Mathieu van der Poel

Zama kendu du gainetik

Azken hiru urteetan kale egin ostean, bigarrenez izan da munduko txapeldun Mathieu van der Poel herbeheretarra. Jada 103 garaipen daramatza ziklo-krosean, eta oraindik 24 urte baino ez ditu. Errepidean ere hasia da distira egiten.

CLAUS FISKER / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Arindu handia hartu zuen herenegun Mathieu van der Poelek (Kapellen, Flandria, 1995). Izan ere, azken hiru urteetan metatutako zama kendu zuen gainetik, berriz ere Munduko Txapelketa irabazita. 2015ean jantzi zuen ortzadar maillota aurrenekoz, bere lehen partaidetzan, baina geroztik madarikazio moduko bat izan du urteko probarik garrantzitsuenean. Sasoian zehar nagusi izan arren, ez zen kapaza denboraldiari ginga jartzeko. Zorteak bizkarra eman zion 2016an, eta 2015 eta 2017an itzali egin zitzaion ohiko pedal-kolpe bizia. Hori horrela, Wout van Aert flandiarraren itzaletan gelditu izan da. Oraingoan, aitzitik, ez du hutsik egin: nagusitasunez gailendu zen Bogenseko (Danimarka) zirkuitu azkarrean, dohain tekniko apartak erakutsita.

Hain zuzen ere, teknikan egon zen Van der Poelen eta zilarrezko domina kolkoratu zuen Van Aerten arteko alderik handiena. Sasoiko probarik onenetakoa osatu zuen flandiarrak, baina hainbat itzulitan lanak izan zituen peralte piko bat gainditzeko. Zati hori ziztu bizian igaro zuen Van der Poelek, eta bertan apurtu zuen lasterketa, seigarren itzulian. Ahaleginak eta bi egin zituen van Aertek hura ehizatzeko, baina alferrik izan zen. Zati tekniko guztietan tartea pixkanaka handituz joan zen herbeheretarra, minutu erditik gorako aldea izateraino. Hala, lasaitasunez kudeatu zuen azken itzulia, edozein ezbehar saiheste aldera. Hunkituta iritsi zen helmugara, eta barrua askatu zuen bertan, garaipena sutsuki ospatuta. Hamasei segundora heldu zen Van Aert, eta 25era Toon Aerts. Javier Ruiz de Larrinaga, berriz, 30. sailkatu zen, haren agurreko lasterketan.

Herenegungoa 103. garaipena izan zen van der Poelentzat. Kopurua berez da itzela, eta zer esanik ez, herbeheretarrak 24 urte eskas besterik ez dituela kontuan hartzen bada. Hogeirekin irabazi zuen lehen lasterketa elite mailan, debuta egin berritan, eta geroztik etengabe hazi da haren garaipen zerrenda. Bi Munduko Txapelketa irabazteaz landa, behin gailendu da Munduko Kopan, hiru aldiz Superprestige torneoan, bost bider Herbehereetako Txapelketan eta bitan Europakoan. Iazkoa izan zuen sasoirik oparoena, 31 garaipen eskuratuta. Aurten ezingo du marka hori ondu, baina ez dago kexatzeko moduan, 27 bider altxatu baititu besoak orain arte.

Txirrindularitza odolean darama Van der Poelek. Frantziako Tourreko podiumera zortzi aldiz igotako Raymond Poulidorren biloba da, eta ziklo-kroseko eta errepideko klasikoetako espezialista izandako Adrie Van der Poelen semea. Orain arte lokatzetan nabarmendu da batik bat, baina errepidean ere hasia da bere klasearen laginak uzten; esate baterako, Herbehereetako txapelketa irabazi zuen iaz. Udaberri honetan Flandriako Tourra eta Amstel Gold Race lehiatuko ditu, besteak beste. Nolanahi, errepidean ez da buru belarri jardungo 2020ko TokiokoJokoak igaro arte mendiko bizikletan lehiatuko da.

Canten hirugarrena

Ez zen Van der Poel izan protagonista bakarra. Emakumezkoetan, Sanne Cantek urrea kolkoratu zuen hirugarrenez jarraian. Flandiarrak sasoi oso gorabeheratsua osatu du, eta ez zirudien Herbehereetako selekzio ahaltsuari aurre egiteko gai izango zenik. Ordea, larunbatean bere bertsiorik onenera itzuli zen. Lehen bost sailkatuetatik lau herbeheretarrak izan ziren, baina Cant igo zen podiumeko koskarik gorenera. Aldamenean Lucinda Brand eta Marianne Vos izan zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.