Txapelketa batzuetan irabazleaz haratago begiratu behar da. Garrantzitsua da nor izan den onena, indartsuena, baina hori ez da guztia. Ederra baita txapela janztea, baina are eta ederragoa da hori egitea txapelketa ikusgarria izan baldin bada, zaleek gozatu baldin badute, eta horrek guztiak kirolari bultzada emateko balio izan badu.
Hori guztia bete da EITBk eta Gernika Jai Alai enpresak elkarrekin antolatutako Winter Series zesta-puntako txapelketan: lehia bikaina izan da; zaleek inoiz ez bezala gozatu dute, eta astero bete dute Gernika-Lumoko frontoia (Bizkaia); eta horrek sekulako bultzada eta hauspoa eman dio zesta-puntari. Horren premia gehien zuenean izan da, gainera: Daniako (AEB) pilotalekua itxi, makina bat euskal puntista lanik gabe geratu, eta zesta-punta kinka larrian zegoenean. Zerbait egin beharra zegoen. Egin da, eta arrakastatsua izan da.
Olatu perfektua harrapatu du zesta-puntak, eta olatu horrek herenegun jo zuen goia. Gernika-Lumoko pilotalekuak gainezka egin zuen berriro: 1.800 ikusle inguru izan ziren harmailetan. Eta haien guztien aurrean, lau puntista bikain aritu ziren: batetik, Aritz Erkiaga eta Jon Zabala; eta bestetik, Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal. Erkiagak eta Zabalak nagusitasunez irabazi zuten: 15-7 eta 15-12. Haiek jantzi zituzten txapelak, eta hori eginda, errematea eman zioten txapelketan egindako lan bikainari: jokatu dituzten lau partidak irabazi dituzte.
«Guk irabazi dugu, baina zesta-puntak jantzi du txapela». Zabalak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1988) berehala utzi du garbi bere iritzia: «Harrigarria izan da txapelketa honetan bizi izan duguna. Ez genuen inondik inora halakorik espero. Nik, behintzat, oraindik ez dut barneratu gertatu den guztia». Bezperako sentimenduak ditu borborka oraindik: «Gozamena izan zen horrenbeste jenderen aurrean eta horren giro ederrean jokatzea. Etxekoak eta lagunak egon ziren frontoian, eta horrek oso berezi egin zuen dena. Egun ederra izan zen. Inoiz ez dut ahaztuko. Sekulako esperientzia izan da hau Aritzekin bizitzea».
«Mugarria izan da»
Iritzi bera du Erkiagak (Ispaster, Bizkaia, 1987): «Egun oso polita izan zen. Halaxe izan da baita txapelketa ere. Ez sinisteko modukoa izan da nola erantzun duen jendeak. Lehen partidan frontoia bete egin zen, baina larunbata zen, eta Lekerikak eta Barandikak jokatu zuten, Gernikakoak biak. Espero genuen jende asko etortzea, baina baikorrenak ere ez zuen espero astelehenetan frontoia betetzea». «Zorretan» egonda jokatu dutela dio: «Gogoz handiz aritu gara, jendearen babesa eskertzeko. Beti izan dugu oso argi garrantzitsuena ikuskizuna ematea eta zaleak gozaraztea zela, eta ez irabaztea. Partida ia guztiak oso politak izan dira. Ni oso gustura aritu naiz. Gozatu egin dut Jonekin jokatuta».
«Oso-oso eskertuta» daude biak. Antolatzaileen lana goraipatu dute biek: «Gu ateratzen gara kantxara, baina horren atzean behar handia dago. Gernika Jai Alaik eta EITBk behar handia egin dute. Gernika Jai-Alaik esperientzia handia du jaialdi ikusgarriak antolatzen, baina, EITBren lanari esker, jauzia eman da. Sare sozialek ere asko lagundu dute», azpimarratu du Zabalak. «Dania itxi zutenean esan genuen zerbait egin beharra zegoela, eta egin da, oso ondo egin ere. Bai EITBk, bai Gernika Jai Alaik apustua egin dute, eta jendeak erantzun egin du. Komunikabideek ere alea jarri dute», zehaztu du Erkiagak. Argi du Zabalak: «Txapelketa honek mugarri bat ezarri du».
Aurrera begira jarri dira biak, udako denboraldiari begira: «Asteazkenean udako denboraldia aurkeztuko dute. Zesta-puntan, sasoi ona izan ohi da uda», esan du Erkiagak. Zabalak espero du Winter Series txapelketak erakarri duen jendea zesta-puntara «katigatuta» geratzea: «Toki askotako jendea hurbildu da frontoira, baita adin ezberdinekoa ere. Hori berri oso ona da. Ea udan honi eusten diogun. Ea denon artean aurrera egiten dugun. Pilotariok prest gaude, eta antolatzaileak ere bai». Atzera egin du Erkiagak: «Kolpea izan zen Daniako frontoia ixtea, baina azkenaldian egiten ari den ahaleginari eta lanari esker, ahaztua dugu jada. Itxaropenez begiratzen diogu etorkizunari».