Zentimetro erdi bat

Samuel Sanchez Paris-Nizako bosgarren etapa irabazteko zorian izan da, baina Andreas Kloeden gailendu da

unai zubeldia
Donostia
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Zentimetro erdi bat. Gehiago ez. Azken esprintean esertzen eta altxatzen galdu zuen denbora. Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi) eskura eduki zuen atzo denboraldiko lehen garaipena, Paris-Nizako bosgarren etapan, lehen etapa gogorrean. Baina Andreas Kloedenek (RadioShack) kendu zion gozokia. Col de la Mure lehen mailako mendateak egin zuen sasoi onean eta hain onean ez dauden txirrindularien arteko banaketa. Astanak jarri zuen erritmoa hasieran, Rabobankek gero, eta Roman Kreuzigerrek (Astana) astindu zuen azkenean faboritoen taldea.

Zalaparta horretan, zortzi besterik ez ziren geratu aurreko tropeltxoan: Tony Martin (Columbia), Xavier Tondo (Movistar), Robert Kiserlovski (Astana), Janez Brajkovic (RadioShack), Kloeden, Matteo Carrara (Vacansoleil), Rein Taaramae (Cofidis) eta Samuel Sanchez. Samuel Sanchez bera izan zen, gainera, iristen azkena, mendatean gora metro batzuk galdu zituelako.

Sufritu egin zuen goraka Euskaltel-Euskadikoak, eta sufritu egin zuen gero ere —edo hala sinetsarazi nahi izan zuen—, zazpi iheskideak lanean txandaka hasi zirenean. Izan ere, kilometro bat falta zela, atze-atzean zihoala, erasoa jotzeko asmoa eduki zuen Samuel Sanchezek, baina Tondok nahi gabe egindako mugimenduak ezerezean utzi zuen Euskaltel-Euskadikoaren mugimendu ahalegina. Ez zen saio txarra, azken kilometro horretan bi bihurgune itxi zeudelako. Esprinterako indarrak gorde beste erremediorik ez zuen eduki azkenean. Baina RadioShackeko bikoaren gurpilari pega-pega eginda zihoanean, eta dena eskura zeukanean, Kloedenen pedal kolpeak ezerezean utzi zuen Sanchezen ametsa.

Aipagarria da alemaniarraren balentria, 2009ko apirilaren 22tik etaparik irabazi gabe zegoelako. Trentinoko Giroan irabazi zuen azkenekoz etapa bat, eta ordutik postu onak lortuta zegoen, baina bi besoak altxatu ezinik. Atzera begira jarrita, 2000. urtean ere etapa bat irabazi zuen Kloedenek Paris-Nizan, eta itzulia bera ere eskuratu zuen gero. Hilabete baten bueltan, Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen gero.

27 kilometroko erlojupekoa

Pena edukiko du espainiarrak, baina ez da seinale txarra Euskal Herriko Itzulia hasteko hiru aste eta erdi falta direnean jada onenen artean egotea. Sailkapen nagusian bigarren dago, gainera, Samuel Sanchez, Kloedenengandik lau segundora. 27 kilometroko erlojupekoa daukate gaur, Rognes eta Aix en Provence artean, seigarren etapan, eta inguruan dauzkan aurkariekin zaila izango du garaipenerako borrokan sartzea. Baina ibilbidea ez da txarra Samuel Sanchezentzat. Hori bai, Kloeden espezialista ona da erlojupekoetan, Tony Martin ere bai (Highroad) —sei segundora dauka, atzetik—, Janez Brajkovic ere (RadioShack) ez da herrena...

Azken mendateko zalapartarekin ezerezean geratu zen ihesean ibili zirenen lana, baina, aurretik, David Lopez (Movistar) eguneko ihesaldian sartu zen, Lieue Westra (Vacansoleil), Hubert Dupont (Ag2r), Christophe Le Mevel (Garmin), Arnold Jeannesson (Francaise des Jeux) eta Romain Hardyrekin (Bretagne Shuller). Helmugarako 16 kilometro falta zirenean harrapatu zituzten, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.