Irene Caminos

Zentzua hartuz doa berriz

Bi hilabete pasatxo etxean entrenatzen igaro eta gero, berriro ere haitzetara bueltatu da Irene Caminos trial txirrindularia. Itxialdiak balio izan dio are gehiago estimatzeko bere kirola.

BERRIA.
ainara arratibel gascon
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Askatasuna, natura,oreka, lehia, erronka... Esanahi horiek guztiak ditu trialeko bizikletak Irene Caminosentzat (Tolosa, Gipuzkoa, 1998). Itxialdian, ordea, galdu egin ditu guztiak. Etxean, arrabolaren gainean ibili da errepideko bizikletarekin. Pixkanaka, ordea, berreskuratzenari da bizikleta galdutako esanahi horiek guztiak. Getariako eta Hondarribiko (Gipuzkoa) haitzetara bueltatu denetik gertatu zaio hori. Hantxe ari da orain entrenatzen. «Itzuli nintzen egunean, sekulako askatasuna sentitu nuen. Arrabolaren gainean ibiltzeak ez du zerikusirik haitzetan saltoka aritzearekin. Arrabola oso monotonoa da, eta oso zaila da motibazioren bat topatzea».

Gainera, ikusten zuen beste herrialde batzuetan entrenatzen ari zirela: «Amorru handia ematen zidan horrek. Batez ere lehen asteetan, lehiaketei eusten baitzieten. Egoera gogorragoa izan da psikologikoki, fisikoki baino». Bitarte honetan are gehiago konturatu da zenbat estimatzen duen bere kirola: «Batez ere zenbat ematen didan. Eguneroko entrenamenduen eta lehien zurrunbiloarekin, askotan ez zara jabetzen horretaz».

Konfinamendua agindu zenean, denboraldia hastear zen, Espainiako Koparekin. «Nahiko sasoi onean nengoen, eta, eten honekin, atzerapauso txiki bat izan dugu. Batez ere indar eta bizitasun edo berehalakotasun aldetik. Bi ezaugarri horiek funtsezkoak dira gure kirolean, eta gogor egin beharko dut lan berreskuratzeko».

Tartea badu horretarako, gutxienez irailera arte ez baitu probarik izango. «Oraindik ez digute esan noiz ekingo diegun berriro ere txapelketei. Zain gaude. Baina zail ikusten dut denboraldi honetan berriro ere lehiari ekitea. Gure egutegia oso laburra da, eta, adibidez, Munduko Kopako bi proba Italian genituen, eta Munduko Txapelketa Txinan, koronabirusak zabalkunde handia izan duen bi herrialdetan».

Hori da Caminosek ikusten duen trabarik handiena lehian hasteko. «Azken batean, proba bakoitzean herrialde askotako jendea elkartzen gara, eta, lehian baino gehiago, hor egon daiteke kutsatzeko arriskurik handiena». Bestalde, bakarkako kirola izan arren, txirrindulariek elkarrekin harreman handia dute. «Batez ere, lehia aurretik entrenatzen edo berotze ariketak egiten ari garenean. Halakoetan, bi metroko segurtasun distantziak errespetatzea nahiko zaila da. Gainera, zale dezente etortzen dira gure txapelketak ikustera».

Onartu du urtebete lehiatu gabe egotea «atzerapauso txiki bat» izan daitekeela epe luzera bere ibilbidean. «Kirolari askok lehian lortzen dute konfiantza, eta halaxe gertatzen zait niri. Gainera, aurreko sasoian gauzak ez zitzaizkidan ondo atera, eta aho zapore txar hori kentzeko irrikaz nengoen».

Berari zer komeni zaion alde batera utzita, uste du denboraldia amaitutzat ematea dela onena, eta osasun egoerak uzten badu, datorren sasoian egutegi osoa jokatzea. «Esan bezala, gure egutegia nahiko laburra da, eta erdizka jokatzea ez dut uste txukunena denik». Erabaki bat edo bestea hartu, ahalik eta azkarrena jakin nahi dute, bai berak, bai lehiakideek. «Horrela zeri heldu jakingo genuke».

Etena baldin badago teknikoki hobetzen segitzeko baliatu nahi ditu ondorengo hilabeteak Caminosek. «Normalean, sasoi aurreak aprobetxatzen ditugu horretarako. Denboraldian zehar ez dugu hainbeste tarte izaten, eta, kasu honetan, aukera aparta izango nuke horretarako, denbora dezente izango nukeelako».

Atzekoak estutzen

Hobetu behar dituen gauzak asko direla uste du. «Baina batez ere mugimenduen berehalakotasuna landu nahiko nuke, eta arlo psikologikoa. Motibazio handia dut horretarako, bi hilabete bizikleta hartu gabe egon eta gero. Duela bi denboraldiko sasoia eta maila berreskuratu nahi ditut. Atzetik datozenak asko estutzen ari dira, eta final baterako sailkatzea gero eta zailagoa da. Huts txiki batek kanpoan uzten zaitu».

Heldu den sasoiari begira duen kezka nagusia zera da, zer pasatuko den babesleekin: «Batez ere proben babesleeekin. Izan ere, gure kirola txikia da, eta txapelketak ez dira babesle handi bakar batekin antolatzen, baizik eta txiki askorekin». Lehia ostera hastean berreskuratuko ditu bizikletak bere esanahi guztiak Caminosentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.