Anoetako harmailetan, eta ikasketek uzten badiote, telebistan. Halaxe ikusiko dute, hurrenez hurren, bihar Anoetan jokatuko den derbia Maialen Zelaiak, Realeko jokalari ohiak (Donostia, 1988), eta Amaia Olabarrietak, Athleticeko jokalari izandakoak (Lezama, Bizkaia, 1982). Gogorazi dute partida «bereziak», «lehiatuak» eta «biziak» direla zelaian, eta kanpotik ere hala bizi dituzte. Anoetan aritzea beste mugarri bat da emakumeen futbolarentzat, haien ustez.
Derbia Anoetan jokatuko zela jakin zuenean, Zelaiak askotariko sentipenak izan zituen. Batetik, asko poztu eta hunkitu zen taldekide izan zituenengatik: «Batez ere urte asko daramatzatenengatik». Baina, bestetik, pena eta inbidia pixka bat izan zuen: «Nik ere bizi nahi nuke zer den Realarekin Anoetan jokatzea». Harmailetatik ariko da animatzen: «Garrantzitsuena da jendea partida ikustera bertaratzea, Realaren emakumezkoen taldean beste aurrerapauso bat delako, eta jokalari askoren urteetan egin dugun lana aitortzea».
Athleticek gainditua du mugarri hori. Halako zelai handietan jokatzea «oso berezia» da, Olabarrietak nabarmendu duenez. «Ikaragarria izan zen bzi izandako giroa. Denborarekin jabetzen zara zer esan nahi duen horrek, momentuan oso azkar pasatzen baita».
Uste du partida horietan pilatutako eskarmentuak abantaila txiki bat ematen diola Athletici biharko norgehiagokan: «Zelaia handiagoa izanda, gehiago kostatzen zaizu kokatzea». Bestalde, oso gogoan du lehen neurketan izan zuen sentipena: «Hasiberri bat bezala sentitzen zara, eta urduritasun moduko bat duzu. Denak zuri begira daude, eta ez duzu huts egin nahi. Ardura moduko bat duzu. Lehiaz baino gehiago, giroaz disfrutatzen duzu».
Beraz, zuri-gorriak ikusten ditu faborito: «Anoetan jokatzeko presioaz gain, Realak oraindik ez dauka ziurtatuta Espainiako Kopan jokatzea, eta gutxienez puntu bat batzen ez badu, beste emaitzen menpe egon beharko du. Athleticek hori baliatu behar du».
Zelaiak ez du hala uste: «Nire iritziz, bi taldeak ilusio eta zirrara berarekin egongo dira. Urduritasun pitin bat izatea normala da, baina denak ariko gara haiek babesten». Taldea, gainera, «ondo» ikusi du. «Hasiera oso gogorra izan zen. Nola entrenatzen ziren eta taldeak zer maila zuen kontuan hartuta, ezin nuen sinetsi sailkapenaren azken postuan egotea. Lan handia egin behar izan dute egoera iraultzeko, eta uste dut orain konfiantzarekin daudela. Oso ondo jokatu zuten Ligan goiko taldeen aurka jokatutako partidetan. Erakutsi zuten gai direla edozein aurkariren kontra nor baino nor gehiago lehiatzeko».
Ausartu dira pronostiko bat ematera, baita beren taldearen golak nortzuek sartuko dituzten esatera ere. Zelaiarena hauxe da: «Realak 2-1 irabaziko du. Nahikarik eta Sandrak [Ramajo] sartuko dituzte golak». Olabarrietarena, hauxe: «Athleticek 1-2 irabaziko du. Erikak eta Yulemak sartuko dituzte golak».
Gogora ekarri dituzte eurek jokatutako derbiak, eta bat datoz: «Egutegia zozketatzen zenean, erreparatzen genion lehen gauza zera izaten zen, derbiak noiz ziren». Partidako astea berezia izaten da: «Astelehenetik nabari zen, eta entrenamenduetan bizitasun hori ikusten zen. Badira norgehiagokak jokalariengan eragin hori dutenak, eta derbia horietako bat da».
Olabarrietak azaldu ditu zelaiko bizipenak: «Joko aldetik ez dira jokatzeko politenak: eten eta bakarkako lehia asko daudelako. Nik beti pentsatu izan dut halako partidetan indar eta kasta handiena duten jokalariek jokatu behar dutela. Baina izugarri disfrutatzen duzu, aurrean dituzun asko lagunak direlako, eta dagoen giroa dagoelako».
Proiektu «sendoak»
Biek harremana dute taldekide izanikoekin, eta gertutik erreparatzen diote haien jardunari. Olaberrietak «oso ondo» ikusi du Athletic emaitza aldetik, baina «gorabeheratsu» joko aldetik. «Oso txukun jokatu du talde onenen kontra, baina ikusi dizkiot norgehiagoka kaskarrak ere, ustez talde ahulagoen kontrakoak». Nabarmendu du meritu handia duela hirugarren geratzea: «Sailkapenean hala amaituz gero, denboraldia oso ona izango da».
Nabarmendu du bide onetik doala azken denboraldietan taldean gertatzen ari den belaunaldi aldaketa: «Igo diren jokalariek kalitate handia dute, eta uste dut, gainera, gai izango direla taldearen zama beren gain hartzeko. Pazientzia izan behar da, eta gauzak ondo egin. Izan ere, emaitzetatik harago, talde batean gauza asko gertatzen dira, eta horiek kudeatzen jakin behar dute».
Zelaiaren irudiko, denboraldiak «hazteko» balio izan die bai jokalariei eta bai taldeari, gogorra izan arren. Sandra Ramajoren adibidea jarri du: «Sekulako aurrerapausoa eman du; sasoi oso ona egiten ari da».
Geroari ere erreparatu dio: «Sasoiz sasoi, Realaren proiektua sendotzen ari da. Horretarako ari da lanean etxekoekin, eta hutsuneak dauden postuetan jokalariak fitxatzen. Horretan oreka bat bat lortuz gero, eta batez ere etxeko jokalarien multzoari eutsiz gero, gora egiten segituko du». Oreka bilatze horretan, atzera begiratzearen garrantzia nabarmendu du: «Etxekoei esker atera zuten aurrera proiektua, eta egun dagoen lekuan jarri. Hor dago taldearen esentzia».
Biak «pozik» bizi dira futboletik urrun. Lagunak, familia, lanak, ikasketak... Ez dute zeregin faltarik. «Zale gisa, oso pozik nago. Niretzako denbora behar nuen, eta futbolaz pixka bat ahaztu. Neure burua ez dut ikusten futbolari lotuta», dio Zelaiak.
Baloia apenas ukitu duen erretiroa hartu zuenetik. Dena den, aitortza txiki bat egin du: «Azkenaldian partidaren bat jokatzeko gogoa pizten ari zait».Olabarrietak lesio larria izan zuen belaunean, eta ezin du kirolik egin.
Zelaitik urrun ere «berezia»
Maialen Zelaia eta Amaia Olabarrieta Realeko eta Athleticeko jokalari ohiek derbi «lehiatua eta bizia» espero dute bihar Anoetan. Biek taldekide ohiak jotzen dituzte faboritotzat, sasoi onean ikusten baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu