Aulkiak erre zuen. Baina aulkia behar du biziberritzeko. Mungia eta Logroño artean, «bizitzako momenturik onenean» dago Miguel Angel Lotina, bere garaian Osasunako eta Realeko entrenatzaile izan zena. «Oraingoz», atea itxi dio Espainiako Ligari. «Baina zerbait lotzeko zorian gaude». Atzerrian. «Uztailerako talderen bat zuzentzen ariko naizela uste dut». Sufritu gabe gozatzea zer den ez dakielako bizkaitarrak.
Futboletik gertu bizi al zara, edo nekatuta amaitu zenuen?
Telebistan ikusten ditut partida gehienak. Aurreko denboraldian dezentetan joan nintzen San Mamesera, baina ordutegi berriekin ia-ia hobe da etxean lasai ikustea, denei jarraipena egiteko. Txapeldunen Ligako eta Espainiako Ligako Lehen eta Bigarren Mailako partida gehienak ikusten ditut.
Eskaintzarik jaso al duzu Vila-realeko abentura amaitu zenetik?
Bai... Bi kontu eduki ditut, baina ez oso serioak. Zer moduz nengoen eta aukera sortuz gero prest egongo ote nintzen galdetu zidaten. Baina Espainiako Ligan lan egiteko gogo gutxirekin nago; gutxirekin, edo batere gabe. Kanpora joateko ametsarekin nago. 24 urte igaro ditut Espainiako Ligan, eta, maila guztiak kontuan hartuta, ni izango naiz partida gehien zuzendu duena. Kolpe gogorrak hartu ditut, ordea, bidean.
Zaleek zergatik ez dute gogoratzen Numantzia edo Osasunarekin Lehen Mailara igo zinela; Celtarekin Txapeldunen Ligara iritsi zinela; Espanyolekin Kopa irabazi zenuela; edo Deportivorekin UEFAn sartu zinela?
Ez dakit... Egia da nire ibilbideak punta asko dauzkala; goraka eta beheraka. Hiru talderekin sartu naiz UEFAn, eta hori ez da erraza. Txapeldunen Ligan ere sartu ginen Celtarekin; Kopa irabazi genuen Espanyolekin; Numantziarekin eta Osasunarekin igo egin ginen... Jaitsierak ere badauzkadala? Bai. Baina Espainiako Ligan entrenatzaile gutxik daukate nirearen pareko ibilbidea. Real Madril edo Bartzelona entrenatu ez dutenen artean, Clemente, Irureta, Juande Ramos eta Benitezek. Beste inork ez. Baina jaitsierek pisu handia daukate.
Min emango du, hala ere, gehienek Logroñes, Celta, Reala, Deportivo eta Vila-real jaitsi zenituela esaten dutela ikusteak, ezta?
Bai... Vila-realekin Bigarren Mailara jaitsi eta hurrengo egunean semeari eta emazteari esan nien amaitu zela Espainiako Ligako ibilbidea. Atzerrian zerbait sortzen bazen, atzerrira joango nintzela, oraindik gaztea naizelako eta ilusioa daukadalako. Izugarrizko poza hartu zuten biek.
Hainbeste sufrituta merezi al du beste erronka bati heltzea?
Bai, bai. 55 urte dauzkat; 62-63 edukiko banitu, horrela jarrai nezakeela pentsatuko nuen, ziurrenik. Baina gazteegia naiz lan egin gabe bizitzeko. Ondo nago fisikoki, ez daukat arazorik, eta betidanik izan naiz oso abentura zalea.
Ingalaterra, Alemania, Italia eta Frantziako ligak daude goi-goian, baina Qatar aldera ere joaten dira asko. Zer dago Lotinaren buruan?
Ezeri ez diot biderik itxiko. Ingelesez pixka bat badakit, eta hizkuntzak hobetu, jendea ezagutu... Zergatik ez saiatu? Entrenatzeko adin egokian nago. Ez daukat ezer lotuta, baina uztailetik aurrera kanpoan lanean ariko naizen itxura guztia dauka egoerak.
Damutzen al zara urteotan egindako edo egin gabe utzitako zerbaitetaz?
Beti pentsatzen da «hau egin banu eta ez banu». Gauzei buelta asko eman zalea naiz; zerbait egin aurretik dena ondo aztertzea gustatzen zait. Baina egindakoa eginda dago, eta kito. Ezin da ibili, une oro, atzera begira.
Zure kirol ibilbidea Osasunari eta Realari lotuta egon da. Igandean, 19:00etan, Sadarren, Osasuna-Reala. Nolako partida espero duzu?
Talde gogorra da Osasuna. Aurkariari ez dio aukera askorik ematen, eta eurek ere ez dute asko edukitzen. Gola sartzen badute, irabazi egiten dute normalean; baina gola jasoz gero, sufritu egiten dute. Denboraldi guztikoa espero dut Osasunarekin, baina Realarekin daukat zalantza gehiago. Reala gai bada Sadarren ere maila on hori mantentzeko, laugarren postua eskura daukala pentsatuko dugu denok. Denei kostatzen zaie asko etxetik kanpo bi partida jarraian irabaztea. Zelai gogorra da Sadar, baina gozagarria ari da izaten Reala ikustea.
Txapeldunen Ligan sartzeko moduan ikusten duzu Reala? Eta, sartuz gero, zer beharko luke taldeak Europan ondo aritzeko?
Kontuz Realaren taldea hobetzeko helburuarekin. Atzealdean egin daiteke, agian, fitxaketaren bat, lesioei edo zigorrei aurre egiteko. Baina zelai erdian eta aurrean oso jokalari onak dauzka Realak, eta diru asko behar da horiek baino hobeak ekartzeko. Realak jokoa dauka, eta abiadura, kalitatea eta gola ere bai. Hori bai, nire ustez defentsako lanean egin du gora. Carlos Martinezek eta De la Bellak pauso bat eman dute gora. Lehen ere ondo jokatzen zuen Realak, baina aurkariari aukera asko ematen zizkion beti.
Osasunari dagokionez, mailari eusteko arriskurik badago?
Ez dut uste... Baina normala da Raul Garcia eta Nekunam galdu dituen taldeak sufritzea. Zenbat gol sartu zituzten biek aurreko denboraldian? Ikaragarria da biak galtzea. Hori bai, Sadar dauka alde Osasunak. Zelai batzuetan puntu asko irabazten dira, eta horietako bat da Sadar.
Jose Luis Mendilibar eta Philippe Montanierren azterketa txiki bat egiteko eskatuz gero?
Montanier ez dut asko ezagutzen, baina Mendi [Mendilibar] eta biok lagun onak gara. Mendilibarrek beti jokatzen du berdin; tentsioa, aurkariari presio handia... Montanierrek, berriz, segi dezala horrela, gauzak ondo doazenean aldaketa gutxi egin behar direlako.
Hanka eta erdi Realetik kanpo eduki zuen joan den denboraldian...
Bai, bai. Eta denboraldi honetan ere bai. Horregatik da hain handia futbola. Realetik bota balute, itxita edukiko zituen Espainiako Ligako ateak; eta orain, agian, horrela amaituz gero, Valentziak, Sevillak edo Atletico Madrilek fitxatuko du. Hauxe da futbola.
Osasunan egon zineneko momenturik onena?
Bigarren Mailan sei urte igaro ondoren, igoera, zalantzarik gabe.
Eta txarrena?
Lehen Mailara igota momentu txar bat eduki genuen, eta mirari bati esker ez gintuzten kendu kargutik. Indar Gorriri esker izan ez balitz, kanpoan egongo nintzen.
Realeko momenturik onena?
Tarragonan irabazi eta mailari eusteko aukera geneukala ikusi genuen eguna.
Eta txarrena?
Sadarren Osasunaren aurka galdu genuen partida. Eta Racingen aurka ere zorte txarra eduki genuen azken penaltiarekin.
Meñakarra, Athletic zalea... Athleticeko entrenatzaile izatea da, agian, falta zaizun erronketako bat?
Ez... Oraingoz itxita daukat Espainiako Ligako atea, baina buelta asko ematen ditu futbolak, eta auskalo! Valverde bera atzeko atetik atera zen Bilbotik, eta orain denek nahi dute taldean. Athleticeko entrenatzaile izateko momentua eduki nuen, baina zorte pixka bat falta izan zitzaidan.
Zein jokalari eramango zenuke beti zure proiektu berrietara?
Xabi Prieto edozein lekutara eramango nuke; harrigarria da. Kanpora zoazenean, aurrean min egiten duenen bat eraman beharra dago, eta Xabi Prieto edozein ligatara egokituko litzateke ondo. Vela ere bai; Llorente, Aduriz... Eta Puñal edo Orbaiz ere bai, bost urte gutxiago edukiko balituzte.
Miguel Angel Lotina. Entrenatzailea
«Zelai gogorra da Sadar, baina gozagarria da Reala ikustea»
Aulkiko tentsiotik urrun, gozatzen ari da Miguel Angel Lotina, nahiz eta proiektu bat lotzeko zorian dagoen. Derbiari begira, Osasunaren jokoak sekreturik ez daukala argitu du, baina zalantza gehiago dauka Realarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu