Zelaia daukanak altxorra dauka

Kirola egiteko baldintza oso ezberdinetan bizi dira Arantza Moreno eta Odei Jainaga xabalina jaurtitzaileak. Moreno gurasoekin bizi da, pisu batean. Garajea atondu du entrenatzeko, baina ezin du jaurti. Jainaga, berriz, zelai zabal batek inguratuta bizi da. Denetik du, eta jaurti ere egin dezake.

Odei Jainaga, jaurtitzen, eta Arantza Moreno, ariketak egiten. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Konfinamendu guztiak ez dira berdinak. Badira eramaten errazagoak direnak. Bizilekuak zerikusi handia du. Ez da gauza bera pisu batean bizitzea edo zelai zabal batek inguratutako etxe batean.

Mutur banatan daude Arantza Moreno (Ermua, Bizkaia, 1995) eta Odei Jainaga (Eibar, Gipuzkoa, 1997) xabalina jaurtitzaileak. Morenok Iruñea dauka ohiko bizilekua; Jainagak, berriz, Getxoko (Bizkaia) Fadurako Goi Errendimendurako Kirol Gunea. Baina biek aldatu dute bizilekua. Moreno Ermuan dago, gurasoen etxean. Pisu handia da, ehun metro koadro ingurukoa, baina ez da aski ia bi metro eta erdi luze den xabalinari tokia egiteko. Gainera, bete-betea dago, bost lagun bizi baitira: Morenoren gurasoak, ahizpa bat [Mirene, Bera Berako jokalaria], amona bat eta Moreno bera. Are beteagoa dago Jainagaren etxea, hartaz gain beste bost lagun bizi baitira: izeba bat, hiru lehengusu eta entrenamendukide bat. Baina tokia ez da arazo. Sobera dute. Mendian, zelai zabal batek inguratutako etxe batean bizi dira, Mutrikun (Gipuzkoa). Nahi adina toki dago kirola egiteko, baita xabalina jaurtitzeko ere.

«Mendian gaude, bakar-bakarrik, naturaz inguratuta; xabalina jaurti dezaket... Luxuzkoa da. Inoiz ez dut izan etxean preso egotearen sentipena. Kostako zait ohiko bizilekura itzultzea», aitortu du Jainagak. «Inbidia handia» besterik ezin du sentitu Morenok hori entzundakoan. «Oso zortekoa da Odei. Gustura hartuko nuke». Badaki zertaz ari den. «Hasieran, Manu eta Nico Quijera entrenamendukideen etxean egon nintzen. Zuluetan bizi dira, Iruñea ondoko herri txiki batean. Xabalina jaurti ez beste, denetik egin genezakeen. Baina koronabirus kasu bat izan zen familian, Olinpiar Jokoak atzeratu zituzten, eta etxera itzultzea erabaki nuen. Itxura zuen luzerako joango zela, eta etxean egon nahi nuen. Kirola bigarren mailan utzi nuen».

Ordutik, garajea dute entrenamendu gune berak eta ahizpak. «Hasieran, gutxienekoa genuen: baloi medizinal bat, haltera pare bat eta goma batzuk. Ez zen asko, baina balio zezakeen. Baina gero, herriko gimnasio bateko arduradun batek makina bat material utzi zigun. Izugarri eskertu genuen». Askoz gehiago eskertu dute orain kalean kirola egiteko aukera izatea. Jainagak, ordea, ez du aldea nabaritu. «Guk beti egin ahal izan dugu kirola. Zorte handia izan dugu». Hala ere, aitortu du «zaila» dela «diziplinari eta motibazioari» eustea. «Oso gustura gaude hemen, eta, tarte batean txapelketarik jokatuko ez denez, batzuetan zeure buruari galdetzen diozu ea zertarako entrenatu behar zaren».

Ados dira biak: «albiste ona» da Jokoak atzeratu izana. «Oso zail ikusten nuen sailkatzea, eta gero eta presio handiagoa ari nintzen sartzen neure buruari. Lasaitua hartu dut. Urtebete dut hobetzeko», esan du Morenok. «Indartsu ekin nion denboraldiari, baina, gero, minez hasi nintzen. Ez nengoen egoera onenean sasoiaren txanpa erabakigarriari aurre egiteko. Ondo etorriko zait indarberritzeko», azaldu du Jainagak.

Biek dute esperantza denboraldia bukatu aurretik txapelketaren bat jokatzeko. Bitartean, sasoiari eusten saiatuko dira. Morenok, gainera, topatu du modua etxean geldirik ez egoteko. «Boluntario lanetan ari gara ahizpa eta biok. Hasieran, adinduei erosketak eramaten ibili ginen. Orain, berriz, maskarak banatzen ari gara. Laguntzeko garaia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.