Elkarrekin doaz zesta-punta eta Iñaki Osa Goikoetxea (Zumaia, Gipuzkoa, 1980). 22 urte beteko dira aurten zesta-puntan debutatu zuenetik, eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan da urte horietako hemezortzitan. Zesta-puntan irabaz daitekeen guztia irabazi du,baina garaipenak lortzen jarraitzen du oraindik. Udako denboraldi bikaina egiten ari da, eta gaur garaipen zerrenda handitzeko aukera izango du Donibane Lohizunen (Lapurdi) jokatuko duen finalean.
Uda honetan, ia guztia irabazi duzu: Miarritzeko Urrezko Eskularrua, Mutrikuko Irekia; Hossegor, Gernika eta Hondarribiko Grand Slamak. Bolada bikaina daramazu.
Bai, denboraldi oso ona izaten ari da. Oso pozik nago orain arte lortutako emaitzekin.
Urteak pasatu arren, garaipenak lortu eta lortu jarraitzen duzu.
Hala da, egia esan oso ongi sentitzen naiz fisikoki; besoa ere oso ondo dut, eta buruz ere sendo nago. Mexikon jokatutako txapelketa eta partida guztiak garrantzitsuak izan dira hemengo udako denboraldira ondo iristeko. Izan ere, Mexikon 2.200 metroko altueran jokatzen nuen, eta igartzen da fisikoan. Errazago jokatzen da hemen.
Aurtengo udarako Gernika Jai Alai enpresarekin sinatu duzu. Gustura zaude?
Bai, oso gustura. Errespetua eta harreman ona daude bi aldeen artean , eta uste dut biak oso pozik gabiltzala elkarrekin.
Sei aldiz izan zara munduko txapeldun binaka, 11 aldiz munduko txapeldun banaka, makina bat aldiz irabazi duzu Miamin koroa hirukoitza... Irabaz daitekeen guztia irabazi duzu.
Bai, oso gustura nago orain arte zesta-puntan izan ditudan lorpenekin. Miamin jokatutako denboraldietan lortutako koroa hirukoitzak azpimarratuko nituzke bereziki. Hemengo jende askok ez du ezagutzen koroa hirukoitza, baina lorpen garrantzitsuena da Miamin. Denboraldi osoko lana da: banakakoa eta binakakoa irabaztea eta garaipen gehien lortzea.
Bizitza erdia baino gehiago daramazu jada etxetik kanpo.
Bai, 16 urterekin joan nintzen Italiara, Milanera. Handik, 17 urterekin, Ameriketako Estatu Batuetara joan nintzen. Hainbat lekutatik pasatu nintzen bertan; lehenbizi Newport —bertan urte bat egin nuen—, Orlandon lau urtez bizi izan nintzen, eta azkenik Miamira mugitu nintzen.
Zer moduz moldatu zinen Euskal Herritik urrun, horren gaztea izanik?
Ondo. Esperientzia berri bat izan zen; eskolan egotetik pilotari profesional izatera pasatu nintzen bat-batean; oso polita izan zen. Herri txiki batetik irten eta horrelako hiriburu batean bizitzea aldaketa ikaragarria izan zen, baina ondo moldatu nintzen, eta asko gustatu zitzaidan.
Familiaren hutsunea nabarituko zenuen, ezta?
Bai, hutsune hori asko igartzen da. Baina kirolak horixe dauka, eta askotan bidaiatzea egokitzen da; urte askoan ibili naiz kanpoan, eta Zumaiatik kanpo osatu dut familia. Orain, berriro bueltan gara Zumaian.
Nolakoa izaten zen aste bat Miamin?
Asteazkenean hasten nintzen jokatzen, eta astelehenean amaitu. Egun batzuetan, goizez edo gauez jokatzen nuen, baina beste egun batzuetan bietan. Aste gogorrak izaten ziren ia egunero jokatzen; gorputzak ez zuen behar adinako atsedenik denboraldian, eta entrenatzeko aukera gutxi izaten genituen.
Zesta-puntaren mundua asko aldatu al da zu hasi zinenetik?
Bai. Lehen, enpresen helburua zesta-punta zen. Gaur egun, ordea, kasinoari ematen diote garrantzi handiagoa; txanpon makinak eta horrelakoak.
Zesta-puntarentzako garairik onenak 70. eta 80. hamarkadetan izan ziren.
Bai, urte horiek izan ziren onenak. 90. hamarkadatik aurrera beherakada etorri zen. Loteria onartu zen Estatu Batuetan, eta, ondorioz, zesta-puntako apustuak asko jaitsi ziren.
Zerk bultzatu zintuen berriz etxera itzultzera?
Enpresa berri bat sartu zen ni nengoen pilotalekuan, eta aldaketa batzuk egin zituen. Puntisten soldatak asko jaitsi zituen, eta Zumaiara bueltatzea erabaki nuen, ez onartzea jarritako baldintzak.
Leku askotan jokatu duzu. Ba al duzu pilotaleku gogokoenik?
Nik esango nuke Donibane Lohizuneko pilotalekua dela politena, baina Zumaian jokatzea beti da berezia.
Orain Jai Alai Tourrean ari zara parte hartzen. Zertan datza?
Txapelketa batzuk jokatzen dira hainbat lekutan, eta txapelketa horietako bakoitzak puntuazio bat dauka. Txapelketa guztiak jokatutakoan, puntista bakoitzak lortu dituen puntuak biltzen dira, eta horren arabera erabakitzen da garailea nor den.
Zer asmo duzu etorkizunera begira?
Bada, ez dakit; oraindik partida dezente gelditzen zaizkit jokatzeko aurtengo denboraldian. Donibane Lohizuneko torneoko finala jokatuko dut gaur. Gero, Zumaian eta Gernikan ere jokatuko ditugu pare bat txapelketa; Madrilen eta Bartzelonan Munduko Kopa dago, eta urriaren amaieran agian bakarkako txapelketa jokatuko da. Hurrengo urtera begira jarri aurretik, nahiago dut arreta osoa aurtengo denboraldian jarri eta emaitza onak lortzen segitu.
Zer moduz ikusten duzu zesta-punta?
Azkeneko urteekin konparatuta, badirudi gorakadatxo bat egon dela, apur bat hobetzen ari dela. Baina ezin da horrela utzi; oraindik lan handia dago egiteko zesta-puntan.
Telebistak garrantzi handiagoa eman behar lioke zesta-puntari?
Telebista sartzen bada, babesle gehiago sartzen dira, eta horrek enpresei eta puntistei egiten die mesede. Esaterako, Ipar Euskal Herrian, Frantziako Canal+ Sport duela bi urte hasi zen zesta-puntako partidak ematen; lau partida eman zituen lehen urtean, iaz 11 partida eta aurten 25. Hori Ipar Euskal Herrian lan ona egiten ari diren seinale da.
Iñaki Osa, 'Goikoetxea'. Puntista
«Zesta-puntan lan handia dago egiteko»
Iñaki Osa 'Goikoetxea' emaitza bikainak lortzen ari da aurtengo uda denboraldian, eta, horri esker, garaipen zerrenda handitzen jarraitzen du. Ondo ikusten du bere burua sasoiz eta buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu