Golak. 0-1: Higuainek (29. min.). 0-2: Higuainek (58. min.). Epailea. Mateu Lahoz (Herrialde Katalanak). Txartel horiak: Monakoko Fabinhori; eta Juventuseko Bonucciri, Marchisiori eta Chielliniri. Bestelakoak. 20.000 ikusle inguru Monakoko Luis II.a estadioan.
Haserre zebilen Gonzalo Higuain bere buruarekin Monakoren aurkako partida bezperan. Ulertzekoa zen aurrelari argentinarraren haserrea, arerioen atea etengabe zulatzera ohituta dagoen jokalaria izanagatik, ia bost hilabete zeramatzan Txapeldunen Ligan golik sartu gabe, ligaxkako azken partidan Zagrebi gola egin zionetik, hain zuzen ere. Ez Portoren aurka, ez Bartzelonaren aurka ez zuen Higuainek aurkariaren atea zulatu, nahiz eta Juventusek guztira sei gol sartu zituen. Horrek arrazoia ematen zien gol mordoa sartu bai, baina neurketa garrantzitsuetan neurria ez duela ematen diotenei. Estatistikak eskuetan, arrazoi zuten. Izan ere, Real Madril, Napoli eta Juventusekin Txapeldunen Ligako kanporaketetan jokatutako 24 partidatan bi gol bakarrik sartu zituen.
Aurreko 24 partidatan adina
Horiek guztiak isilarazi zituen argentinarrak atzo. Erakustaldia eman zuen ate aurrean, eta bi gol sartu, partidako bakarrak, eta aurreko hamabi kanporaketetan sartutakoak adina. Amorru biziz ospatu zituen biak, hori eginda zama pisutsua kendu baitzuen gainetik. 29. minutuan sartu zuen lehena, eta 58. minutuan bigarrena, biak Dani Alvesen pase bana baliatuta. Ederrak izan ziren biak, baina ederra izateaz harago, funtsezkoak dira, horiei esker, Juventusek esku-eskura baitu bi urte geroago finala jokatzea. Datorren asteartean biribildu behar du atzo hasitako lana.
Monako, ordea, beste balentria bat egin beharrean dago ekainaren 3an Cardiffen egon nahi badu. Turinen (Italia) irabazi beharko du. Erronka benetan zaila da, Juventusek ez baitu sasoi honetan etxean galdu, ez Italiako Ligan ez Txapeldunen Ligan. 22 partida jokatu ditu, eta hogei irabazi ditu eta bi berdindu. Hori gutxi ez, etaMonakok bi gol egin beharko ditu, eta hori ere lan oso nekeza da. Txapeldunen Ligan, adibidez, bi gol besterik ez dizkiote sartu 11 partidatan. Italiako Ligan, berriz, Genovak bakarrik sartu dizkio hiru gol denboraldi honetan (3-1), baina emaitza horrek ere lioke balioko. Gertatu izan dira handiagoak, eta horretan sinetsi beharko du Monakok. Atzo, gainera, partida ona egin zuen, baina aurrekoetan izan duen eraginkortasuna falta izan zitzaion.
Monako 0. Juventus 2
Zama kendu du gainetik
Juventusek Monakon irabazi du, Higuainen erakustaldia lagun, eta esku-eskura du bi urte geroago Txapeldunen Ligako finala jokatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu