Ikusmira handia da, eta askok ez dute batere argi nork irabaziko duen txapelketa. Bi bikoteak bikain aritu dira txapelketan, baina finalean ere hala aritu beharko dute txapela irabazteko. Iñaki Artolak lehen final handia jokatuko du, Jon Mariezkurrena bikotekide indartsuarekin batera. Ezkurdiak eta Rezustak, berriz, eskarmentu handiko bikotea osatzen dute, eta sasoi betean daude. Finalerako egun gutxi falta diren honetan, espero da norgehiagoka orekatua eta zirraragarria izatea.
Iñaki Artola baikor agertu zen astelehenean BERRIAn argitaratutako elkarrizketan, eta «poza eta ilusio handia» dituela adierazi. Horrez gain, kontatu zuen ez duela «presio handirik sentitu» txapelketan. Halaber, Jokin Etxaniz zuzendari teknikoak ziurtatu du Aspeko pilotariak ere bete-betean daudela: «Sasoiko daude eta izugarri gozatzen ari dira; borrokarako prest daude».
[INKESTA] Zein bikotek irabaziko du Eskuz Binakako Txapelketa? Igandean jokatuko dute finala Mariezkurrena-Artola eta Rezusta-Ezkurdia bikoteek ⚾️🏆
— Berria.eus (@berria) March 26, 2025
Idatzi txio batean emaitza zehatza.https://t.co/zUfNXjpNvQ
BERRIAren Whatsappeko kanalean eta Instagrameko istorioetan ere erantzun daiteke.
Finalistek bi partida jokatu dituzte elkarren aurka binakako txapelketan, eta bietan Ezkurdia eta Rezusta izan dira garaile. Lehen partida abenduaren 25ean jokatu zuten, Eibarko Astelena pilotalekuan; zazpi tantoren aldearekin galdu zuten alegiarrak eta berriozartarrak. Martxoaren 8an ere aritu ziren nor baino nor gehiago, finalerdietan, Iruñean; orduan ere Ezkurdiak eta Rezustak irabazi zuten, lau tantoren aldearekin.
Dirudienez, baina, Artola eta Mariezkurrena neurria hartzen ari zaizkie faboritoei; izan ere, partidaz partida, elkarren arteko tanto aldea txikituz joan da. Hala ere, Ezkurdiak eta Rezustak gogo biziz jokatuko dute, binakako hirugarren txapela lortzeko asmoz. Gertatzen dena gertatzen dela, baina, final ikusgarria izango da.