Leire Etxaniz

Zerbait falta zaio

Pozik da Leire Etxaniz, orain kalera irten baitaiteke kirola egitera. Baina aitortu du poztasun hori ez dela betea, ezin baita frontoian aritu. Bi hilabete luze darama hori egin ezinik, eta itxaronaldia «luzea eta nekeza»izaten ari dela dio.

Leire Etxaniz, bizikleta bat biltzen, Orbea enpresan. LEIRE ETXANIZ.
Julen Etxeberria.
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Etxetik kanpo kirola egin ahal izateak ez dio nahi adinako bizipozik eman Leire Etxanizi (Etxebarri, Bizkaia, 1990). «Oso ondo etorri zait, haizea hartzeko, baina nik frontoira joan nahi dut, pilota eskuz edo palaz jotzera. Eta, gaur-gaurkoz, ezin naiz joan, Etxebarriko pilotalekua itxita baitago. Hura ireki, hara joan eta pilota jotzen hasi arte ez zait apalduko barruan dudan etsipen eta tristura sentipen hau».

Ez da harritzekoa halako irrika izatea, Etxanizek duela bi hilabete pasatxo jokatu baitzuen azkenekoz. Egun horretan, hark eta Irantzu Etxebestek 18-8 irabazi zieten Andrea Aldaregiari eta Ane Urkizuri, eta, horri esker, Laboral Kutxa Emakume Master Cupeko pilota gozoko finalerdietarako sailkatu ziren. Hain zuzen ere, maila horretako finalerdiak eta pilota mistoko finala falta dira jokatzeko. «Pena da txapelketa eten izana, oso gustura ari bainintzen Irantzurekin. Ez dakigu noiz jokatuko dugun berriro. Ez dago gure esku, egoeraren mende baizik». Aldiz, zalantzarik ez du nola jokatu nahiko lukeen: «Ikusleen aurrean. Ez litzaidake gustatuko ikuslerik gabe jokatzea. Ikusleek ematen diote giroa pilotari. Haiek gabe, asko galduko luke pilotak».

Bitartean, entrenatu egingo da, eta, horretarako, lehen baino toki gehiago izango du. «Etxeko korridorean egiten nuen korri, baita ariketa fisikoak ere. Eskuak, berriz, balkoiko paretan egiten nituen. Orain, behintzat, kalera irten ahalko naiz. Bada zerbait. Hala ere, ez da nahikoa».

Ez da aspertu, hala ere, ez baitio utzi lan egiteari. «Orbean egiten dut lan, bizikletak biltzen, eta jo eta ke aritu naiz, txandaka, goizez eta arratsaldez. Ez dut gimnasioaren beharrik izan. Nahiko indar ariketa egin ditut bizikletak altxatuz», dio barrez.

«Oso kirolzalea naiz»

Aspaldikoa da Etxanizen eta pilotaren artekoa. Gaztetan hasi zen, Markina-Xemeingo (Bizkaia) pilota eskolan. «Eskuz jokatzen nuen. Ondo pasatzen nuen». Ondo pasatzen zuen futbolean jokatzen ere, eta proba egin nahi izan zuen: Markina-Xemeingo Artibai taldean eman zuen izena. Eskuekin bezala, oinekin ere ondo moldatzen zen, eta, hala, Artibain lau urtez aritu ondoren, jauzia eman zuen, Eibarrera. «Orduko Superligan ari zen, Athleticekin eta Realarekin. Bi sasoi egin nituen, eta esperientzia polita izan zen: jende eta toki asko ezagutu nituen».

21 urtera arte aritu zen futbolean, baina berriro itzuli zen abiapuntura, frontoira. Aldaketa egin zuen: erremintara pasatu zen. «Unai Iglesiasek [Baiko Pilotako kudeatzailea] konbentzitu ninduen palaz jokatzen hasteko, Abadiñon [Bizkaia] , Tornosolon. Probatu, eta hasieratik asko gozatu nuen». Gozatu eta nabarmendu, bitan irabazi baitu Gravni txapelketa, nagusia eta Bizkaikoa, gizonezkoekin jokatuta.

Ez du askatu pala oraindik, eta duela hiru urtetik hona eskuz ere ari da; Laboral Kutxa Emakume Master Cupen lehen aldia antolatu zutenetik. «Ikerrek [Amarika, Emakume Master Cupeko antolatzailea] konbentzitu ninduen. Egia esan, inoiz ez nuen pentsatuko horren ondo moldatuko nintzenik: sei txapel egon dira jokoan, eta bost irabazi ditut».

Etxanizen iritziz, emakumezko pilotarientzat «albiste bikaina» izan da Master Cupen gisako txapelketa bat martxan jartzea. «Aukera eman die neska askori, eta animatzeko balio izan die. Gero eta pilotari gehiagok ematen dute izena, eta gero eta maila handiagoa dago».

Iaztik, pilota mistoarekin eta gozoarekin jokatzen dute txapelketa. Etxaniz gozoarekin aritzen da, eta ez du asmorik aldatzeko. «Pilota mistoarekin jokatzeko, astean hirutan-edo entrenatu behar da, eta nik, palarekin ere aritzen naizenez, ez dut hori egiteko nahikoa denborarik. Gainera, mistoarekin eskuek gehiago sufritzen dute». Horregatik ere, aukeratzeko eskatuz gero, palaren alde egingo luke. «Batetik, gutxiago sufritzen dute eskuek; eta, bestetik, federatuen txapelketetan, gizonezkoekin jokatzen dut. Oso gustura aritzen naiz haiekin indarrak neurtuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.