterako bidea egin du. Laporte ez da bigarren taldera itzuliko. Ezin du. Kontratu berriak dio lehen taldeko futbolaria dela. Gutxienez hiru sasoi izango ditu bere alde egin duten apustuak merezi izan duela erakusteko. Beste talderen batek fitxatzeko interesa agertuz gero, hemezortzi milioi euro jarri beharko ditu mahaia gainean. Beraz, neurri gabe hazten ez bada, behintzat, ondo lotuta dago. Eta gehiago merezi duela erakusten baldin badu, bere ordezkariek badakite zein den Ibaiganerako bidea. Josu Urrutia presidenteak aspalditxoan ez dauka lan faltarik. Lagun asko ari da hango atea jo eta jo.
Baina zergatik hartu du Athleticek Laporte kate motzean lotzeko erabakia ia ezer erakutsi ez badu? Eman beharreko pausoa zela uste dute klubean. «Harrobiko jokalari guztiekin daukagu aukera talde nagusira pasatzeko. Klubeko kirol zuzendariek zein lehen taldeko teknikariek uste dute Laportek gaitasuna daukala nagusiekin aritzeko. Hartu dugun erabakia klubaren filosofiarekin lotuta dago», adierazi zuen Urrutiak herenegungo prentsa agerraldian. Kirol arloa aintzat hartuz gero, bistan dabere adinarekin gutxik erakusten duten dohainak dituela atzelariak. Goi mailako erdiko atzelari bati eskatzen zaizkion bertute guztiak pilatzen ditu Agenen jaio eta Baionan hazitako mutil gazteak. Horregatik da, besteak beste, 19 urtez azpiko Frantziako selekzioko kapitaina. «Teknikoki dohatsua, ezker finekoa, oldarkorra eta lotsagabea da. Mallorcan sendo eta indartsu ikusi nuen. Motzean zein luze jokatzeko erraztasuna duela erakutsi zuen. Orain arte ez nuen ezagutzen, bainadenbora gutxi behar izan du erakusteko gai dela gauza asko egiteko. Futbolari ona izango da», esan dio BERRIAri Andoni Goikoetxeak, Athleticeko jokalari izandakoak.
Azken Athletic txapelduneko izar nagusietako bat bada norbait harribitxi gazteari buruz iritzia emateko. Laporteren antzera, erdiko atzelaria eta ezkerra izan zen hura ere. Beraz, duela hiru hamarkada egun Laporteri eskatzen zaion lan beretsua egiteko ardura izan zuen. Nola egin, gainera! Oraingoz, pazientzia izateko eskatu die Goikoetxeak zaleei. Jokalariari, berriz, hartu duen trena aprobetxatzeko. «Hasiberria da, eta asko dauka ikasteko. Egun, belaki bat da, eta esaten dioten dena barneratzen du. Baina hemendik aurrera orain arte baino dezentez gehiago eskatuko diote, eta ez du beheko mailetan hobetzeko aukerarik izango».
Kirol arloa pisu handiko arrazoia da Laporte azkar batean lotzeko. Arrazoi nagusia, zalantzarik barik. Baina bakarra al da? Ez al dago beste ezer atzean? Paris Saint Germain nahiz Arsenalen interesa, adibidez? Itxuraz, talde asko ari dira atzelaria zaintzen. Horregatik, gauzak gura baino gehiago nahastu aurretik, mugitzea erabaki du klubak. «Athleticek hartu duen erabakiarekin oso pozik dagoela adierazi du Laportek. Beraz, ez daukagu zertan zalantza egin. Klubak ahal duen guztian lagunduko dio. Beraz, haren esku dago etorkizuna». Ondorio hori atera du Goikoetxeak.
Lehia Amorebietarekin
Jokatzeko helburuarekin egin du klubak Laporte lehen taldeko kide. Bestela, ez dauka zentzu handirik. Kontua da harribitxi gazteak ez daukala postu askotan aritzeko gaitasunik. Erdiko atzelaria da. Ezkerra. Beraz, postu bakarrean joka dezake. Azken denboraldiotan Fernando Amorebietak bete duen lekuan, hain zuzen ere. «Amorebietak edozein taldetan jokatzeko gaitasuna dauka», argitu du Goikoetxeak. «Goi mailako zentrala da. Ezker ona dauka, goitik iristen diren baloietan indartsua da… atzelari osoa da. Agian, oldarkorregia da zenbait jokalditan».
Hortaz, zer egingo du Marcelo Bielsak? Egiten duena egiten duela, ez da erabaki erraza. Amorebieta hamaikakotik kendu? Nekez emango du egun Laportek Iurretakoaren mailarik. Bi ezker jarri erdiko atzelari postu bietan? Normalean ezkerrak ez dira ondo konpontzen eskuin aldetik jokatu behar dutenean. Edo atzealdearen ezker hegalean zelairatu? Ez dirudi Laporte futbolari aproposa denik hegalean aritzeko. Galdera asko, eta erantzun garbirik ez. Dena dela, laster argituko da zeintzuk diren entrenatzaile argentinarraren asmoak.
Zetazko atzelaria
Aymeric Laporte atzelari frantziarra indar handiz iritsi da Lehen Mailara. Talentua badauka, eta berezko hori garatu behar du orain. Kate motzean lotu du jada Athleticek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu