Irati Astondoa. Aizkolaria

«Zereginik ez nuela pentsatuz joan nintzen finalera, presio gabe»

Urrezko Aizkorako banakako txapela irabazi du estreinakoz Irati Astondoak. Mugarri izatea nahi du, eta txapelketa nagusien lehian egon. Gogorarazi du plazan ikusten ez den lan handia dagoela atzean.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Txapela jantzi duenetik apenas ukitu du aizkora Irati Astondoak (Zeanuri, Bizkaia, 1991). «Buruari eta gorputzari ondo etortzen zaio atseden hartzea». Larunbateko finala igandean ikusi zuen errepikatuta, telebistan.

Egun batzuk pasatu dira txapela irabazi zenuenetik. Zein sentipen duzu?

Sekulako poza. Urte askoan ibili naiz txapel honen atzetik. Etxean ondo egiten nituen lanak, baina plazara atera, eta buruak ezetz esaten zidan, eta gorputzak ere ez zidan erantzuten. Larunbatean presiorik gabe joan nintzen, eta onartuta ez nuela zereginik. Buruan nuen bakarra nire onena ematea zen, eta ondo atera zen.

Presio gabe joate hori izan zen irabazteko gakoa?

Ni beti begira nago ingurukoek zer esango duten, eta haiei gauzak demostratu nahian. Horrek kalte handia egin dit. Ez dit disfrutatzen utzi. Oraingoan, horri buelta eman diot. Presioak ez ninduen gain hartu. Gainera, lehengo urtean prestatzaile fisiko batekin hasi nintzen lanean, entrenamenduak behar bezala antolatzeko, eta asko lagundu dit.

Teknikoki gustura geratu zinen egindako lanarekin?

Lan laburra egin behar genuen, hiru egurrekoa. Ni hobeto moldatzen naiz luzeetan, nire indargunea fisikoa delako. Nerea [Sorondo], aldiz, hobeto moldatzen da laburretan, indar handiagoa duelako. Baina gustura aritu nintzen aizkorarekin. Nahiz eta beti dagoen zer hobetua.

Noiz jabetu zinen irabazteko aukera zenuela?

Azken egurrera arte ez nintzen jabetu aurretik nindoala. Hasieratik nire lana egitera joan nintzen, besteei erreparatu gabe. Aurretik nindoala jakiteak ez zidan mesede egin, eta ordu arte baino okerrago aritu nintzen hortik aurrera. Nerea horren gertu ikusita, sinetsita nengoen aurrea hartuko zidala, eta berriro ere bigarren amaituko nuela. Mamu guztiak agertu zitzaizkidan. Baina saiatu nintzen aizkorakadei ahalik eta indar eta abiadura handiena ematen, eta gauzak ondo atera ziren. Azken 30 segundoak oso gogorrak izan ziren. Baina asebeteta geratu nintzen eusteko gai izan nintzelako, eta final osoan aurretik egon nintzelako. Ikusleen aldetik jasotako animoak ere oso lagungarriak izan ziren.

Fisikoki zer moduz amaitu zenuen?

Oso ondo. Nik sekula ez dut arazorik izan. Arnasari oso azkar ematen diot buelta, nahiz eta nekatuta amaitu.

Beste bi finalisten lana nola ikusi zenuen?

Nik uste nuen Nerea bete-betean aterako zela, eta erraz hartuko zigula aurre Maikari [Ariztegi] eta bioi. Maikarekin zalantza gehiago nituen, beti egon izan garelako nahiko parean. Baina ondo ikusi nituen biak, haiek ere lan ona egin zuten. Agian, txispa apur bat gehiagorekin ibili nintzen ni,

Ikusi al duzu finaleko bideoa? Zein ondorio atera duzu?

Bai, ohitura izaten dut ikusteko. Igandean ikusi nuen, eta gehien harritu ninduen zein indartsu hasi nintzen. Erakustaldietan horretarako ohitura izaten dut, baina txapelketetan gehiago kostaten zait erritmoa hartzea. Baina jendeak finala jokatu eta gero esan zidan, inoiz ez bezala ikusi nindutela, eta, ondoren, finala ikustean hala berretsi nuen. Baina nik ez nuen sentitu hain bete-betean hasi nintzenik. Bitxia da hori gertatzea.

Behin txapela irabazita, hemendik aurrera zein asmo duzu?

Lanean berdin-berdin jarraitu behar dut. Txapela irabaztea garrantzitsua izan zen, baina oraindik Nerea nire aurretik dago. Orain Euskal Herriko txapela janzteko egingo dut lan. Baina batez ere plazan eta disfrutatzea.

Zure garaipenak lehia zabaltzen du, eta are ikusgarriago egiten du zuen kirola?

Bai, azken batean beti egoten bada irabazle bat, eta besteak beherago, ikuslearentzat ez du pizgarri bera. Niretzat Nerearen pare jartzea amets bat litzateke, eta horretan ahaleginduko naiz.

Zer falta zaizu harengana ailegatzeko?

Indarra. Nik berriz jaio beharko nuke Nerearen indarra izateko. Dohain ikaragarria du hor. Nire kasuan teknika hobetu beharko nuke, haren parera ailegatzeko.

Eta indar gehiago izateko zerbait berezia egiten ari zara?

Iker Lopez da nire prestatzaile fiskoa, eta astean hiru-lau egunetan lanketa berezia egiten dugu. Harekin nagoenetik bost txapelketetan hartu dut parte, eta hiru irabazi ditut.

Larunbatetik aizkora hartu duzu?

Hartu dut, baina lasaitasunez, kronometrorik gabe. Buruak eskertzen du atsedena.

Txapelketa gehiago egotea gustatuko litzaizuke?

Bai, eta moldaketa batzuk egotea. Txapelketetan parte hartzen dugun hiruzpalau aizkolari gaude, eta beti hiruzpalau egurretara jokatzen ditugu. Uste dut gehiagotara jokatu beharko genituzkeela, badugula gaitasuna horretarako.

Zenbat egurretara jokatzea litzateke egokia?

Orain lau gaudenez, zaila da kopuru bat jartzea. Nik zortea dut etxean dudala materiala, eta gustatuko litzaidake 5-6ra luzatzea.

Erakustaldiak entrenamenduaren parte gisa hartzen dituzue?

Bai, zalantzarik gabe. Beti ematen duzu entrenamenduetan baino gehiago.

Beste herri kirolak bazterrean utzi dituzu. Zergatik?

Uste dut arreta osoa kirol batean jarri behar dudala. Sega ere asko gustatzen zait, baina txapelketa gutxiago daude. Aizkoran urte osoan aritzeko aukera duzu.

Ikusten duzu etorkizunik gaztetxoen artean?

Zail ikusten dut. Oraingoz hiruzpalau gaude. Baina Maika, adibidez, jada 47 urteren bueltan dago, eta Nerea eta ni 30en bueltan gaude. Plazan ikusten ez den lan handia dago, eta kirol garestia da. Nik, adibidez, 1.700 euro gastatzen ditut urtero egurrean eta hori ekartzeko kamioiaren alokairuan. Aizkorak apurtzen badira, konpondu egin behar dira...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.