Arrauna. San Miguel ligako taldeak: San Pedro

Zeruan sartu nahi du

San Pedrok sarriago ibili nahi du onenen arteko borrokan, eta aurten ere saiatuko da goranzko jauzi hori ematenAzken denboraldietako ia talde bera osatu du, eta oinarri sendoa da San Miguel ligan

San Pedroren trainerua, iaz, Zierbenan jokatu zen estropadan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2013ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
San Pedrok zeruko ateak ireki- tzen omen ditu. Arraun munduan ez da horrelakorik, beste kontu batzuk direlako zerutiar horiek. Baina klubaren izenarekin jolas eginez, zeruko atea zabaltzeko giltza bere alde erabil- tzea falta zaio Pasaiako klubari. Ikusten ditu beste taldeak arraunaren zeruan sartzen, baina berari kostatzen ari zaio behinola bere leku kuttuna izan zuenera bueltatzea.

Ez da erraza azkeneko pauso hori ematea. Zailena dela dio Gabi Larrinaga entrenatzaileak. Ez zaio arrazoirik falta. Ondo daki zenbateko zailtasuna daukan pauso hori emateak. Urtea joan eta urtea etorri, hor dabil ontzi morea goian sartu nahian, baina ezin. Lortu, lortu izan du, baina olatu zipriztinak bezalakoak dira goian egindako agerpen horiek: urri samarrak. Zerbait falta zaio taldeari. Aurten, horixe izango du helburu San Miguel ligan, baina asmoa gauzatzen hasteko beste lan batzuk egin behar dituztela diote. Mailari eusteko puntuak pilatu lehendabizi, eta gero gerokoak. Helburu apalegia da aurreneko hori San Pedroren gisako talde batentzat. Arazo handirik gabe lortuko dute, ez da batere dudarik horretan. Baina gauzatuko al du gero onenen artean sarriago ibiltzeko nahia?

Ikusi egin beharko da, urak jarriko baitu bakoitza bere lekuan. Aldez aurretik begiratuta, ematen du kosta egingo zaiola aurten ere. Urdaibai, Hondarribia, Kaiku... koska bat gorago ez ote dituen. Zaila baita aukeratuen multzo distiratsuan sartzea. Zailena, urratsen artean. Iazko talde bera dauka Larrinagak bere aginduetara, eta hori oso ona da. Taldeak badaki zer egin behar duen, eta entrenatzaileak badaki taldeak zer eman dezakeen. Elkar ondo ezagutzen dute. Aurreko urteetan egindako jarduna baliagarria da San Pedrok emango duenaren berri izateko. Nekez ibiliko da azken denboraldian baino apalago. Fidagarria da taldea, esperientziaduna. Horretan ez dago dudarik.

Denboraldi-aurreko emaitzetan bat nabarmendu behar da: etxeko estropadan garaile izan zena. Ez dute asko balio neguko eta udaberriko emaitzek, hori onartu beharra dago, probak egiteko garaiak direlako. Baina aurrean ibiltzea hobe, atzean sartzea baino. Estropada horietan aurrean ibili da San Pedro, eta udan ere ez da oso aparte ibiliko goiko postuetatik. Baina ez dira horrekin konforme: zeruko ateak ireki nahi dituzte, eta giltzak bere eskuetan dauzka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.