Aringarri baten beharra zuen Education First taldeak. Helburu handiekin ekin zion Espainiako Vueltari, baina jota utzi zuten lehen asteko erorikoek: Rigoberto Uran, Tejay Van Garderen eta Hugh Carthy galdu zituen. Liderrik gabe gelditu zen, alegia. Bada, zaurietan ukendu pixka bat jarri zuen atzo Sergio Higuitak, 18. etapa irabazita. Euskadi Fundazioan aritutako kolonbiarra eguneko ihesaldian sartu zen, beste hamabi txirrindularirekin, eta hura izan zen onenen multzoak harrapatu ez zuen bakarra. Oscar Rodriguez (Euskadi-Murias) jokoz kanpo gelditu zen, baina ez zuen amore eman, eta hamargarren izan zen.
Lasterketa lehertzeko azken-aurreko aukera zen faboritoentzat, lehen mailako lau mendaterekin. Horren jakitun zegoen Miguel Angel Lopez (Astana), eta, horregatik, temati jo zuen erasora. Helmugatik 60 kilometrora egin zuen lehen saiakera, Morcueran, eta Cotosen ere indar betean jardun zen. Merezi izan zion ahaleginak, 59 segundo atera baitzizkien Nairo Quintanari (Movistar) eta Tadej Pogacarri (UAE). Hala, laugarren jarri da sailkapenean, podiumetik 46 segundora. Lidergoan Primoz Roglic (Jumbo) dago oraindik. Herenegun susto galanta hartu zuen haize babesen karietara, baina egun samurragoa izan zuen atzo: bigarren izan zen, eta aldea handitu zuen gainsariei esker. Bi segundo atera zizkion Alejandro Valverderi (Movistar) eta sei gainontzeko aurkariei.
Liderrak lagun izan zuen taldekideen kontrol lan zorrotza. Kate motzean lotu zuten Lopez. Hala, hautagai guztiak batera iritsi ziren Cotosera, eguneko azken igoerara. Han, aurrera egin zuten Rafal Majkak (Bora), Lopezek, Valverdek eta Roglicek, eta ezinean gelditu ziren Pogacar eta Quintana. Esloveniarrak ahaleginak eta bi egin zituen indartsuenen taldera itzultzeko. Haatik, ihes egin zioten, podiumean sartzeko aukerek bezala.
Huiguitak garondoan nabaritu zuen atzean piztutako suaren berotasuna. Minutuko abantailarekin hasi zen azken mendatea igotzen, baina helmugan hamabost segundo soilik izan zituen sobera. Kolonbiarrak Morcuerako jaitsieran jo zuen erasoa, eta iheskideek ez zuten zirkinik ere egin. Rodriguez multzo horretan zen, eta, gainontzekoei bezala, ihes egin zion garaipenak. Edonola, beste postu on bat lortu zuen Muriasentzat. Zortzi etapatan izan dira taldeko ziklistak lehen hamarren artean, Mikel Iturriaren garaipena barne.
Gaur 165 kilometroko etapa laua jokatuko da Avila eta Toledo artean (Espainia). Ustez, tramite hutsa izan beharko litzateke faboritoentzat, baina hobe dute adi ibili. Haizeak joko du, eta eguraldi petrala espero da.
Zauriak gozatu ditu
Sergio Higuitak irabazi du Vueltako Guadarrama mendilerroko etapa. Roglicek lidergoari eutsi dio, eta Quintanak podiumari, baina sufrituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu