Zaletasunak hauspotutako jokoa

Eneko Otañok eta Ugaitz Mugertzak aizkora apustua jokatuko dute bihar, Azpeitian. Beizamarrak 21 kana-erdiko moztuko ditu; mutrikuarrak, hogei. Otañoren laugarren jokoa izango da, eta Mugertzaren lehena.

Eneko Otaño eta Ugaitz Mugertza, elkarri eskua ematen, apustua adostu zuten egunean, Azpeitiko Mendizabal jatetxean. MAILO OIARZABAL.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Eneko Otañok (Beizama, Gipuzkoa, 1994) eta Ugaitz Mugertzak (Mutriku, Gipuzkoa, 1987) zorroztu dituzte beren aizkorak. Bi aizkolari horiek apustua jokatuko dute bihar, Azpeitiko zezen plazan (12:30). Otañok 21 kana-erdiko moztuko ditu —54 ontzako enborrak dira—. Mugertzak, berriz, bat gutxiago. Alde bakoitzak 5.000 euro jarri ditu jokoan.

Abenduan hitzartu zuten apustua, zezen plazatik gertu, Mendizabal jatetxean. Ordutik, lau hilabeteko prestaketa aldia osatu dute, eta biak garai onean ailegatuko dira. Otañok adierazi duenez, «gustura» dago egin duen lanarekin: «Luze egin da lau hilabeteko aldia, baina pozik nago egindako lanarekin, eta sasoi onean nago. Ea lan ederra egiteko moduan naizen».

Mugertzak ere tentu handiz osatu du lana, eta «ondo» dago probaren atarian. Hark adierazi duenez, programa bat bete du apustuaren egunera «ondo» ailegatzeko. «Hasieran pixka bat kosta zitzaidan, entrenamendu luzeak zirelako eta astindu handiak hartu nituelako. Halere, prestatzailearen eskuetan egon naiz, eta sasoi onean nago».

Otañok abantaila eman dio Mugertzari, egur bat gutxiago moztuko baitu mutrikuarrak, eta kontuan hartzekoa da hori. Beizamarrak uste du «lehia estua» izango dela, eta, horri esker, «politagoa» ere bai: «Uste dut apustu estua izango dela biontzat. Ez da txapelketa baten parekoa, nik egur bat gehiago moztu beharko dut eta. Zaila dago, baina lan ona egiteko moduan nago».

Hain justu, Otañok hogei kana-erdiko lana egin zuen bere azken apustuan. Orduan, Xabier Orbegozo Arria V.a izan zuen aurkari, eta Otaño nagusitu zen. Biharkoa laugarren apustua izango da harentzat. 20 urte zituela jokatu zuen estreinakoa, Mikel Larrañagaren aurka. Beste bi egin ditu gerora; Mieltxo Mindegiaren kontra bat, eta iaz beste bat. Larrañagarekin galdu ondotik, irabazi egin ditu azken biak. Sarri adierazi du gustuko dituela halako lehiak.

Mugertzak, berriz, estreinako aldia izango du biharkoa. Plazan ibilbide luzea osatutako aizkolaria den arren, lehendabiziko trabesa du oraingoa: «Ilusio berezia pizten dit. 30 urte badira aizkora lehen aldiz hartu nuela, eta asko aritu naiz txapelketetan eta erakustaldietan. Apustu bat egiteko aukerarik ez dut izan sekula; aurrerapenik behintzat ez, eta, lotu genuenetik, ilusio handiarekin ari naiz».

Mugertzak bat baztertu

Lan ezberdinak egingo dituztenez, egurren banaketak ere badu bere mamia. Otañok 11 egur eramango ditu plazara. Mugertzak, berriz, hamar. Bakoitzak bere erdiak eta bestearen erdiak prestatuko ditu. Mugertzak Otañok eramandako egurretatik bat baztertuko du, mutrikuarrak ez baitu hura ebaki beharrik izango.

Bi aizkolariek aurkari sendoa espero dute plazan. Mugertzak Otañoren ezaugarririk behinena azpimarratu du: «Otaño oldarkor ateratzen da beti, indartsu hasten da. Motor oneko mutila da, eta nire aldean, ohituago dago lan luzeetara. Zaildua dago, eta ez diot hutsik antzematen. Bakoitzak bere maila du, diferentziak dauzkagu, eta ea kana-erdiko alde horrekin apustua lotzen dugun».

Otañok, berriz, Mugertzaren gaitasuna nabarmendu du: «Urte asko egin ditu plazan, eta Gipuzkoako txapeldun ere izandakoa da. Maila handian aritu da, eta uste dut oraingoan ere hala izango dela. Badakit Angel Arrospiderekin-eta jardun dela, eta ondo ailegatuko da».

Biek ala biek apustua irabaztea dute xede, baina, oroz gain, giro «ona» nahi dute plazan. «Irabaztea dut helburu», esan duMugertzak, baina zehaztu du gustatuko litzaiokeela lehia «estua eta ikusgarria» izatea. Zaletasunetik sortutako jokoak zaletasuna piztu nahi baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.