Zeledon bakarrik utziko al du?

Titin-Albisuk 22-18 galdu zuten, eta ikusteko dago Triciokoak bere torneo kutuna berriz jokatu ahal izango duen

Titin III.a, 2008ko Andre Maria Zuriko torneoko trofeoarekin. JON HERNAEZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Zeledon bere lagun minetako bat galtzeko zorian dago. Zalduondoko semeak kide fidel bat izan du urtez urte Andre Maria Zuriko jaietan. Titin III. izan da, eta hark gasteiztar askok baino hobeto ezagutzen ditu jaiak, ia urtero azken egunera arte gelditu izan baita. Bederatzi aldiz irabazi du torneoa, beste inork baino gehiago, baina ikusteko dago berriz jokatuko duen. Herenegun 22-18 galdu zuen Albisurekin, Bengoetxea VI.a eta Beroizen aurka, eta urte bukaeran kontratua berrituko duen ikusteke dagoenez, agian agur esan dio torneo kutunari 44 urterekin.

Bikote mistoek ez dute zorte onik izan Andre Maria Zuriko torneoan, eta Titinek eta Albisuk ezin izan zuten tradizio hori hautsi. Partidaren hasiera estua izan zen, hainbat berdinketarekin (6-6, 8-8 eta 11-11). Partida erdi aldetik aurrera Titinek eta Albisuk gora egin zuen, errenta polita lortzeraino (14-18). Lanak ondo aurreratuak zituztela zirudien, baina hor bukatu zen bidea. Bengoetxea VI.a eta Beroiz suspertu egin ziren eta jarraian egin zituzten azken zortzi tantoak. Irabazleek gaur jokatuko dute bigarren finalerdia Xala eta Zubietaren aurka.

Partidaren ondoren Titin burumakur zegoen. «Txisparik gabe nago eta badakit ez dudala nire maila eman». Normala zen haren samina, Gasteizeko feriak bere ibilbidean utzi duen arrastoa harrigarria delako. Triciokoak duela hogei urte irabazi zuen aurrenekoz, 1993an. Errandonearekin batera aritu zen eta urtebete baino gutxiago zen debutatu zuela. Bere lehen garaipen handia izan zen. Geroago beste hiru aldiz irabazi zuen Aitor Elkororekin bikote eginez: 1995, 2001 eta 2002an.

2003an finala galdu zuen, 22-20. Goñi III.arekin jokatu zuen, Olaizola I.a-Ruizen aurka. Titin hiru aldiz izan da txapeldunorde. Porrot haren ondoren, baina, bolada izugarria hasi zuen, bost aldiz jarraian irabazi baitzuen torneoa Iñigo Pascualekin bikote eginez. 2004tik 2008ra ez zuten partida bakar bat ere galdu, eta haiei irabaztea bihurtu zen feriako amu nagusia. Final beroak ere izan ziren, 2007koa bereziki. 22-21 irabazi zieten Xala eta Goñi III.ari. Azken tantoan aurrelariak traba egin zion Goñiri, eta irabazleek txistu artean altxatu zituzten trofeoak. Titinek, era berean, lau aldiz jaso du Ogeta saria, torneoko pilotari onena saritzen duena.

Hartaz geroztik, baina, ez du irabazi, eta badirudi Titinek ezingo duela bilduma borobildu. 2009an, finalerdietan galdu zuen Pascualekin (22-10). Berasaluze VIII.a-Mendizabal II.ak hautsi zuten bolada. 2010ean finalera iritsi zen. Zubietarekin, baina, 22-14 galdu zuten. Hurrengo bi urteetan Zubietarekin jokatu zuen berriz, eta lehen partidan kanporatuak izan ziren, aurten gertatu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.