FUTBOLA

Zazpigarren ahaleginean, bai?

Athleticek duela berrogei urte irabazi zuen azkenekoz Espainiako Kopa. Ordutik, sei final jokatu ditu; bost azken hamabost urteetan. Denak galdu ditu. Bolada txarra eten nahi du Mallorcari irabazita, apirilaren 6an, Sevillan.

BARTZELONA - ATHLETIC
Frenkie de Jong Bartzelonakoa eta Mikel Vesga Athleticekoa, lehian, 2021eko apirilaren 17an, Espainiako Kopako finalean, Sevillako Cartuja estadioan. Hura izan da zuri-gorriek jokatu duten azkena. JULIO MUÑOZ / EFE
Julen Etxeberria.
2024ko otsailaren 29a
23:35
Entzun

Athleticek Espainiako Kopako finala jokatuko du Mallorcaren aurka apirilaren 6an, Sevillako Cartuja estadioan (Espainia). Talde zuri-gorria 41. aldiz ariko da titulu hori irabazteko azken partidan. Bartzelonak bakarrik jokatu ditu final gehiago: 42. Kataluniako taldeak irabazi du titulu gehien: 31, eta 24 Athleticek.

Hain zuzen, Kataluniako taldeari irabazita altxatu zuen Athleticek azkenekoz kopa. Duela berrogei urte izan zen, 1984an, Madrilen, Santiago Bernabeu estadioan. 1-0 nagusitu zen Javier Clementek entrenatutako taldea. Endika Guarrotxenak sartu zuen gol erabakigarria.

Gol historikoa da, ordutik ez baitu kopa irabazi talde zuri-gorriak. Sei aldiz jokatu du finala. Aurtengoa seigarrena da azken hamabost urteetan. Bartzelonak besterik ez ditu jokatu horrenbeste final 2009tik hona: hamar. Jarraian dator Athletic, seirekin. Real Madril dator atzetik, laurekin. 

Finalak jokatu bai, baina batere ez dute irabazi zuri-gorriek: azken seiak galdu dituzte. Bartzelona izan dute borrero lautan, eta behin Atletico Madril eta Reala. Bolada txarra eten nahi dute.

Kopa azkenekoz irabazi eta urtebetera jokatu zuten lehen finala, 1985ean, Bernabeun, Atletico Madrilen aurka. 2-1 galdu zuten. Hugo Sanchezek sartu zituen Atletico Madrilen golak, eta Julio Salinasek Athleticena, 2-1ekoa. 

2009an jokatu zuten hurrengo finala, Bartzelonaren aurka, Valentzian (Herrialde Katalanak), Mestallan. Sekulakoa izan zen, Athleticek 24 urte baitzeraman Kopako final bat jokatu gabe. Eta ezin hobeto hasi zen finala, hasi eta gutxira gola sartu baitzuen Gaizka Toquerok. Baina Pep Guardiolaren Bartzelonak partida irauli zuen gero: 4-1.

Hiru urte geroago lehiatu ziren berriro Athletic eta Bartzelona finalean, Madrilen, Vicente Calderonen. Marcelo Bielsak entrenatutakoek 3-0 galdu berri zuten Europa ligako finala Atletico Madrilen aurka, Bukaresten, eta kopakoan emaitza berberagatik galdu zuten. Kolpea izan zen bi astean bi final galtzea. Hala ere, sasoi gogoangarria izan zen.

Berriro, hiru urteren ostean izan ziren aurrez aurre Athletic eta Bartzelona Kopako finalean. Katalanek etxean jokatu zuten, Camp Noun. Athleticek onartu egin zuen, harmailetan ahalik eta zale gehien sar zitezen. Ernesto Valverde lehen aldiz eseri zen zuri-gorrien aulkian Kopako final batean. Aurkariaren aulkian jada ez zegoen Guardiola, Luis Enrique Martinez baizik. Baina aldaketak ez zuen ezer aldatu, eta Bartzelonak berriro irabazi zuen nagusitasunez: 3-1. Iñaki Williamsek sartu zuen zuri-gorrien gola, 3-0 galtzen ari zirela.

Sei urte itxaron behar izan zuten zale zuri-gorriek euren taldea berriro Kopako finalera iristeko. Athleticek bi jokatu zituen 2021ean, bi astean, eta biak Cartujan, ikuslerik gabe, COVID-19aren pandemia dela eta. Lehenbizi, 2019-2020ko sasoikoa jokatu zuen, Realaren aurka. Lehen aldiz aritu ziren bi euskal talde Kopako finalean. Txuri-urdinak nagusitu ziren, Mikel Oiartzabalek penaltiz sartutako golari esker: 1-0. Zuri-gorrientzat kolpe gogorra izan zen galtzea, eta sumatu egin zuten bi aste geroago, Bartzelonaren aurka, 2020-2021eko sasoiko finalean: 4-0 galdu zuten. Zazpigarren ahaleginean hautsi nahi dute madarikazioa. 

Horretarako, Mallorca hartu behar dute mendean. Herrialde Katalanetako taldea laugarrenez ariko da finalean. Behin irabazi du, jokatu zuen azkenekoan, 2003an, Recreativo Huelvaren aurka, Elxen (Herrialde Katalanak): 3-0. Aurreko biak galdu egin zituen: 1998an, Bartzelonaren aurka, penaltietan, Mestallan; eta 1991n, luzapenean, Atletico Madrilen aurka, Bernabeun: 1-0.

Athleticek eta Mallorcak duela hilabete jokatu zuten San Mamesen, eta zuri-gorriek 4-0 irabazi zuten. Yuri Berchichek bi gol sartu zituen, eta Gorka Guruzetak eta Iker Muniainek, bana. Baina final bat bestelakoa da. Hori bai; azken bietan ez bezala, zaleen babesa izango du Athleticek. 

ATHLETICEN AZKEN FINALAK

  • 2021eko apirilak 17. Athleticek 4-0 galdu zuen Bartzelonaren aurka, Cartujan.
  • 2021eko apirilak 3. Athleticek 1-0 galdu zuen Realaren aurka, Cartujan.
  • 2015eko maiatzak 30. Athleticek 3-1 galdu zuen Bartzelonaren aurka, Camp Noun.
  • 2012ko maiatzak 25. Athleticek 3-0 galdu zuen Bartzelonaren aurka, Vicente Calderonen.
  • 2009ko maiatzak 13. Athleticek 4-1 galdu zuen Bartzelonaren aurka, Mestallan.
  • 1985eko ekainak 30. Athleticek 2-1 galdu zuen Atletico Madrilen aurka, Bernabeun.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.