Pekingo 117 kilometroko etapa lau-lauaren baimenarekin, Txinako harresia baino zerbait gehiago eroriko da gaur. Azken ostikoak ematen ari da World Tourreko denboraldia, eta, Pekingo Itzuliko azkenaurreko etapan, aspaldiko gozaturik handiena hartu zuen atzo Beñat Intxaustik (Movistar). Helmugara iristeko bi kilometro eskas falta zirela erasoa jota, 2006ko ekainaren 18tik erraldoi bihurtzen ari zen pareta bat apurtzeko pauso erabakigarria eman zuen bizkaitarrak. Etapa garaipena eta lidergoa. Mentougou Miaofeng mendate gogorrean. Daniel Martini (Garmin) hiru segundo eskas; eta David Lopezi (Sky) lau. Gainsariak batuta, Martinekiko hamar segundoko altxorra dauka gaurko zirkuitu erosorako.
Garaipen soil bat baino gehiago izango da gaurkoa, erro-errotik etengo delako zazpi urte luzeko soka. Urruti, oso urruti geratu da jada orain zazpi urte Koldo Gil nafarrak Suitzako Itzulian lortu zuen garaipena. Egun hartako argazkietan Jan Ullrich alemaniarra ageri da podiumeko koskarik altuenean. Baina, Puerto auzia tarteko, iazko otsailean Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) baliorik gabe utzi zituen Ullrichen 2005etik 2007ra arteko lorpen guztiak. Horrek goratu zuen Gil 2006ko Suitzako Itzuliko koskarik altuenera, haren izena ere Puerto auzian nahasita egon zen arren.
2013ko urriaren 15ean itxiko da 2006ko ekainaren 18an ireki zen zirkulua. Zazpi urteotan euskal txirrindulari bakar bat ere ez da izan gai World Tourreko itzulirik irabazteko. Iritsi dira garaipen dotoreak; Intxaustiren beraren aurtengo Italiako Giroko 16. etapakoa, tartean. Irabazi du Euskaltel-Euskadik Espainiako Vueltako taldekako sailkapena; joan den abuztuan, hamahiru segundo bakarrik falta izan zitzaizkion Ion Izagirreri Poloniako Itzulia eskuratzeko —Peter Weening (Orica) nagusitu zen—; 2011n «inoizko garaipenik ederrena» lortu zuen Igor Antonek Bilbon, Espainiako Vueltan; 2009an ilargira bidean berreskuratu zuen arnasa Juanma Garatek, Tourrean, Mont Ventouxen... Gertueneko balentriak dira horiek, euskal txirrindularitzaren poz txikiak.
Baina taldeburu argi bat falta izan da azken urteotan; itzuliak irabazteko gai zen txirrindulari oso bat —irabazteko bidean zihoala, Igor Anton erori egin zen 2009ko Vueltan—. Koldo Gilen Suitzako Itzuliko garaipenaren parekoa izan zen Aitor Gonzalezen aurreko urtekoa; 2005ean bertan Iñigo Landaluzek Dauphine eskuratu zuen; bi urte lehenago erakustaldia eman zuen Iban Mayok proba hartan bertan... Atzeraka-atzeraka joanez, letra larriz ageri dira euskal txirrindularien balentriak —Abraham Olanok eta Joseba Belokik eman zioten segidarekin, Miguel Indurainen garaia da oparoena, tartean bost Tour irabazi zituenekoa—. World Tourrean, azken urteotan, itzaletik ibili da euskal tropela, baina, triskantza ikaragarririk ezean, zazpi urteko ezina apurtuko du, gaur, Intxaustik. Bada zerbait.
Denboraldi honetarako Giroa eta Vuelta zeuzkan egutegian bizkaitarrak. «Baina lehen zatia txukun amaitu ondoren, bigarrena ez zen irten uste genuen bezain ondo», argitu zuen atzo txirrindulariak berak. Liderraren maillota jantzita ibili ondoren, etapa garaipen bat eta sailkapen nagusiko zortzigarren postua lapurtu zizkion Intxaustik Italiako lasterketari. «Vueltan ez nintzen ibili hain ondo, ez nuen eman nire mailarik, nahiz eta taldearen alde lan ona egin nuela uste dudan». Azken urteotan, tamalez, egoera gogorrei aurre egitea egokitu zaio Movistarrekoari, eta gertakari horiek gogortu egin dute pertsona eta txirrindulari gisa. «Vueltako azken egunak izan ziren niretzat onenak, eta azken asteotan entrenatzeko eta zaintzeko motibazioa areagotu zidan horrek. Oso garaipen garrantzitsua da niretzat».
Movistar-Sky borroka
Errepideak eman du bere epaia: bere kirol ibilbideko garaipenik sonatuena lortzeko zorian da Intxausti. «Ez geneukan asmorik gainsarien borrokan sartzeko, baina jaitsiera luzean bi zati egin da tropela, eta aurrean geunden». Bezperako etapan ere «indartsu» ikusi zuen bere burua. «Eta bagenekien Rui Costa edo ni irabazteko lehian sar gintezkeela. Oso bizi gindoazen azken igoeran, baina geldiune txiki bat baliatu dut erasoa jotzeko». Intxaustirekin batera, oso maila altua eman zuen David Lopezek, eta, 12. postuan helmugaratuta, sailkapen nagusian 10. kokatu zen Gari Bravo (Euskaltel-Euskadi).
Gainsarien eraginez, Intxaustik badaki «urduritasun handia» egongo dela gaur tropelean. «Eta adi ibili beharko dugu. Baina, zorionez, talde handi bat daukat ondoan, eta eurekin errazagoa izango da dena». Beñat Intxausti eta David Lopez bizkaitarrak elkarren lehian direla, World Tourreko taldekako sailkapenerako Movistar-Sky borroka ere izango da gaur Pekinen.
Zazpi urte luzeko harresia
Beñat Intxaustik esku-eskura dauka Pekingo Itzulia, azkenaurreko etapan garaipena eskuratu eta lider jarri ondorenKoldo Gilek irabazi zuen, azkenekoz, World Tourreko proba bat: 2006an, Suitzako Itzulia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu