Egin beharrekoak eginda, final-laurdenetan dira Argentina eta Herbehereak. Australiari eta AEBei irabaztea zegokien, eta ez dute hutsik egin. Helburua aise bete du Louis van Gaalen taldeak, hortzak estutu behar izan gabe. 3-1 gailendu zaizkio amerikarrei. Zuri-urdinek, ordea, arnasestuka bukatu dute Australiaren kontrako neurketa. Gol bakarreko aldearekin nagusitu dira, 2-1, eta Australia luzapena behartzeko zorian izan da. Datorren ostiralean, elkarren aurka jokatuko dute gaur sailkatu diren bi taldeek.
Larritasunak larritasun, Argentinak merezita lortu du txartela. Aurkaria baino dezentez hobea izan da. Halere, Australiaren nahia bete da neurketaren lehen ordu erdian. Argentinarrak izan dira baloiaren jabe, baina zailtasun handiak izan dituzte lerro artean jokoa sortzeko. Modu antolatu eta koordinatuan defendatu a Australia. Bere zelaian pausatu, eta ez du zirrikiturik txikiena ere utzi. Hori gutxi ez, eta baloi jabetza luze batzuk ere izan ditu, Argentinak goian estutu ez duenean. Pazientzia ariketa egin behar izan dute Lionel Scaloniren mutilek.
Guztiz trabatuta zegoen neurketa, harik eta Messi libragailua atera duen arte, 36. minutuan. Area barruan Otamendiren kontrol txar bat jaso, eta leuntasunez bukatu du jokaldia. Jaurtiketa bainoago, pasea egin du sareetara. Betiko Messi, profesional gisa jokatu duen 1.000. partidan.
Australiak aurrerapausoa eman du atsedenetik bueltan. Zer erremedio. Ez dute jokaldi arriskutsurik sortu, baina pare bat aldiz, estu hartu dute Emiliano Martinez atezaina. Doi-doi bada ere, urrundu du baloia. Ryan, aitzitik, ez da horretarako kapaza izan 57. minutuan: Julian Alvarezek baloia ostu dio atezain australiarrari, eta oparia probestu. 2-0.
Lehia, ordea, ez zegoen erabakita. 77. minutuan, Enzo Fernandezek bere atean sartu du jaurtiketa desbideratu bat. Kirioak dantzan harmailetan, baita zelaian ere. Sufritu egin du Argentinak. Beich banakoa egitear izan da, bakarka. Gero, lasaitzeko gola gertu izan du Lautarok. Eta bukaeran, salbatzaile agertu behar izan du Emilianok, Kuolen jaurtiketa gelditzeko.
Dumfriesen erakustaldia
Asmo onak, baina letagin kamutsak izan dituzte AEBek. Protagonista izaten saiatu dira, baina ezin izan dute ezer egin aurkari sendoago eta eraginkorrago baten aurrean. Johan Cruyffen estiloaren maitaleek aurpegia zimurtuko dute Louis van Gaalen taldea ikusita. Baina kontua da, Herbehereak lehiakor dabiltzala berriro. Distirarik gabe bada ere, erraz sartu dira final-laurdenetan, hiru gol sartuta. Hiruretan jokalari bera agertu da, eta ez da Gapko izan, Dumfries hegalekoa baizik: lehen bi golak eskaini, eta hirugarrena berak sareratu du.
Hasi orduko, laranjondoa indarrez astindu dute AEBek: Pulisic bakarrik gelditu da Nopperten aurrean, baina atezainak zangoarekin gelditu dio jaurtiketa. Saskia prest zuten amerikarrek, baina laranjak gainera erori zaizkie, erauntsian. Jokaldi azkarra egin dute Herbeherek, esker-eskuin, eta Dumfriesen erdiraketa maisuki sareratu du Depayk. 10. minuturako, aurretik zen Louis van Gaalen taldea.
Bultza egiten jarraitu dute AEBek. Bere zelaian sartu dute aurkaria. Alabaina, joan etorrian eroso egon dira Herbehereak. Kosk egin dute kobazulotik atera diren aldiro. De Jongek Depay aurkitu ahala, dar-dar egin du amerikarren atzeko lerro ahulak. Erraztasun handiegiak eman dituzte defentsan. Hala, atsedena ate joka zela, Herbehereen bigarrena egin du Blindek, Dumfriesen beste goleko pase bat baliatuz. Alboko sake batean egon da jatorria. Tentsio falta handia izan du Gregg Berhalterrek zuzenduriko taldeak.
Ez du amore eman, bederen. Europarrek, berriz, erritmoa geldotzea izan dute helburu bigarren zatian. Baloia alderik alde mugitu, eta falta bidez gelditu dute Pulisic. Depayk gertu izan du hirugarrena, eta gero, akatsak egin ditu atzean. Horietako baten ondotik iritsi da AEBen gola, 76. minutuan, Wrighten erremate harrigarri batekin. Gutxi iraun du zirrarak, Dumfriesek 3-1ekoa egin baitu bost minutu geroago. Arean bakarrik azaldu, eta aurrelari baten trebeziaz zulatu du Turnerren atea. Kito. Hala bukatu da amets amerikarra.
QATARKO MUNDUKO KOPA
Zegokiena egin dute Argentinak eta Herbehereek
Argentinarrek sufritu egin dute Australiari irabazteko (2-1). Herbeheretarrek, berriz, nagusitasunez hartu dituzte mendean AEBak (3-1). Elkarren aurka ariko dira final-laurdenetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu