Kontxako Banderan, sasoiko lehiarik garrantzitsuenean, egoteko borrokan arituko dira gaur 23 ontzi Donostiako Badian (17:45, ETB1). Zazpirentzat bakarrik dago tokia. Goi mailako talde batzuk tramitea pasatzera aterako dira; beste batzuek, aldiz, lehen aldiz sailkatu nahi dute.
Aurten ezustea ematera deitua dagoen taldeko arraunlaria da Aritz Irigoien (Oiartzun, Gipuzkoa, 2001). San Juanek nagusitasunez menderatu du KAE 1 liga, eta ekaineko txapelketetan erakutsi zuen onenen pare egoteko gai dela. Irigoienek badu esperientzia sailkatze estropadan, baina ez inoiz horrelako itxaropenarekin. «Aurreko denboraldietan, urteko sari moduan bizi izan dut Kontxako sailkatze estropada, baina, aurten, ikusita aukera badaukagula, pixka bat urduriago gaude denok, eta nabaritzen da».
«Uste dut KAE ligako inor ez dela inoiz sailkatu Kontxako Banderarako, eta izugarria litzateke guk lortzea»
ARITZ IRIGOIENSan Juaneko arraunlaria
Jokatutako estropada guztiak irabaziz hasi zuen liga San Juanek, eta, geroztik, Kontxa jomugan jarri dute. «Beste helburu bat balitz bezala jarri genuen denboraldi hasieran, eta egun hau gorriz markatua daukagu aspalditik. Horren bila goaz».
Irigoienek bigarren urtea du Erreka-ko arraunlari moduan, eta harrotasun handiz bizi du traineruaren momentu gozoa. Jende askok sartzen du Kontxako kinieletan, eta bera ere baikor dago. «Jendeak gu kontuan hartzeak ere indarra ematen digu, eta badakigu benetako aukera dugula sailkatzeko».
Uda osoan oso sasoi onean daudela erakutsi arren, gaurko sailkatze estropadan bere onena eman beharko du San Juanek, eta horrekin erabat tematua dago Irigoien. «Gauzak oso ongi egin behar dira, eta ezin da hanka sartu. Hori guztia ondo eginez gero, badakigu aukera egon daitekeela. Egurra eman beharko dugu, eta, gero, beste taldeen lana hartu beharko dugu kontuan».
Helburua betez gero, balentria egingo lukete Erreka-ko arraunlariek: «Uste dut KAE ligako inor ez dela inoiz sailkatu Kontxako Banderarako, eta izugarria litzateke guk lortzea. Urduritasun pixka batekin bizi dugu, baina ilusio handia dugu».
«Gure ohiko maila ematen badugu, ez daukat zalantzarik, barruan egongo gara. Baina ez dago ezer idatzita, eta arretaz jokatu beharko dugu»
URDAX ANTEPARA Zierbenako arraunlaria
Beste aldean Urdax Antepara egongo da (Bilbo, 1996). Zierbenako arraunlaria aise sailkatu da Kontxako Banderarako azken bi denboraldietan, eta aurten ere lortuko duelakoan dago. Beretzat garrantzitsua den estropada dela aipatu du, nahiz eta normal bizi duen. «Estropada polita da, baina egia da zirt edo zart egiten duzula. Nahiz eta bermeak izan, urduritasuna ere egoten da, presio pixka bat beti egoten delako».
Batzuk ezustea ematera joango dira, baina Zierbenak, esaterako, tramite bat besterik ez du pasatuko, ustez. «Gauzak ongi eginez gero, ohorezko txandako ontziek ez lukete arazorik izan beharko sailkatzeko. Baina arraunean faktore desberdinak kontuan hartu behar dira, eta bi igandeetara begira segurtasuna eta konfiantza lortzeko estropada bat ere bada».
Lasai eta baikor
Hutsegiteak saihesteko, arraunlari batzuek nahiago izaten dute ligako estropada bat balitz bezala jokatu Kontxako Banderakoa. Horietako bat da Antepara. «Ligan izaten ditugun erlojupekoen antzeko proba bat balitz bezala hartu daiteke, nahiz eta helburua desberdina den. Talde askok aldaketak egiten dituzte asteburura begira freskotasuna lortzeko, eta, helburua sailkatzea besterik ez denez, lehia ez da hain estua izaten».
Baina ustekabeak beti gerta daitezke, baita trainerurik handienen artean ere. Urdaibai ia kanpoan geratu zen duela bi urte, eta, horrelakoak saihesteko, Anteparak nahiago du ahalik eta hobekiena egin proba. «Gure ohiko maila ematen badugu, ez daukat zalantzarik, barruan egongo gara. Baina ez dago ezer idatzita, eta arretaz jokatu beharko dugu. Nahiz eta lortutako denborek ez duten balio iganderako, hobe da ahalegin bat egitea indarrak gordetzea baino».
Hibaikak ezin izan du izena eman
Iaz baino ontzi bat gutxiago izango da Kontxako Banderaren sailkatze estropadan. Izan ere, Hibaikak ez du izena eman, arauak ezin dituelako bete. Txapelketako araudiak eskatzen du eskifaia osoa senior mailakoa izatea, patroia izan ezik, eta Errenteriako (Gipuzkoa) taldean arraunlari bat lesionatu egin denez, ezin dute baldintza hori bete. Gainontzeko 23 traineruak bi txandatan banatuko dira. Lehenengoan, Eusko Label ligako ontzi guztiak arituko dira, San Juan barne. Bigarrengoan, berriz, Ares, Arkote, Astillero, Chapela, Castropol, Deustu, Lapurdi, Santurtzi, Tiran, Zarautz eta Zumaia arituko dira. Ezusteko handia litzateke horietakoren bat sailkatzea. Donostiarra sailkatuta dago, etxeko trainerua delako.