Erremontea

Zazpi buru txapelaren peskizan

Larunbatean hasi, eta irailaren 28a bitarte jokatuko da erremonteko buruz buruko txapelketa. Ansa II.a, Juanenea, eta Barrenetxea IV.a. ligaxkarako sailkatuta daude. Laugarren lehiakidea nor izango den erabakitzeko dago oraindik.

Buruz Burukoan arituko diren zazpi erremontistak. JON URBE / FOKU
Buruz Burukoan arituko diren zazpi erremontistak. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko abuztuaren 7a
05:05
Entzun

Aurkeztu dute Oriamendiren erremonteko buruz buruko txapelketa. Atzo egin zuten txapelketaren aurkezpen ekitaldia, Txillida Leku museoan. Inspirazio iturri da askorentzat Eduardo Txillida eskultorearen artelanetako asko dauden museoa, eta inspirazio hori ere beharko dute txapelketan lehiatuko diren erremontistek. Haien artelanak Txillida Lekutik kilometro bakarrera gordeko dira zaleen gogoan: Galarreta pilotalekuan. Bihar erabakiko da bigarren faseko seigarren partaidea, Ibai Martirenaren eta Aimar Jabaleraren arteko partidan. Fase nagusia larunbatean hasiko da, eta irailaren 28an jokatuko dute finala.

Sei erremontista ariko dira bigarren fasean, eta lehen bosten izenak jakinak dira: Xabier Azpiroz, Javier Urriza, Imanol Ansa, Endika Barrenetxea eta Aritz Juanenea. Seigarren lehiakidea nor izango den bihar jakingo da, lehen faseko finalean. Ibai Martirenak eta Aimar Jabalerak jokatuko dute final hori, eta partidako garailea bigarren fasera igaroko da.

Nabaria da azken urteetan erremontea goraka ari dela. Jende andana bildu ohi da Galarretan, eta Oriamendi 2010 enpresak tinko eusten dio kirol horren aldeko apustuari. Duela astebete eskas amaitu da Jai Alai Summer Season txapelketa. Ia hilabete iraun du, eta hori amaitu berritan hasiko da buruz burukoa.

Erremonteko Buruz Buruko txapelketa

Hiru erremontista daude ligaxkan aritzeko sailkatuta: Ansa II.a, Juanenea, eta Barrenetxea IV.a. Ansa II.ak irabazi zuen txapela iaz, Juanenearen aurka. Biak ala biak lehen aldiz aritu ziren buruz burukoaren finalean. Hortaz, lehen txapela jantzi zuen Ansa II.ak, eta iaz lortutakoaren defentsan arituko da aurten. Haiekin batera dago sailkatuta Barrenetxea IV.a. Iazko finaletik kanpo gelditu zen, baina aurreko zazpi finaletatik lautan aritu zen, eta bi txapel jantzi zituen.

Urriza azken urteetako izarrik handienak, berriz, kanporaketa bat jokatu beharko du ligaxkarako sailkatzeko. Iazko finaletik kanpo gelditu zen, baina aurreko 11 finalak jokatu zituen, eta zortzi txapel irabazi. Aurten zalantzati aritu da, txapelketan parte hartu edo ez. Baina, azkenean, parte hartzea erabaki du. Hori bai, partida bat irabazi beharko du ligaxkara pasatu ahal izateko. Jabalera, Martirena edo Azpiroz izango du aurkari.

Seigarrenaren esperoan

Jabalera edo Martirena. Bietako bat bigarren faserako sailkatuko da. Bihar ariko dira nor baino nor gehiago, eta garaileak aurrera egingo du. Ez dute bide erraza izan, orain arte. Jabalerak lau erremontista utzi ditu bidean, banan-banan: Eskudero, Segurola, Aldabe eta Larrañaga. Martirenak, berriz, beste bi partida irabazi behar izan ditu, Zaldua I.aren eta Goikoetxea V.aren aurka. Orain, bien arteko norgehiagokako garailea bigarren fasera igaroko da, eta bi partida irabazi beharko ditu bertan, ligaxkan sartzeko. Azpiroz izango da lehen aurkaria, larunbat honetan. Eta garaileak Urriza txapeldun handiaren aurka jokatu beharko du handik astebetera, abuztuaren 17an. Lehia horretako garailea zuzenean igaroko da ligaxkara.

Multzoen fasean elkarren aurka ariko dira lau erremontistak. Abuztuaren 22an abiatuko da, eta irailaren 14an amaitu. Puntuazio sistema kontuan hartuta, oso garrantzitsua izango da, galduta ere, ahalik eta tanto gehien egitea. 30 tanto egiten dituenak lau puntu eskuratuko ditu. 29 eta 27 bitartean egiten dituenak, bi puntu, 26 eta 24 bitartean egiten dituenak puntu bakarra. Punturik ez batzeko edo puntuak galtzeko arriskua izango dute erremontistek. Izan ere, 23 eta 17 tanto artean egiten dituenak ez du punturik batuko, eta 16 tanto baino gutxiago egiten dituenak puntu bat galduko du.

Ligaxkako lehen sailkatua zuzenean igaroko da final handira, eta bigarrenak eta hirugarrenak elkarren aurka jokatuko dute, finalean tokia egiteko helburuarekin. Irailaren 21ean jokatuko da partida hori, eta handik astebetera finala, irailaren 28an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.