Astebete barru beteko ditu 39 urte VanesaGimbert Athleticeko jokalariak (Bergara, Gipuzkoa, 1980). Futbolari asko erretiroa hartuta edo horretan pentsatzen egon ohi dira adin horrekin, baina zuri-gorrien erdiko atzelariak markak gainditzen segitzen du. Sasoi honetan minutu guztiak jokatu dituen Espainiako Lehen Mailako jokalari bakarra da: 2.350 minutu. Aurreko sasoian ere ligako minutu guztiak jokatu zituen, gainera. Beraz, 56 neurketa daramatza atsedenik hartu gabe. Golak sartzen ere ari da. Azken biak Levanteri sartu zizkion, aurreko jardunaldian.
Askok galdetzen diote zein den horretarako sekretua: «Asko zaintzen dut neure burua. Goi mailako kirolari izanda, ardura hori dugula uste dut. Beti ikusi izan dut nire ogibidearen parte gisa. Ohitu egiten zara horretara. Ez diot ezeri uko egin behar izan horregatik. Behintzat, ez dut horren sentipenik».
Gainera, lesioekin ere zoria alde izan du: «Genetika kontua ere badela esan izan didate». Halaber, txartelengatik ere ez du partidarik galdu: «Ez naiz sekula jokalari gogorra izan, eta esperientziak behar bezala kokatzen lagundu dit lehietan».
Onartu du, hala ere, «oso zorrotza» dela bere prestakuntzarekin eta elikadurarekin. «Adinean aurrera joan ahala, hori erabakigarria da». Zer egiten du, bada? «Garbi eta osasungarri jaten dut, eta garrantzi handia ematen diet indarberritzeari eta atsedenari». Horrekin batera, entrenatzaile taldearekin eta prestatzaile fisikoarekin adostutako entrenamendu plan bat du. Iraia Iturregi taldekide ohia da prestatzaile fisikoa, eta hark ondo ezagutzen du. «Adibidez, ariketa batzuetan txandaka jartzen naute, eta, fisikoki estu samar nagoenean, egokitu egiten dizkidate. Izugarri zaintzen naute». Indar ariketak moldatzen dizkiote batez ere, gainkargak saihesteko. Gainera, entrenamendu bakoitzaren ostean masajea hartzen du, eta hainbat ariketa egiten ditu hobeto errekuperatzeko. Baina 56 partida horietan ez du pentsatu entrenatzaileari atseden emateko eskatzea. «Oso gaizki egon izan banintz, entrenatzaileak berak erabakiko zuen ni ez jartzea. Artean, nire onena ematen segitu nahi dut. Gutxienez, sasoia amaitu arte».
Izan ere, oraindik ez du erabaki datorren denboraldian jokatzen jarraituko duen. «Orain, geratzen zaizkigun lau partidetan jarri nahi dut arreta osoa. Gero, sasoia nola joan den aztertu, eta erabakiko dut zer egin». Beti gertatzen zaio hori: «Ingurukoek beti esaten didate sasoiak daramatzadala esanez erretiroa hartuko dudala. Baina gero beti topatzen dut motibazio bat jarraitzeko». Sasoi honetan, adibidez, goizez entrenatzen hastekoa izan zen: «Hori lortzea oso garrantzitsua izan da».
Laugarren postuari eustera
Bihar Albaceteren zelaian jokatuko dute zuri-gorriek. Partida «dirudien baino zailagoa eta gogorragoa» izango dela nabarmendu du Gimbertek. «Haientzat hil edo biziko neurketa da, bete-betean baitaude sartuta jaitsierarako borrokan. Haiek baino intentsitate handiagoarekin jokatzen ez badugu, asko kostatuko zaigu hiru puntuak lortzea. Azken sasoietan hala izan da beti».
Levanteren aurka irabazi eta gero, taldea «maila onean» ikusten du. «Gorabehera dezenteko bolada batetik gentozen, eta kosta egiten zitzaigun partidak irabaztea. Garaipen hori bultzada handia izan da». Orain, laugarren daude sailkapenean, eta geratzen diren lau jardunaldietan horri eustea dute helburu: «Ez da erraza izango, atzetik ditugun taldeak asko estutzen ari baitira. Ziurtatzeko, lau partidak irabazi behar ditugu. Laugarren amaitzeak meritu handia izango luke, Atletico Madril, Bartzelona eta Levante oso talde indartsuak baitira».
Denboraldiari «7,5eko nota» jarri dio. Berriro lehiakor izana nabarmendu du: «Berriro ere sailkapenaren goialdean egon gara, eta gure izaera lehiakorrari eutsi diogu. Gainera, jokalari garrantzitsu batzuk denbora luzez min hartuta egon direla lortu dugu: Maite, Yulema...». Baina gogorarazi du beti dagoela zer hobetua: «Erregulartasuna falta izan zaigu, eta maila berean jokatzea etxean eta etxetik kanpo».
Klubak berriki iragarri du Joseba Agirrek taldeko entrenatzaile izateari utziko diola denboraldi amaieran, eta kirol zuzendari izango dela. «Oso lan ona egin du. Asko ikasi dugu harekin. Jokalari ohia izanda, gure lekuan jartzen jakin du, eta oso gertukoa izaten. Hori izugarri eskertu dugu».
Aldi berean, nabarmendu du aldaketa batek mesede egin diezaiekeela. «Erabakiaren berri ematean, Josebak berak esan zigun komenigarria zela aldatzea, lau denboraldiren ostean guztiok behar baititugu pizgarri berriak; bai guk, baita berak ere».
Zelaian, gero eta gazteago
Vanesa Gimbertek osorik jokatu ditu azken 56 partidak. «Oso zorrotza» da bere eguneroko prestakuntzan, baina nabarmendu du ez diola ezeri uko egin behar izan horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu