Zerutik infernura

Alavesek eta Abelardo Fernandezek akordioa lortu dute euren arteko hitzarmena eteteko. Javier Callejak ordezkatuko du sasoia amaitu arte

Abelardo Fernandez, etsita, herenegun, Celtaren aurkako partidan. Azken aldiz zuzendu zuen Alaves. EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Hiru hilabete eskas iraun du Abelardo Fernandezen bigarren aldiak Alavesen. Teknikari espainiarrak atzo utzi zion Gasteizko taldea entrenatzeari, klubarekin akordioa lortuta. Zuzendaritzak taldea suspertzeko egin zuen haren alde Pablo Machin ordezkatzeko, baina aldaketak ez du ezeraldatu, eta, aldatzekotan, okerrera egin du. Izan ere, Abelardo ailegatu zenean, Alaves ez zegoen jaitsieran. Orain, ordea, azkena da, eta hiru puntura du salbazioa.

Abelardok 11 partida zuzendu dizkio Alavesi ligan, eta oso datu txarrak lortu ditu. 33 puntuetatik bost besterik ez ditu lortu taldeak: norgehiagoka bakarra irabazi du, bi berdindu, eta zortzi galdu. Machinek, berriz, hemezortzi puntu eskuratu zituen beste horrenbeste jardunalditan. Espainiako Kopan, berriz, neurketa bakarrean eseri da Abelardo aulkian, estreinakoan, eta gasteiztarrek astindua jaso zuten Almerian (Espainia): 5-0. Abelardok lau egun baino ez zeramatzan taldean, eta inork ez zion errua bota. Baina lehia hori etorriko zenaren aurrerapena izan zen. Abelardo heroi bilakatu zen haren lehen aldian, baina bigarrengoan, zerutik infernura igaro da. Herenegungo Celtaren aurkako porrotak kondenatu du —0-3 zihoan galtzen Alaves 20. minutuan—. Emaitza txarrak kenduta, taldeko giro nahasiak ere ez dio lagundu; adibidez, Lucas Perezekin izan dituen tirabirek.

«Aulkian beste bati lekua egitea da onena. Bihotzeko minez egiten dut, baina aukera bakarra da. Barruan dudan guztia eta pixka bat gehiago eman dut, baina ez dugu asmatu tekla ona zapaltzen. Ez da errudunik topatu behar; taldearen bidea zikintzea litzateke, eta ez dut nahi. Salba dadila nahi dut», esan du agurreko oharrean.

Javier Callejak ordezkatuko du denboraldia amaitu arte. Entreatzaile espainiarra talderik gabe zegoen, aurreko hiru denboraldietan Vila-real entrenatu eta gero. Azkenekoan, Europa ligarako sailkatu zen taldea, baina klubak ez zion kontratua berritu, Unai Emery fitxatua baitzuen sasoi honetarako.

Denboraldi honetako hirugarren entrenatzailea izango da Calleja, eta bosgarrena hamar hilabete eskasean. Asier Garitano eta Juan Ramon Lopez Muñiz ere eseri dira Alavesen aulkian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.