Saskibaloia

Zerua baino lehen, infernua

Gaur abiatuko da Euroligako Lauko Finala, Berlinen. Real Madril eta Olympiakos ariko dira finalerdi batean, eta Panathinaikos eta Fenerbahce bestean. Garaileek igandean jokatuko dute finala.

Real Madrilek eta Olympiakosek aurten jokatutako partida. MARISCAL / EFE
Real Madrilek eta Olympiakosek aurten jokatutako partida. MARISCAL / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko maiatzaren 24a
05:10
Entzun

Iritsi dira Europako saskibaloiaren egun handiak: Euroligako Lauko Finala jokatuko dute gaurtik igandera. Real Madrilek erakustaldia eman du liga erregularrean, baina aurkari handiak izango ditu aurrean: Panathinaikos, hamabi urteren ondoren suspertu den erraldoia; Greziako beste talde bat: Olympiakos; eta Fenerbahce, Turkiakoa. Zerua ukitu aurretik, baina, infernutik igaro beharko dute lau taldeek. Izan ere, 7.500 zale greziar baino gehiago espero dira: 4.500 zuri-gorriak, eta 3.000 berdeak. Turkiarrek 2.000 sarrera erosi dituzte, baina Uber Arenatik kanpo zale gehiago biltzea espero da, Berlinen dagoen turkiar populazio handiagatik. Espainiarrak bostehun besterik ez dira izango. Hau da gaurko menua: Panathinaikos-Fenerbahce (18:00, Movistar) eta Real Madril-Olympiakos (21:00, Movistar).

Airball podcastaren zuzendari Jon Hernandezek (Usurbil, Gipuzkoa, 1997) jardunaldia aztertu du. Ezbairik gabe, Real Madril da faborito nagusia. Liga erregularrean, 27 partida irabazi zituen, eta zazpi galdu: Euroligako liga erregular batean garaipen gehien lortu duen taldea da. Hernandezen ustetan, Euroliga formatu honetan jokatzen denetik hau da lehen aldia Lauko Finaleko faboritoa «horren argi» dagoena: «Hasieratik ikusi da nor zen faboritoa. Hurrengo bost taldeen artean parekotasun handia zegoen. Baina madrildarrek ez irabaztea ustekabe handia izango litzateke».

Taldeari dagokionez, pare bat gako nabarmendu ditu Hernandezek. Lehenbizi, jokalarien ibilbidea. «Jokalari asko izateaz gain, garaikur asko irabazi dituztenak ditu Real Madrilek: Rudy Fernandez, Sergio Llull, Chacho Rodriguez... Iaz final-laurdenetan Partizani 0-2ko bat irauli zion talde ia bera da. Facundo Campazzo da fitxatu berri bakarra». Bestalde, azpimarratu du erabakigarri izan daitezkeen postuetan neurketan nagusitzeko gai diren jokalariak dituztela: «Campazzo Europako antolatzailerik onena da, eta saskipean Edy Tavaresek eta Vincent Poirierrek eragin handia daukate. Azken horiek triskantza eragin dezakete finalerdietan. Mustapha Fallek asko sufrituko du».

Taldearen nortasuna ere goraipatu du, Chus Mateoren taldeak edozein egoeratan irabazteko daukan gaitasuna: «Markagailuan hainbat puntu atzetik joan arren, inoiz ez dute amore ematen. Ez dira partidatik irteten». Hala ere, hutsune garrantzitsua izango dute espainiarrek: Gaby Deckena. Jokalari garrantzitsua da, batez ere defentsako eta erreboteko lanean, baina hura gabe irabazi zuten iaz ere.

Bi kanporaketetan desoreka handiena daukana da Real Madrilen eta Olympiakosen artekoa, baina Decken hutsunea baliatzen ahaleginduko da Greziako taldea. Hernandezen iritziz, ezin da aurretik jakin zer egingo duten Pireokoek, ez baitaukate beste taldeek daukaten izar argirik. Bat aipatzekotan, Kostas Papanikolau nabarmendu du, «oreka desoreka» dezakeelako: «Egoera zailetan oso ondo lehia daiteke. Bartzelonaren aurka, azken bi partidak jokatu zituen soilik, eta taldearen jokoa erabat aldatu zen». Bestela, jaurtitzaile gutxiko taldea izan arren —Alec Petersek eta Isaiah Canaanek daukate ardura hori— talde «orekatua» dela dio, baita «baloi jabetza askora eta puntu gutxira» jokatzea izango dela haien helburua ere: «Antolatzaile postua oso orekatua dauka Thomas Walkupekin eta Nigel Williams-Gossekin. Saskipean, Nikola Milutinov osatu da, eta Fallek baino min handiagoa egiteko gai da».

Aukerak baliatzeko dira

Beste kanporaketa oso orekatua dago. Panathinaikosek eta Fenerbahcek Real Madril saihestu dutela aprobetxatu nahi dute, eta finalean sartzea dute helburu. Panathinaikos berpiztutako piztia da; izan ere, hamabi urte behar izan ditu Lauko Final batera berriro iristeko. Gaizki hasi zuen sasoia Ergin Atamanen taldeak (2-4), baina, azkeneko, 21 partidetatik hamazazpi irabazita, garai ezin hobean iritsiko da. Kendrick Nunn eta Kostas Slukas dira taldeko bi izarrak, Mathias Lessorten laguntza bikainarekin. Nunn sasoia hasita zegoela iritsi zen, eta zaleen jainko txikia bilakatu da oso denbora gutxian. Besteekin alderatuta talde ezberdina dela dio Hernandezek: «Panathinaikosek zortzi-bederatzi jokalari erabiltzen ditu, ez gehiago. Zenbait jokalarik minutu ugari jokatzen dituzte, eta sasoi oso baterako kaltegarria izan daitekeena positiboa izan daiteke Lauko Finalean. Efesekin horrela irabazi zuen Euroliga Atamanek».

Bartzelonarekin lortu ez zuena Fenerbahcerekin lortzen ahaleginduko da Sarunas Jasikevicius teknikaria. Hernandezek turkiarren kanpoko jokalariak goraipatu ditu: «Azken urteetan ikusi da horrelako txapelketak jokalari txikiek irabazten dituztela, eta hor talentu handia dauka Fenerbahcek: Nick Calathes, Scottie Wilbekin, Tyler Dorsey, Tarik Biberovic...». Aldiz, barneko jokoan asko sufri dezakeela ohartarazi du: «Sertac Sanlik, Johnathan Motleyk eta Georgios Papagiannisek ez dute lortu teknikaria asebetetzea, eta ahulak dira defentsan. Nigel Hayes-Davisen laguntza behar dute nahi eta nahi ez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.