Zentzutasuna ez da nahikoa

Marco Crespiren jokamolde bitxiak zuzenduta, Baskoniari pultsua itzularazi dio Ibon Navarroren gidaritzak. Josean Kerejeta presidentea gogobetetzeko zerbait gehiago beharko du gasteiztarrak.

Danel Agirre.
2014ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Ezin gara etengabe hari buruz hizketan aritu. Gure entrenatzailea da, eta babestu egingo dugu, haren arrakasta gurea ere badelako. Baina ezin gara minuturo horrekin ibili».

Inor gutxik espero zuen Josean Kerejeta presidentearen goxotasunik Ibon Navarrorekiko (Gasteiz, 1976), Baskonia sasoiko lehenengo ataka gaiztotik onik aterata ere. Hainbesteko zorroztasunak ia antzeztua dirudi, ordea. Euroligako Top 16rako sailkatuta, airea dabil berriz klubeko bulegoetan, udazkeneko arnasketa arazoen ondoren. Kerejetak kalanbrea ematen duen aulkia maite du, ordea, entrenatzaileentzat. Eta behin Navarrori lema emanda, kalanbreak ez dira desagertu, plangintza irauli eta Marco Crespi ugazabak utzitako postua haren laguntzaileak batere paraxutik gabe hartu behar izan badu ere.

Paraxutik ez, baina makulua izango du, behintzat, Navarrok. Berak lehenago betetzen zuen larrialdietarako kontseilari eginkizuna Jose Ramon Cuspinera ari da betetzen orain. Real Madrilen Ettore Messina eta Pablo Lasoren alboan esertzetik dator getxoztarra. Zuzendaritzak «bera bezalako hasiberri bat» sorosteko fitxatu izana publikoki eskertu zuen Navarrok Cuspinera heldu bezain laster, lehen entrenatzailea aldatu eta hamar egunera. Harrezkero pare bat prentsaurrekotan laudatu du haren lana.

Programa erreformista

Zubi lanak egiten ari diren sentipenak ezer gutxi ukitzeko joera ulergarria eragin ohi du, oraindik funtzionatzen ari den apur hori ere hondatzeko izuagatik. Behin Izar Gorriaren aurka Gasteizen amore emanda, 48 ordu eskas igaro ziren klubak Crespiren kaleratzea iragarri zuenetik Gipuzkoa Basket hartzeko pabiloiko ateak berriz ireki ziren arte. Baloia airean ipintzerako iritsiak ziren Navarroren aldaketak. Fabien Causeur eta Fernando San Emeterio hegalen apopilo bihurtu zituen, ordura arte hasieratik ari ziren Saxa Vujacic eta Davis Bertans eserita. Erreforma are sakonagoak bazetozela ere azkar antzeman zen. Defentsan, aurkariaren blokeo zuzenetan automatikoki erasotzailea trukatze arriskutsua baztertua geratu zen. Erasoan, bi egitasmo nagusi erakutsi zituen Navarrok. Bata, bosgarren martxarekin aritzeari uko egitea (aurkariak gotortu baino lehen jaurtitzea maite zuen Crespik). Hiruko saioak alboratu, eta pibotek jabetza guztietan parte hartzea izango dutela bermatzea, bestea.

Azken honetan berebiziko garrantzia izan du Mirza Begicen agerpenak. Zentsutasunaren bila ari zen Navarro, eta bere saskipean besoak oso goian ipintzen dituen eta erasoan konponbide sinpleak eskaintzen dituen Begicek zentzutasuna erantsi dio bostekoari. Esloveniarraren hitzarmena sasoia amaitu arte luzatzen saiatuko dela hitzeman berri du aste honetan Kerejetak.

Koparako sailkapena, Euroligako bigarren fase itxurosoa eta ACB ligako finalerdiak-edo eskatuko zaizkio entrenatzaileari, baliabide berrien truke. Presidentearen kalanbreek ez dute eragin handirik izango Navarrorengan. Gasteiztarra eta Baskoniako zale sutsua izaki, bere buruari «inork baino ardura eta presio handiagoa» ezarri omen dizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.