TXIRRINDULARITZA. UCI PRO TOURRA

Zer eta zertarako?

Ziklismoaren egitura erabat aldatuko da datorren denboraldi honetan, baina praktikan, denak antzera jarraitu bide du

Xabier Usabiaga.
2004ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Hein Verbruggen UCIko presidentea asko zahartu da denbora gutxian. Azken urteetan ziklismoak izan dituen gorabeherek azala zimurtu diote, kopeta belztu eta txartu umorea. Batez ere dopin aferek kolpatu dute, eta, burua makurtu eta lotsa sentitu duen arren, ez da gogaitu, irmo eusten dio bereari.

Buruko minek, kezkek eta ezinegonak loa galarazi dioten gau beltz amaigabeetan hausnarrean aritu da luzaro, eta, ustez ziklismoaren arazoei irtenbidea eman eta etorkizun hobea ziurta diezaiekeen ideia gauzatu eta abian jarriko du urtarrilaren batean: UCI Pro Tourra.Ziklismoak bere hastapenetatik gozatu izan duen arrakastari eutsi nahi badio, orain arte izan duen garapena bizkortu egin beharra dauka derrigorrean, UCIren ustetan. Eta beste kirolekin jendearen arreta bereganatzeko duen lehia basatiari aurre egiteko aurrerapausoak ezinbestekoak dira. Hori dela-eta sortu dute UCI Pro Tourra, ziklismoa irauli asmo duen egitura berria.UCI Pro Tourraren helburuak hiru dira. Batetik, ziklismoa erakargarriagoa egitea, bigarrenik, inbertsiogileak erakartzea, eta hirugarrenik, ziklismoaren garapena kontinente guztietan bultzatzea.Lehen helburua lortzeko denboraldiko zenbait karreratan, garrantzitsuenetan, partaidetza hobetzea da gakoa, eta horretarako aukeratu ditu UCIk egutegiko 27 karrerarik onenak eta 19 talderik onenak. Inbertsiogileak erakartzeko, irabaziak bermatuko zaizkie taldeetan, karreretan, antolakuntzetan edota komunikabideetan dirua jartzen duten babesleei. Horretarako, lasterketa bakoitzak ahalik eta oihartzunik handiena lortu beharko du komunikabideei esker. Eta ziklismoaren garapena kontinente guztietan bultzatzeko , batez ere Europatik at, behar bezalako baldintzak eman behar zaizkie hango ziklismoa indar dadin.

Zer aldatuko du UCI Pro Tourrak?

Errepidean eragingo dituen aldaketak ikusteke, UCI Pro Tourrak oraingoz ziklismoaren egitura aldatuko du, aldaketa administratiboa izango da, batez ere. Orain arte talde profesional guztiak hiru mailatan zeuden banatuta: lehen maila 30 talderik onenak, bigarren maila Baque, Paternina, Acqua Sapone, Panaria, Domina Vacance eta horrelakoak, eta hirugarren maila lehen mailako zenbait talderen harrobi taldeak: Credit Agricole Espoirs, Rabobank Espoirs; eta, beste batzuk: Barbot, Carvalhelhos.... Aurrerantzean erabat prorfesionalak diren taldeak bi mailatan banatuko dituzte: UCI Pro Tourreko taldeak Euskaltel, Rabobank, T-Mobile..., eta talde Profesionalak Kaiku, Baque, AG2R, Agritubel, Panaria.... Eta beste maila batean egongo dira talde Kontinentalak Orbea, Spiuk, Bartzelona. Hauek talde profesionalak edo afizionatuak izan daitezke.

Egutegiari dagokionez, orain arte karrerak sei mailatan zeuden banatuta: Maila berezikoak, eta, ondoren, batetik bostera bitartekoak, garrantzitsuenetatik maila apalagora. Aurrerantzean, bi egutegi bereiziko dituzte: UCI Pro Tour Zirkuitua Tourra, Giroa, Vuelta, Donostiako Klasikoa... eta Zirkuitu Kontinentala Kontinente bakoitzak berea izango du, non hiru maila desberdinetako probak egongo diren: Zirkuitu Kontinentaleko maila berezia Euskal Bizikleta eta antzekoak ; lehen maila Laudioko Saria, Miguel Indurain Saria...; eta, bigarren maila Nafarroako Itzulia, Txuma Memoriala, orain arte profesional-afizionatu mailakoak zirenak.Phonak taldea azkenean kanpoan utzi dutenez, 19 taldek osatuko dute UCI Pro Tourra, eta talde bakoitzak gutxienez 25 txirrindulari izango ditu eta gehienez 28. Lau zutabetan oinarrituta eman ditu UCIk txartelak, gehienez ere lau urterako. Batetik taldeen kirol maila hartu du aintzat. Bigarrenik, legearen ikuspegitik, taldeek txirrindulariekiko eta taldeko beste kideekiko dagozkien lan legeak bete beharko dituzte. Hirugarrenik, atal ekonomikoan, aurkeztutako aurrekontua betetzeko bermea ziurtatu beharko dute, eta, laugarrenik, etikoki, kirol joko garbia eta dopinaren kontra egiteko erabaki argia hartu dute. Oraindik erabat zehaztu ez duten arren, urtero maila igoerak eta jaitsierak izan daitezke.UCI Pro Tourreko taldeek, derrigorrean korritu behar dituzte UCI Pro Tour Zirkuituko probak, baina Zirkuitu Kontinentaleko maila bereziko eta lehen mailako karreretan ere parte har dezakete, gonbidapena jaso eta baiezkoa ematen badute. Esaterako, Euskaltelek, Rabobankek edota Cofidisek Euskal Bizikletan edota Laudioko Sarian jardun dezakete.

Zer geratzen da kanpoan?

UCI Pro Tourrean sartu ez diren beste talde profesionalak Kaiku, AG2R, Mr.Bookmaker-Palmans, Baque, Paternina, Agritubel, Panaria... talde Profesionalen barruan egongo dira. Lizentziak UCIk emango ditu eta urtero berritu beharko dituzte. Izen emateko epea irailaren batean amaitu zen eta UCIk abenduaren 20an banatuko ditu lizentziak. Talde hauek batez ere Zirkuitu Kontinentala korrituko dute, non hiru mailetako probak egongo diren: maila berezikoak Euskal Bizikleta, Nazioarteko Kriteriuma..., lehen mailakoak Laudioko Sari Nagusia, Miguel Indurain Saria... eta bigarren mailako karrerak Nafarroako Itzulia, Txuma Memoriala....

Horretaz gain ordea, UCI Pro Tour zirkuituko karrerak korritu ahal izango dituzte antolatzaileek gonbidatzen badituzte. Alegia, Kaikuk Euskal Herriko Itzulia edo Vuelta korritu dezake antolatzaileek hala nahi izanez gero.Beste maila batean egongo dira talde Kontinentalak Orbea, Spiuk, Bartzelona.... Talde horiek profesionalak edo afizionatuak izan daitezke, eta lizentziak herrialde bakoitzeko federazioak emango ditu. Herrialde bakoitzean gehienez maila honetako 15 talde egon daitezke eta bakoitzak gutxienez 8 lagun eta gehienez 16 eduki ditzake. Txirrindularien gehieneko adina federazio bakoitzak erabaki arren, UCIren aholkua ziklista gazteak fitxatzekoa da.Talde Kontinentalek gehienbat Zirkuitu Kontinentaleko lehen eta bigarren mailako karreretan eta afizionatu mailako beste probetan hartuko dute parte, baina baita euren herrialdeko maila bereziko probetan ere antolatzaileek gonbidatzen badituzte. Adibidez, Orbeak gehienbat Nafarroako Itzulian eta horrelakoetan hartuko du parte, baina gonbidatzen badute baita Euskal Bizikletan ere.

Maila kaskarragoko taldeak afizionatu mailako taldeak izango dira, eta herrialde bakoitzeko afizionatuen egutegian korritu ahal izango dute, baita Zirkuitu Kontinentaleko bigarren mailako probetan ere.

Iskanbila ugari

Kosta ahala kosta, UCI Pro Tourra urtarrilaren batean jarriko da abian, baina azken hilabeteetan izan duen bilakaera ikusita ez litzateke harritzekoa izango beste aldaketaren bat izatea ordura bitartean, zeren UCIk hiru itzuli handiak eta eurek antolatzen dituzten beste lasterketak Pro Tourraren barruan egongo zirela plazaratu zutenean ere, erabakiaren oso irakurketa desberdinak egin zituzten alde biek. UCIk handiki eman zuen berria, baina Patrice Clerc ASOko zuzendariak Tourra antolatzen dute besteak beste zera adierazi zuen Le Parisien egunkarian: «Gu ez gara UCI Pro Tourreko kide, oraindik desberdintasun handiak ditugu, batez ere dopinaren inguruan. Urriaren batean kode etiko bat egiteko agindu genuen, eta oraindik egiteko dago. 2005ekoa behin-behineko irtenbidea da»

Argi dago UCI Pro Tourra zesareaz jaioko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.