Entrenatzailearen erabakiak, lesioak, minutu pilaketak edo beste arrazoiren bat tarteko, Realean ez dira gutxi zelaitik aulkirako bidea hartu behar izan duten jokalariak. Lauzpabost bai, gutxienez, denboraldia hasi zenetik. Harrobiko jokalarien lan onak, beste batzuen hobekuntza nabarmenak eta Sergio Canales fitxatzeak izan dute zerikusirik horretan. Lehen euren postuan errege ziren hainbat pilak kargatu eta Jagoba Arrasateren konfiantza irabazi beharrean dira orain.
CARLOS MARTINEZ
Zaldua agertu zaio parean
Atzeko lerroko eskuin hegalean igar daiteke aldaketa nabarmenena Realaren hamaikakoan. Orain hilabetera arte Carlos Martinez jaun eta jabe zen, Dani Estradak berak ere min hartuta baitarama sasoi osoa, baina beste izen bat agertu da azken jardunaldietan, ezustean: Joseba Zaldua. Carlos Martinez Txapeldunen Ligako, ligako eta Kopako minutu guztiei aurre egin ezinda zegoelako, Arrasatek harrobikoari eman zion aukera, eta hark ez du alferrik galdu. Erakutsi duen mailak zur eta lur utzi ditu gehienak, eta postuaren jabe egin da.
Carlos Martinezek hemezortzi partida jokatu ditu ligan, baina azkenaldian aulkian egon da. «Zaila da hori onartzea, are zailagoa gauetik goizera gertatuta», esan du asteon. Sevillaren aurka, gainera, deialditik at geratu zen. «Lanean segituko dut lehengora itzultzeko». Zaldua ez bada osatzen, Rayoren aurka joka dezake.
MIKEL GONZALEZ
Erregulartasunik ez
Protagonismoa galdu duen beste jokalari bat Mikel Gonzalez da. Batez ere, erregulartasun faltagatik. Iragan sasoi ahaztezinean ikusgarri aritu zen, inork espero ez bezala. Ligako defentsarik onenetakoa osatu zuen Realak harekin eta Iñigo Martinezekin. Denboraldi honetan, ordea, gorabehera ugari izan ditu arrasatearrak, lesioak tarteko. Partida on askoak jokatu ditu, Racingen aurkako Kopako norgehiagokan bi gol sartu zituen, besteak beste (3-1), baina jarraitutasunik ez du izan.
Jon Ansotegi ondo aritzeak ere izan du eraginik Mikelek gutxiago joka dezan. Philippe Montainerrek apenas hartzen zuen kontuan Ansotegi, baina Arrasaterentzat pieza garrantzitsua da. Pentsa, Liassie Cadamuro ere Mallorcara joan zen utzita. Ansotegik, baina, zail izango du Rayoren aurka jokatzea, eta Mikelek aukera ona izango du berriro ondo sentitzen hasteko. Horrez gain, Mikel ezinbestekoa da ere zelaitik kanpo taldearen oreka mantentzeko.
ALBERTO DE LA BELLA
Jokatzeko irrikan, baina...
Datu bat aski da Alberto de la Bellaren egoeraz jabetzeko. Iragan sasoian bi partida soilik huts egin zituen ligan: bata txartel pilaketagatik eta bestea min harturik zegoelako. Realaren balentria lortzeko ezinbesteko jokalaria izan zen. Sasoi honetan, ordea, hiru hilabete baino gehiago daramatza jokatu gabe. Partida garrantzitsu ugari galdu ditu. Abenduaren 6an hartu zuen min, hain justu, Algecirasen (Espainia). Baloi bat alboko marratik irten ez zedin, zangoa luzatu eta baloia berreskuratzen ahalegindu zen, baina min hartu zuen ezker hankako oineko behatz batean. Buruhauste franko izan du geroztik.
Orain dela bi astetik, halere, taldekideekin entrenatzen ari da, eta jokatzeko moduan dago. Ordea, Jose Angel topatu du bere postuan. Espainiarrak hobekuntza nabarmena izan du azken hilabeteotan, eta entrenatzailearen konfiantza bereganatu du. De la Bellak zail izango du postua berreskuratzea.
XABI PRIETO, ZURUTUZA, PARDO ETA AGIRRETXE
Sartu eta irten dabiltza
Zelai erdia da, zalantzarik gabe, Realean lehiakortasun handiena dagoen tokia. Hainbat jokalari ditu aukeran Arrasatek: Markel Bergara, Gorka Elustondo, Jon Gaztañaga, Ruben Pardo, Javi Ros, Xabi Prieto, Canales, David Zurutuza... Hiru lehiaketa tarteko, orain arte guztiek izan dute jokatzeko aukera, baina orain ligan soilik ari direnez, aulkira egokitzen ari dira asko. Prietok eta Pardok, esate batera, gutxi jokatu dute azken jardunaldiotan. Elustondo eta Markelek entrenatzailearen konfiantza dutela aintzat hartuta, Prietok eta Pardok ez dute erraza tokirik topatzen. Ezta Zurutuzak ere. Dena den, azken partidetan itxura ona eman du.
Canales da iritsi eta atea zabalik aurkitu duena. Arrasatek hiru ezker zelairatu izan ditu behin baino gehiagotan: Canales bera, Antoine Griezmann eta Carlos Vela. Azken biak seguruak dira hamaikakoan. Imanol Agirretxe geratu da lekurik gabe. Denboraldi hasieran Haris Seferovic zuen arerio, baina orain ez. Orain 4-3-3ko sistemarekin jokatzen hasi da Reala, eta usurbildarrak ez du nahi adina jokatzen. Ez, behintzat, etxetik kanpoko partidetan, kontraerasoa behar denean.
Zelaitik aulkirako bidean
Sasoia hasi zenetik aldaketa dezente izan dira Realaren hasierako hamaikakoan. Harrobiko jokalarien lan onak, lesioek eta Canales fitxatzeak eragina izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu