Arratsaldea da Zerainen (Gipuzkoa). Hotz egiten du, eta apenas dabil inor kalean. Hutsik dago Gurea frontoia, baita haren aurrean dagoen aparkalekua ere. Halako batean, auto bat iritsi da, ateak ireki dira, eta ziztu bizian atera dira hiru neska. Korrika gurutzatu dute errepidea eta, frontoian sartu orduko, pilota bat atera, eta jokatzen hasi dira. Gauza bera gertatu da behin eta berriro: auto bat iritsi, ateak ireki, neska batzuk irten, arrapaladan frontoira sartu, eta pilotan hasi dira jo eta su. Ez dute minutu bat galdu nahi. Irudi ederra da: hemeretzi neska pilotan jokatzen zoriontsu.
Entrenatzailea iritsi da: Maite Ruiz de Larramendi Mujika (Beasain, Gipuzkoa, 1973), Ados klubeko arduraduna eta pilotaria. Dir-dir egiten diote begiek. «Honek ematen dio zentzua Ados klubaren proiektuari. Guk argi genuen oinarri bat sortu behar genuela. Hori ez badago, nola egingo dute aurrera neskek? Lortu dugu, eta izugarri pozik gaude. Oraindik sinestezina iruditzen zait irudi hau ikustea», aitortu du.
Haren esperientziari erreparatu dio berehala. «Nik esku pilotan jokatzen nuenean ni nintzen neska bakarra. Palan, berriz, bi hasi ginen, eta, gero, taldetxo bat osatu genuen; hori jada sekulakoa zen. Baina horrenbeste neska elkarrekin pilotan ikustea, oso adin ezberdinetakoak, 6 urtetatik 15era... ez dut hitzik. Harrigarria da, eta gozamen hutsa».
«Guk argi genuen oinarri bat sortu behar genuela. Oraindik sinestezina iruditzen zait irudi hau ikustea»
MAITE RUIZ DE LARRAMENDI MUJIKAAdos klubeko arduraduna eta pilotaria
Hemeretzi neska ari dira pilotan Zeraingo frontoian, baina askoz gehiago dira. «Berrogei daude, lau pilota eskoletan banatuta: Zeraingoan, Olaberrikoan [Gipuzkoa], Latasakoan eta Sunbillakoan [Nafarroa]. Bost neska kenduta, guztiak Ados klubekoak dira. Bost horiek beste klub batzuetakoak dira, baina gurera etortzen dira, neska gehiagorekin aritzeko. Klubetan mutilei erreparatzen zaie gehien. Haiekin joka dezakete, baina atzera egitera gonbidatzen dituzte». Dei egin die egoera hori bizi dutenei. «Baztertuta sentitzen diren horiek ez dute pilota utzi behar, eta haien klubean ezin badute aurrera egin, badute beste aukera bat: gurea. Anima daitezela. Besoak zabalik hartuko ditugu».
Gipuzkoako eta Nafarroako hamaika tokitako neskak dabiltza Adosen pilota eskoletan. Gertuen dutenetan entrenatzen dira: astelehenetan, Zerainen, Mujikarekin, 17:30etik 19:30era, eta, Sunbillan, Imanol Bergararekin, 17:00etatik 19:30era; asteartetan, Latasan, Mujikarekin, 16:30etik 18:00etara; eta, asteazkenetan, Olaberrian, Mujikarekin, 17:15etik 19:00etara, eta, Latasan, Naroa Agirre Adoseko pilotariarekin, 17:00etatik 18:30era.
Mujika zerbaitek betetzen badu, neska horiek gozatzen ikusteak betetzen du. «Zoriontsu dira pilotan dabiltzanean; beti nahi dute gehiago, eta beti bukatzen dugu berandu entrenamendua; horren gustura aritzen dira... Izugarri betetzen nau hori ikusteak. Merezi du egiten dugun ahaleginak». Lana baita, «baina oso eskertua», zehaztu du. «Jendeak esaten dit nolatan natorren Lekunberritik hona. Nola ez naiz ba etorriko! Begira zein zoriontsu diren! Ez da sufrimendua, plazera baizik. Laguntza dut. Guztion artean oso lan ona egiten ari gara».
«2021ean eman nuen izena. Ordutik ari naiz klubean. Egun, Promozio Mailako Txapelketa jokatzen ari naiz»
IRAIDE IRIARTEAdoseko pilotaria
Horren erakusgarri, gero eta neska gehiagok ematen dutela izena. Horrenbestek, ezen, hasieran Nafarroan baino ez zuten eskolarik, eta, orain, Gipuzkoan ere badituzten. Gogoak eta bihotzak animatu zuten Mujika. «Beasainen jaioa naiz, eta maite dut eremu hau. Zeraingo Udalari proposatu nion ideia, eta asko gustatu zitzaion. Horrela hasi ginen hemen. Gero, Olaberrian ere hasi ginen».
Neskak, oso pozik
Iraide Iriarte, Garazi Iñigo eta Alaia Aranburu Adosen pilota eskolan dabiltza. Iriartek 15 urte ditu, eta Sunbillatik etorri da Zerainera. Hura da helduena eskolan. «2021eko apirilean Adosek ateak irekitzeko jardunaldi bat egin zuen Latasan, eta han eman nuen izena. Ordutik ari naiz klubean. Egun, Promozio Mailako Binakako Txapelketa jokatzen ari naiz».
Iñigok 13 urte ditu, eta Iturendik iritsi da (Nafarroa). Aranburuk, berriz, 11 urte ditu, eta Beasaindik dator (Gipuzkoa). Iriarte bezala, haiek ere «oso gustura» dabiltza entrenamenduetan. Argi dute zer gustatzen zaien gehien eta zer gutxien. «Pilotan jokatzea gustatzen zaigu gehien. Korri egitea, ordea, ez zaigu gustatzen. Baina denetarik egin behar da».
«Alaba pixka bat alboratuta geratzen zen mutilekin, eta, hemen, hasieratik oso lagunak egin dira denak»
PILARE MENDIAPilota eskolako neska baten ama
Hirurek dute aspalditik pilotarako zaletasuna, eta gustuko pilotariren bat ote duten galdetuta, hirurek berdina esan dute: «Maite». Irakasleari estimu handia dioten seinale da.
Alabei begira dabiltza gurasoak. Horietako bat da Pilare Mendia. Aranbururen ama da. Zoriontsu da alaba zoriontsu ikusita. «Oso pozik dabil. Lagunarte polita egin dute. Mutilekin pixka bat alboratuta geratzen zen, eta, hemen, hasieratik oso lagunak egin dira denak».
Eskerrak eman dizkie Adoseko ordezkariei. «Izugarrizko lana egiten ari dira, batez ere, belaunaldi berriei begira, anima daitezen. Umeak disfrutatzen ikusten ditugu, partida guztien berri ematen digute, eta aukera ematen diete haien aurretik jokatzeko. Haien adinarekin Atanon eta Labriten jokatutakoak dira, eta hori ilusio handiz bizi dute».
binakakoaren bi partida, gaur, lekunberrin
Ados klubaren Binakako Txapelketako bi partida jokatuko dituzte gaur Lekunberrin (Nafarroa), 17:30ean. Promozio Mailan, Iriarte eta Sotil Insaustiren eta Bertizen aurka ariko dira, eta, Lehen Mailan, Oskoz eta Agirre Ruiz de Infanteren eta Orbegozoren kontra.