Baikoko pilotaria

Jon Mariezkurrena: «Zerrikeria hutsa da Arangureni egin diotena. Espero dut berriro halakorik ez gertatzea»

Lehen kanporaketa jokatuko dute gaur Tolosan (17:00, ETB1): Artola eta Mariezkurrena II.a Elordiren eta Zabaletaren aurka ariko dira. Irabazlea finalerdietako ligaxkarako sailkatuko da. Hori egin nahi du Baikoko atzelariak.

Jon Mariezkurrena. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jon Mariezkurrena, txapelketako partida batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko otsailaren 20a
05:10
Entzun

Binakakoa aurkeztu zutenean, txapela irabazteko hautagaitzat jo zituzten Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena (Berriozar, Nafarroa, 1999), baina, aurrelariaren osasun arazoak direla eta, nahi baino gorabeheratsuago aritu dira. Hala ere, hirugarren izan dira, eta bi aukera dituzte finalerdietako ligaxkarako sailkatzeko. Lehena aprobetxatu nahi dute.  

Gaur jokatuko duzue lehen kanporaketa. Prest zaudete?

Bai, prest gaude. Ni ondo nago; ondo ditut eskuak. Iñakik, berriz, atzean utzi ditu ligaxkan izan dituen osasun arazo txikiak. Sasoi betean gaude. 

Ligaxka gorabeheratsua izan duzue.

Halaxe da. Iñakik bost partida ez ditu jokatu, eta nik, bat. Hala ere, bederatzi puntu lortu ditugu, eta hirugarren izan gara. Askotan dramatzat jotzen dugu zuzenean ez sailkatzea, baina ona da postua. Bi aukera ditugu finalerdietako ligaxkan aritzeko.

Zortzi aldiz baino ez duzue elkarrekin jokatu. Nola bizi izan duzue hori?

Zorionez, ez dugu izan lesio larririk, baina ezin izan dugu elkarrekin asko jokatu jarraian. Jokatu dugunean, berriz, denetarik egin dugu: batzuetan, oso ondo aritu gara; beste batzuetan, aldiz, ez. Baina, orain, sasoi betean gaude.

Asko animatu behar izan duzu bikotekidea?

Ez. Iñakik zorte txarra izan du, baina, txarrari ona aterata, lesio txikiak izan dira, eta, gehienez, bi jardunaldi egon da jarraian jokatu gabe. Iñaki, gainera, alaia da. Zuhur jokatu du lesioekin, baina jokatu duenean beldurrik gabe aritu da. Azken partidetan eskuak minduta izan ditu bukaeran, baina atseden hartu du, indarberritu egin da, eta prest dago bete-betean aritzeko.

«Orain, sasoi betean gaude Iñaki eta biok [Artola], eta lehen aukera aprobetxatu nahi dugu finalerdietan aritzeko»

Zu gustura aritu zara?

Nahiko gustura aritu naiz. Hala ere, zenbait partidatan ez gara ondo aritu: nik, adibidez, huts dezente egin ditut bizpahiru partidatan, eta horrek kezka eman zidan. Baina entrenamenduetan eta partida askotan oso ondo ikusi dut neure burua, txinpartatsu eta jokoz ongi. Lasai nago.

Binakako bat baino gehiagotan dezente sufritu izan duzu eskuetatik. Oraingoan, ordea, ez duzu aparteko arazorik izan.

Oraingoz ez, behintzat. Ez nuen jokatu azken-aurreko partida, asko izutu bainintzen horren aurrekoan, Altunaren eta Bikuñaren aurkakoan: hirugarren tantoan eskuin eskuan sartu zitzaidan pilota, eta asko sufritu nuen. Bitan joan nintzen Maulera eskua sendatzera, eta horrek mesede handia egin zidan. Orain oso ondo nago.

Elkarrekin jokatu dituzuen zortzi partidetatik bi gaurko aurkarien aurka izan dira: Elordiren eta Zabaletaren kontra. Bietan irabazi diezue. Horrek konfiantza ematen dizue?

Bai, bikote indartsua eta ona baita. Batzuetan, badirudi ezin zaiela irabazi, eta guk bitan irabazi diegu. Zergatik ez dugu egingo hirugarrenez?

Aurreko urteetan baino apalago dabil Zabaleta?

Hori dio jendeak, baina nik ez dut hori uste. 12. eta 13. jardunaldietan ohi baino huts gehiago egin zituen, baina, hala ere, ondo ari da; hala ez balitz, ez zituzketen zortzi garaipen lortuko. Baina beste bikoteek asko jokatzen dute.

«Arazoa ez da izan pilotak gordetzeko sistema, baizik eta txapelketan pilota aproposik egon ez izana»

Ez dadila suspertu eta ez dezala izan egun harrigarri horietako bat. Hori nahi duzue gaurko?

Bai, eta, egun horietako bat badu, guk ere halaxe izatea. Jose bete-betean aritzen denean ia ezinezkoa da hari aurre egin eta irabaztea. Baina gu jo eta ke aritzen garenean asko estutzen dugu; saiatu behar dugu Jose deseroso egon dadin, hutsak egin ditzan.

Non egon daiteke gakoa?

Iñakik eta biok huts gutxi egin behar ditugu; hori lortzen badugu, asko izango dugu irabazia. Nagusitzen saiatu behar dugu. Lortu dezakegu; izan ere, Iñakik min handia egin dezake aurrean pilota atzera joz. Aukera duenean, berriz, bukatu egin behar du.

Bi aukera dituzue, baina helburua lehena aprobetxatzea da, ezta?

Bai, igandeko bigarren partida oso arriskutsua baita. Bikote oso on baten aurka jokatuko genuke: Peña II.a eta Albisuren kontra edo Jaka eta Imazen kontra. Lehen aukera aprobetxatu nahi dugu, eta gaua lasai igaro.

Zer iritzi duzu txapelketaz?

Txapelketa ona izan da ikuslearentzat: partida polit asko egon dira, baita txarrak ere; normala da hori. Baina, orokorrean, pilotariak ondo aritu gara. Pena bakarra izan da Peio Etxeberria eta Martija nahiko azkar geratu zirela atzean.

Hainbat pilotarik materiala kritikatu dute. Zer diozu?

Oso subjektiboa da hori. Partida asko jokatu dira; batzuetan, pilota motelak egon dira, eta beste batzuetan, aldiz, biziak. Nik ez dut pilota txarrekin jokatu, baina telebistan ikusi da pilota motel asko egon dela, graziarik gabekoak. Pilotak aukeratzen dituenak ikusi behar du zer-nolakoak nahi dituen txapelketarako. Pilotak aukeratzea ez da gure lana, hautatzailearena baizik.

Gehien kritikatu dena izan da partidak jokatu baino askoz lehenago aukeratzen direla pilotak, baldintza jakin batzuetan, eta, gero, baldintza horiek aldatu egiten direla, eta, ondorioz, baita pilotak ere.

Nire ustez, ez da hainbesterako. Duela lau egun lau gradu egiten zituen hemen, eta, orain, hamazazpi egiten ditu; frontoiko tenperatura ere asko alda daiteke egun batetik bestera. Pilota bat otsailean ona bada eta ondo gordetzen bada, hiru hilabete geroago ere ona izango da. Arazoa ez da izan pilotak gordetzeko sistema, baizik eta pilota aproposik egon ez izana.

Altunak esan du pilotariok «indar gehiago» izan behar duzuela erabakietan, eta «kontuan hartu» behar zaituztela. Pilotarien Elkarteko presidente zaren heinean, zer diozu?

Denon onerako da pilotak aurrera egitea. Guk, pilotariok, elkarte bezala, pisua izan behar dugu. Egun, badugu, eta gero eta gehiago galdetzen digute gure iritzia. Lau eta erdikoa jokatu aurretik bagenekien sistema hori erabiliko zela. Pixka bat inposatu digute, baina bagenuen horren berri.

Zer iritzi duzu Aspek azken jardunaldian Aranguren kanpoan utzi izanari buruz?

Penagarria da lankide bat horrela tratatzea. Aitor ez zen txapelketa txarra egiten ari, eta hark eta Altunak bazuten aukera kanporaketarako sailkatzeko. Ordezkatu bakarrik ez, txapelketatik kendu zuen Aspek, eta Bikuña jarri; zerrikeria hutsa da Aitorri egin diotena, eta Bikuñaren egoera ere ez zen izan batere ona. Aspek oso-oso gaizki jokatu du. Espero dut berriro halakorik ez gertatzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.