Iazko denboraldia ez zen samurra izan Urdaibairentzat. Zazpi liga irabazi dituen talde horrek ez zituen lortu espero zituzkeen emaitzak. Ohorezko txandatik kanpo, banderen lehiatik at ibili zen. «Irabaztera ohituta dagoen arraunlari batentzat, oso gogorra izan zen. Aurten, hasieratik taldeak garaipena lortzeko gosea eta grina izan ditu». Jon Elortegi (Barrika, Bizkaia, 1977) Urdaibaiko entrenatzailearen hitzak dira. Bada, Bou Bizkaia ontziak iaz lortu zuena, orain seigarren jardunaldian erdietsi du, igandean, Orion bandera irabazita.
Garaipenak lasaitasun puntu bat eman dio taldeari, «baita lanean jarraitzeko indarra ere», Elortegik azaldu duenez. «Liga hasi zenetik bertatik egon gara garaipen honen atzetik. Arraunean gero eta hobeto ari gara, eta ontzia ere gero eta azkarrago dabil». Hobekuntza horri esker irabazi zuten. Eta nola, gainera.
Hirugarren ziabogan, Urdaibai sei segundo atzetik zen Hondarribiarengandik. Bazirudien trapua Ama Guadalupekoak eramango zuela, baina Elortegik eta haren kuadrillak ez zuten amore eman. Arraunean sendo aritu ziren, ubera pasaz eta paladak sarritu gabe. «Hondarribiarekin genituen erreferentziak ez genituen estropada amaitzeko 300 metro falta ziren arte. Azken bi minutuetan jakin genuen hiru segundo atzetik geundela: gero bira, batera… bat-batean, ordea, konexioa eten egin zen, eta helmugara heldu ginenean ez genekien ezer». Emaitza jakin arte igaro ziren segundoak luze joan zitzaizkien Bou Bizkaia traineruko arraunlariei. Garaipena eurena izan zela jakitean, pozez lehertu ziren.
Azken luzean, zortzi segundo sartu zizkioten Hondarribiari. «Seguruenik, korrontea edo haize boladaren bat alde izango genuen». Baldintzak alde direnean ere, jakin egin behar da arraun egiten, «eta are gehiago lehia handia dagoen denboraldi honetan. Ohorezko txanda irabaztea ez da batere erraza».
Liga, «gorabeheratsua»
Elortegik zantzuak bazituen aurtengo denboraldi hasieran postuen dantza handia egongo zela.«Konfinamenduaren ondoren, guztiok denbora oso gutxi izan dugu taldea borobiltzeko». Gabezia hori argi azaleratu da uretan. «Santurtzi kenduta, besteok estropada txarren bat egin dugu». Dena den, uste du abuztutik aurrera egonkortu egingo dela egoera. «Oriok eta Hondarribiak gorantza egingo dute. Gu haien erritmoari eusten saiatuko gara, eta, ahal denean, garaipena lortzen».
Barrikakoak urteen zama nabaritzen duen arren, ez dauka tostetatik ateratzeko asmorik. «Ez nago gaztaroko sasoi horretan, baina ahal dudana egiten dut. Kuadrilla oso indartsua daukagu, eta baten hutsunea besteak betetzen du».
Arrauna
Zama gainetik kentzea lortu du 'Bou Bizkaia'-k
Igandean Orion erdietsitako garaipenak lasaitasun handia eman dio Urdaibairi. Orain, ohorezko txandan egonkortzea dute helburu, «baita banderen lehian egotea ere», Jon Elortegi entrenatzaileak esan duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu