Zelaitik zaleen bihotzera

Adurizek erretiroa aurreratu du. Aldakan ebakuntza bat egingo diote, eta ezingo du airean dagoen sasoia amaitu. Athleticeko golegilerik onenetan seigarrena da

Zelaitik zaleen bihotzera.
haritz gallastegi
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
«Heldu da unea...» Aritz Adurizek sare sozialetan zabaldutako ohar baten bidez jakinarazi du aurreratu egin behar izan duela erretiroa. Denboraldi amaieran izango zela jakina zen, koronabirusaren pandemiak uzten bazuen, behintzat. Baina lehenago izango da. Ez du beste aukerarik izan. Aldakan duen arazo larriak ez dio zelaian agur esaten uzten. Berandu baino lehen ebakuntza egingo diote minduta duen aldakan, protesi bat jarri eta bizimodu «normala»egiteko. Gorputzak nahikoa dela esan dio 39 urterekin. Aurkari guztien gainetik bi edo hiru segundo egoteko aukera ematen zion gorputzak atseden hartzeko eskatu dio, hain zuzen ere.

Adurizek ez du zelaian esango agur. Ez da agurtuko euren jainko bihurtu duten San Mameseko zaleen txalo artean. Halaber, ez du aukerarik izango Realaren kontra jokatu beharreko Espainiako Kopako finalean aritzeko. Beraz, ez da izango amestutako adioa. Baina Athleticeko ikur bihurtuta hartuko du erretiroa, eta etxekoen nahiz aurkarien miresmen eta errespetuarekin. «Horrelakoa da kirolari profesional baten bizitza. Baina ez kezkatu niregatik; izango dugu agur esateko unea».

Donostiarra erreferente izan da Athleticen. Liderra. Milaka jarraitzaileren ispilu izateko gauza asko erakutsi behar dira zelaian zein kanpoan. Hasteko, konpromisoa. Adurizek kolore zuri-gorriei erakutsi dien lotura eta maitasuna ezin dira zalantzan jarri. Athleticek hiru aldiz jo zuen haren atea, eta hiruretan baiezkoa jaso zuen. Lehenengo aldiz, gurasoen etxea utzi eta talde zuri-gorriko beheko mailetan jokatzeko deitu ziotenean. Bigarrengoan, Valladoliden zegoen eta Athletici laguntzera bueltatu zen, mailari eusteko ahaleginean larri baitzegoen. Hirugarrengoan, Valentzian jokalari garrantzitsua zela, Josu Urrutiaren eskaerari baietz esan zionean. Lau urte lehenago, bere gogoaren kontra, Fernando Garcia Makua presidente ohiak Aduriz Mallorcari saldu zion. Baina ez zuen kontuan hartu.



Nortasun handiko jokalaria da. Odol berokoa. Oldarkorra delako izan dute gustuko entrenatzaileek. Inoiz ez da kikildu, eta hori estimatu dute jokatu duen talde guztietan. Athleticen ez eze, Valladoliden, Mallorcan eta Valentzian ere asko maite dute. Beroa izan da zelaian, eta zuzena kanpoan. Pentsatzen duena esaten baitu, aurrean dagoenari gustatu edo ez. Jokalari askok beste alde batera begiratzen duten egoeretan aurpegia eman du. Kazetariekin ika-mika handiak izan ditu. Baina beti aurrez-aurrekoak. Ez du beste inor bidali bere haserrearen berri ematera.

Baina Adurizek arrastoa utzi baldin badu, futbolari gisa izan duen mailagatik izan da. Talde bat asko maite duten futbolariak, edota nortasun handikoak, asko daude. Baina gutxi dira klub bat gorenera eramateko gai direnak. Bada, Aduriz buru Athleticek lortu duena nekez emango diote klubari hurrengo urteetan haren lekukoa hartuko duten futbolariek. Izan ere, gainerako taldekideen laguntzaz, kapaz izan zen Llorente, Javi Martinez eta Ander Herrera galdu zuen taldea onenen artean mantentzeko. Marcelo Bielsaren ondorengo Athleticen zutabe nagusia izan da. Tarte horretan ohiko bihurtu zen Athleticen ezohikoa dena: lau denboraldiz jarraian Europarako sailkatzea. Horrez gain, Espainiako Kopako bi finaletan izan da —bat galdu eta bestea ez da jokatu—, eta titulu bat ere irabazi zuen: Espainiako Superkopa.

Adurizek 30 urte bete ondoren lortu du aipatutako guztia, erdiko aurrelarien gainbehera hasten den sasoian. Orduan eman du bere onena. 142 gol sartu ditu adin hori gainditu ondoren. Guztira 172 sartu ditu elastiko zuri-gorriarekin. Athleticen historiako seigarren golegile onena da. Gol asko dira. Era guztietakoak, gainera: eskuinez, ezkerrez eta, batez ere, buruarekin. Eskarmentuak eman dion patxadari esker, jokalari bikaina bihurtu da. Urteekin burua hotz mantendu eta erabaki onak hartzen ikasi du.

Gol ahaztezinak

Eta hobekuntza prozesu horretan gau magikoak izan ditu. Superkopako finalean lau gol sartu zizkion Bartzelonari —hiru joanekoan eta bestea itzulikoan—. Genki bost egin zizkion Europa Ligan. Olympique Marseillari, berriz, gol ikusgarria egin zion Velodrome estadioan, ia zelai erditik. Valladolidi penaltiz hanka geldian sartutako gola aurrez inoiz ikusi gabe zegoen gorengo mailan. Aparta izan zen. Eta azken hegaldia San Mamesen egin du denboraldion, Bartzelonaren kontra. Azken minutuan, atzerako artaziarekin, garaipenaren gola sartu zuen. Ter Stegenek ez du inoiz ahaztuko. 20 zenbakiak 2020ko maiatzaren 20an esan du agur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.