Izen handiak azaltzen dira palista profesionalen zerrendan: Manolo Iturri, Joxe Mari Iturtzaeta, Oskar Insausti, Esteban Gaubeka, Juan Pablo Garcia, Pablo Fusto eta beste batzuk. Horien arrastoari segika, azaldu da beste bat: Ibai Perez. Banakako Txapelketan, aurreko larunbatean jantzi zuen bigarren txapela, Gaubekari finalean 1-3 irabazi eta gero. Bigarrena duelako hasi dira hura izendatzen palistarik handienen zerrendan sartzeko hautagai gisa. Txapeldun oparoa Oskar Insausti da, zazpirekin. Bitik zazpira badago koska, baina Perezek heldu egin nahi dio erronkari: «Zaila da Insausti harrapatzea, baina ezinezkoa, ez. Baztertu ez dut egiten». Konfiantza edukitzea zer den. Larunbateko garaipenak ale handia gehituko zion zaku horri.
Txapela janzteko bideak ere emango dio zerbait, ez baitzuen erraza izan podiumeko koska gorena zapaltzea. Gaubeka aurkaria ez ezik, gorabehera pare bat ere atera baitzitzaizkion parera: zapatila galdu zuen tanto bat jokoan zutela, eta pala hautsi zitzaion beste batean. «Zapatilarena ez pentsa ez zaidanik sarri gertatzen. Izerdi asko botatzen dut oinetatik, eta agian, horregatik egingo dit ihes tarteka». Palarena ohikoagoa da: «Gehiagotan gertatzen da, baina buruko min handia eragiten du. Gustuko pala aldatu behar izatea dakar, eta horrek kezka sortzen du. Larunbatean bertan pentsatu nuen pala berriarekin gauzak ez zitzaizkidala ondo aterako». Baina bai, atera zitzaizkion behar bezala: «Zorionez, ondo moldatu nintzen erreminta berrira».
Badaki zerbait tresna berrietara egokitu beharraz. Izan ere, Perez ez da zaharra pala motzaren munduan. Esku pilotatik heldu zen, eskuko minek eraginda. «Urtebetez izan nintzen pilotari profesionala, Aspe enpresan, baina utzi egin behar izan nuen, eskuko arazoengatik». Aurrelaria zen. Orduan azaldu zitzaion pilotako beste modalitateetako bat: «Lagunekin hasi nintzen paletako txapelketa txikiak jokatzen, beste inolako asmorik gabe». Baina abila izan, eta Sestaoko entrenatzaileak bota zion dejada: «Has zaitez palan serio», esango zion. Iritsi dejada horretara, eta Perezek berak bukatu tantoa urteen poderioz: «Aurreneko urtean, klubarekin, Bizkaiko txapelketetan hasi ginen, Alain Vega bikote nuela. Bigarrenean, dena irabazi genuen». Eta hor azaldu zitzaion pala motza eta profesionalismoa, duela sei urte: «Haiekin entrenatzen hasi nintzen, eta gaur arte». Pentsatu ere ez omen zuen egiten profesional izatea: «Aukera eman zidaten, eta aukerei heldu egin behar izaten zaie».
Kiloaren bueltako erremintarekin pilota ondo astintzeari ekin zion, «hasieran ondo kostata izan bazen ere», gogoratu du. «Baina egunero emanez, moldatu egin nintzen, ikasi egin nuen». Ikasian-ikasian, Innpala enpresaren koadroko hamar pilotarietako bat bihurtu da, eta onenetakoa, gainera. Atzelaria da. Banakakoaren ondoren, Open txapelketa izango du hurrengo erronka: «Datorren astean hasiko gara».
Palista «gutxitxo» aukeran
Hamar pilotariko koadroa osatzen dute enpresan, eta gustatuko litzaioke gehiago izatea, beti berdinen aurka ez jokatzeagatik». Ez du gehiagorako ematen, ordea, pala profesionalak, egoera «ona» bada ere. Ezin, ordea, horretatik bakarrik bizi: «Pilotari ia guztiok daukagu beste lan bat. Garraio biltegi batean aritzen naiz». Bi jardunak uztartu behar, eta egunero etxera porru eginda iristen dela dio: «Gustura harrapatzen dut ohea». Besoetako eta hanketako giharrek eskertuko diote: «Astean behin edo bitan entrenatzen dugu palan, gihar horiek asko gastatzen direlako».
Ibai Perez
Zergatik ez zazpi txapel?
Palistak bi dauzka jantzita Banakako Txapelketakoak: 2017koa eta aurtengoa, aurreko larunbatean irabazitakoa. Gehien Oskar Insaustik ditu: zazpi. Erronka datorkio frontisetik Perezi. Erantzuna: «Zaila, bai; ezinezkoa, ez»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu