Zerbait badirela sinetsita

Aitor Hernandezek eta Javier Ruiz de Larrinagak etzi, Munduko Txapelketan, 30 onenen artean muturra sartuta txukundu nahi dute denboraldi gorabeheratsua.

Wout van Aert, iaz, Heusden-Zolderren jokatu zen Munduko Txapelketan, helmugara iristen. LAURENT DUBRULE / EFE.
unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Bizikleta gainean eguraldi iragarpenari begira igaro dute astea Aitor Hernandezek (Ermua, Bizkaia, 1982), «etxe aldean», eta Javier Ruiz de Larrinagak (Ametzaga, Araba, 1979), «Flandrian». Orain bi aste Italian eta joan den asteburuan Herbehereetan hiru proba jokatuta, izotz artetik ondorio argirik atera ezinik gelditu dira biak ala biak. «Guretzat oso zaila izaten delako zirkuitu izoztuetan maila ona ematea». Baina ermuarra, bereziki, indarberrituta dago larunbatean Rucphengo Sari Nagusian zortzigarren postuan amaituta. «Gorputzaldi ona nabaritu nuen, oso aurrean ibili nintzen, eta astean lasterketa bakarra lehiatuta maila ona eman dezakedala berretsi nuen».

Barrua lasaituta, «atseden hartzekoa» izaten da Munduko Txapelketaren aurreko astea. «Baina pare bat orduko entrenamendu arinak egin ditut aste guztian, tartean serieren bat edo beste sartuta, gorputza pizteko». Hala zehaztu du Hernandezek. Antzeko lanean murgildu da arabarra. «Oso entrenamendu arinak egin ditut nik ere; gorputza bere onera ekartzea da kontua, egin beharreko lan guztia eginda dagoelako aurretik». Urtarrila azken ostikoak ematen ari da, eta asteburu honetan freskotasuna sarituko du Bielesen (Luxenburgo) jokatuko den Munduko Txapelketak. Bihar jokatuko dute emakumezkoen elite mailako lasterketa, eta etzi gizonezkoena. Bosgarren aldiz ariko da ermuarra lehian eta hamargarren aldiz Ametzagakoa. Bielesen izango dira Xabier Murias eta Jokin Alberdi ere, junior mailan eta 23 urtez azpikoetan, hurrenez hurren.

Sei garaipen pilatuta dago Hernandez, Euskadiko Txapelketa tartean, eta laurekin iritsi da Ruiz de Larrinaga, Espainiako Txapelketa irabazteko lehian ibili ondoren —hirugarren amaitu zuen—. «Aurreko urteko maila bertsuan ibili naiz ni; hala diote neurtuta dauzkadan datuek», hasi du azalpena Hernandezek. «Baina koska asko egin ditu gora Ismael Estebanek. Izugarrizko maila eman du». Ruiz de Larrinagaren ustez ere «Estebanen meritua» gehiago izan da gainerakoen ezina baino. «Ni ondo nago fisikoki», argitu du arabarrak. «Nahiz eta gorabehera askokoa izan den denboraldia. Bitxia bada ere, nazioartean maila hobea eman dut etxean baino. Ea Bielesen maila on hori berresten dudan».

Gehienentzat, «ezezaguna» izango da Bielesko barrutia —atzo iritsi ziren—. Zirkuitua elurtuta zegoen asteartean. «Baina tenperaturak gora egin du, eta elurra urtzea espero dugu. Lokatza izango dugu, eta hori ona da guretzat, lasterketa motelagoa izango delako».

Munduko Txapelketan arriskutsua izaten da helburu zehatzak jartzea. «Baina oso emaitza ona litzateke 30 onenen artean sartzea». Hernandezek eta Ruiz de Larrinagak, biek bat egin dute erantzunean. «Nire kasuan, 27. postua da orain arteko onena Munduko Txapelketan, eta bikaina litzateke hori hobetzea. Baina, esperientzia oinarri hartuta, badakit ez dela erraza izango».

Faboritoei urrutitik begira egon beharko dute biek ala biek, baina Ruiz de Larrinagak argi samar dauka apustua: «Van der Poel edo Van Aert. Van der Haarrek ere oso maila ona eman du asteburuan, eta Powels ere gertura daiteke, baina lehen biak koska bat goitik dabiltzala uste dut». Van Aert belauneko minez ibili zen joan den astean, eta atseden hartzea erabaki zuen asteburuan. Behar bezala entrenatu ezinik ibili da aste honetan ere, baina iazko txapelduna da faboritoa aurten ere.

Thalita De Jong, min hartuta

Lesio kontuak aipatuta, hutsune nagusi bat izango da emakumezkoetan, Thalita De Jong egungo munduko eta Europako txapelduna ez delako izango irteeran. Igandean erori egin zen Hoogerheiden (Herbehereak), eta hautsita dauka izterreko giharretako bat. Azken asteotako gorakada aztertuta, Marianne Vos herrikidea da faboritoa zortzigarrenez urrezko domina irabazteko.

Munduko Txapelketa gerturatu ahala, urtarrileko aldaparekin hasi dira pizten Hernandez eta Ruiz de Larrinaga. «Eta zapore gozoarekin amaitu nahiko nuke», azaldu du arabarrak. Udaberriko lana hasiko da ondoren, hurrengo denboraldirako diru iturria lortzekoa. «Ilusioa badaukagu, eta gogoa ere bai». Ez da oinarri txarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.