Aitak kontatutako apurra dakit. Garai hartan, Pedreña indartsu zegoen: dukesaren bat edo markesaren bat bazen han, eta oso ondo zaintzen zituen arraunlariak. Haiei aurka egiteko osatu zuten Esperanza trainerua. Arrautza deitzen zioten, kanpotik zuria eta barrutik horia zelako. Donostiako eta Orioko bosna lagun aritzen ziren, Hondarribiko bi, eta Getariako eta Pasai Donibaneko bana. Ontzi bat atera zuten, Pedreñari gailentzeko. Tarte txikiarengatik, baina lortu zuten».
Joxean Jauregi Etxeberriak labur antzean osatu du orain 71 urteko Kontxako Banderaren kronika. Donostiako traineru batek irabazi duen azkenarena, alegia. Jauregik etxeko iturritik jaso du orduko lorpenaren berri; ez alferrik, Antxon Jauregi aita eta Jose Mari Jauregi nahiz Inozentzio Etxeberria osabak eskifaia hartako kide izan baitzituen.
Hiru horiez gain, hauek osatu zuten Kontxaz gain Kantabriako (Espainia) txapelketan gailentzea lortu zuen tripulazioa: Antxon Korta Pintxan patroiak eta Antonio Oliden Tolosa, Xanti Goikoetxea, Joakin Fresnedo, Antonio Oliden Zaldua, Mikel Arruabarrena, Pedro Iribar, Antonio Erdozia, Batista Oliden, Juan Lasurtegi eta Esteban Azkue arraunlariek.
Garaiko onentsuenak biltzen zituen traineru hark eskuratu zuen donostiarren hamalaugarren Kontxako Bandera, lorpenen zerrendan gorengo postuetan kokatu zuena. Donostia hirugarrena da Kontxarik gehien dituenen zerrendan, Hondarribiarekin berdinduta. Pasai San Pedro eta Orio soilik ditu gainetik. Alta, gaur koska bat igo eta bigarren postura igotzeko aukera du, baldin eta San Pedroren hamabost garaipenak berdintzen baditu.
Hautagai irmo bat badute horretarako: Arraun Lagunak. Urte askoren ostean, Donostiako traineru bat sailkapenaren lehen koskan heldu da Kontxako Bigarren jardunaldira, eta saio erabakigarriaren atarian bandera gertuen duen ontzia da —hiriko beste traineruak, Kaiarribak, zortzi segundora du—.
«Amets bat betetzea» litzateke gaur Arraun Lagunak-ek irabaztea, Amaia Sexmilok adierazi duenez. Lugañenekoen trainerua estreinakoz uretaratu zutenean tostartekoa zen Sexmilo, eta egun taldearen ordezkari lanak egiten ditu. Ordea, estropua toletari lotu zioneko garaia ekarri du hizpidera: «Arraunean hasi nintzenean, gurasoei esaten nien beti: ama, aita, nire ametsa Kontxa irabaztea da».
Sexmilok eta adiskideek Arraun Lagunak-en trainerua osatu zutenean, lema bat erabili ohi zuten hitzetik hortzera: ilusioak garamatza ametsak betetzera. «Arraunlariei esaten diet lehendabiziko urtean jarritako lema hori seigarrenean betetzeko aukera dutela», azaldu du.
Biek txiki-txikitatik ezagutu dute Kontxako Banderako giroa. Orduan piztu zitzaien estropadarekiko maitazarrea. Donostiako ontzi batek 71 urteren ondoren irabazteko aukera «hunkigarria» dela esan du Sexmilok, eta badu Esperanza-ren sokari heltzeko esperantza: «Nesken Arraun Lagunak-en bidea bizi dugunoi oilo ipurdia jartzeko modukoa da. Pozgarria da hona heldu garela jakitea».
Kontxarekiko lotura hori uretan islatu dute biek: Sexmilo 2016an aritu zen estreinakoz iraileko lehen bi igandeetan; Jauregi, berriz, 1976an, 19 urte zituela. Parte Zaharrekoak honela azaldu ditu garai hartakoak: «Garai artan San Sebastian deitzen zitzaion, eta Klaudio Etxeberria Gorria-rekin aritzen ginen. 80ko hamarkadan aurrera han aritu nintzen, eta San Pedrora joan nintzen gero, lau urterako: 1986, 1987, 1988 eta 1989».
Azken urte horretan, Kontxako Bandera irabazi zuen Jauregik. Lorpen «polita» izan zela esan du, baina, halaber, denboraren joanak emandako balioa ekarri du hizpidera. Izan ere, garaipen sonatuek balio handiagoa hartzen dute patxadaren perspektibatik begiratzen zaienean: «Momentuan ez zara jabetzen, ingurukoen zirriparra handia baita. Astea igarotzean esaten duzu: kontxo, neuk irabazi dut eta!».
Halaber, egun Arraun Lagunak-eko teknikari denak agerian utzi du Kontxako Bandera lortzea «oso zaila» dela. Jauregik azpimarratu du zortzi direla estropada bakoitzean aritzen diren traineruak, eta bakarrak lortzen duela irabaztea: «Gutxik esan dezakete Kontxa irabazi dutela. Kontua da badaudela beste batzuk bi, hiru, lau edo bost irabazitakoak. Baina ehunka daude sekula lortuko ez dutenak, eta arraunlari oso onak direnak. Irabazten dutenak ez dute zertan besteak baino arraunlari hobeak izan, hori burutik kendu behar da. Kontua da une egokian han egotea».
Lortu dutenen multzoan sartu daitezke gaur Arraunekoak. Bilakaera baten gailurrera heltzea litzateke hori, arraunketa finkoan ez baitago Kontxa baino sari preziatuagorik. Juan Mari Etxaberen taldeak lor dezakeena aurreko urteetan ondutako lanaren berrespena dela uste du Sexmilok: «Patxi Olabek eta Ekain Iriartek lan bikaina egin zuten. Garai hartan, lortu genuen emakumezkoen lehen traineru donostiarra izatea».
Urtebete geroago Kaiarribak sortu zuen bigarrena, eta azken urteetako «kontsiderazio faltak» tamaldu du Sexmilo: «Uste dut donostiar peto asko egon garela [Arraun Lagunak-en] traineruan, eta asko sufritu dugula: guretzat, Kontxa oso garrantzitsua izan da jaio ginenetik, eta irabaztea izugarria litzateke. Sei urtean zailtasunak izan ditugu etxeko sentitzeko, eta igande honetakoari balore handiagoa ematen diogu orain».
Kontxako Bandera eskuratzeko aukera tarteko, Sexmilok «zale gisa, urduri» igaro ditu azken egunak. Taldearekiko duen «konfiantzak» baretu du, barren, estropada bezperatako ezinegona. Iruditzen zaio sasoi ona egin dutela, eta erregulartasun horrek «ilusioa» pizten dio Sexmilori: «Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak eta [Euskotren] liga irabaztea pasada bat da, eta Kontxa irabaztea pastelari ginga jartzea litzateke. Bandera etxean uzteko gogoz daude».
Itsasoa, epaile
Gogoa soilik ez, ahala ere beharko dute Arraun Lagunak-eko arraunlariek. Maila nagusiko lau ontziek sasoi orekatua osatu dute ligan, eta horren adibide dira lehen jardunaldiko emaitzak ere. Orio bigarren sailkatuarekiko segundo bat eta 64 ehunen aldea duela ekingo diete estropada erabakigarriari. «Tarte oso murritza da», adierazi du Jauregik. Haren esanetan, gaur hutsetik hastearen parekoa da abantaila hori edukitzea: «Uste dut arraun munduan apur bat mugitu denak hori esango duela. Estropada berri bat da: Aquariumetik igarotzean aurkariak segundoa kentzen badizu... Niretzat, burua hotz mantendu, ziaboga azkar eman eta kontrarioari txopa erakusten dionak asko izango du irabazia».
Klubaren ikuspegitik ere bultzada litzatekeela uste dute Arraun Lagunak-eko bi kideek. Sexmiloren esanetan, «klub txiki-handia» da. «Ibilbide historiko handia» osatuta, arraunean estimatua dela uste du, baina arlo ekonomiko eta instituzionalean «borrokan» aritu behar izan dutela.
Antzeko ustea du Jauregik ere. Arraunzale, arraunlari eta entrenatzaile postuetatik igarotakoa da, eta ondotxo daki zenbat kostatzen den arraunlariak zailtzea. Haren esanetan, Kontxako balizko garaipen batek indartu egingo luke kluba: «Ipurdian jasotako ostikoa izango litzateke, bai, baina aurrera egiteko».
Horren adibide gisa jarri du sona handiko garaipen batek jendera gerturatzeko garaian eman dezakeen laguntza: «Arraunean hala da. Behetik goraino heltzea kosta egiten da: entrenamenduak, eguraldi txarra, hotza... Ehun hasi, bostek segitzen dute».
Garaipenak bernizatutako loriaz gain, arraunlariak biltzeko aukera gisa jo dute Arraun Lagunak-ekoak. Zenbat eta lagun gehiago, orduan eta irabazteko aukera gehiago. Hala izaten da.
Donostiarrek multzo bikaina osatuta irabazi zuten 1950ean. Gaur, hiriko hiru traineru izango dira Kontxako badian: Arraun Lagunak-en bat eta Kaiarribaren bi. Gutxi-gehiago, hirurek dituzte gailentzeko aukerak. Auskalo zer gertatuko den, eta banderarik lortuko duten ala ez. Argi dagoena da 71 urte asko direla, gehiegi Donostiarentzat. Hargatik, Lugañenekoek Esperanza-rekin egingo dute Arraun.