Lanean etena egin berri du Julen Aginagaldek (Irun, Gipuzkoa, 1982). Ez dabil kirol-zuzendari lanetan, margolari lanetan baizik. Bidasoak Artalekun duen biltegia pisuak altxatzeko gela bihurtu nahi dute. «Hemen, denetarik egin behar da», esan du umoreko.
Taldeak eten txiki bat izango du. Beharra zuen?
Bai, handia, nahiko justu baitzebilen. Azken asteak oso gogorrak izan dira: partida asko jokatu ditugu etxetik kanpo, eta, beraz, asko bidaiatu dugu. Gustagarria da jokatzea, baina nekeza bidaiatzea. Taldekoak bene-benetako premiaz ari ziren eskatzen atseden pixka bat.
Horren ostean ekingo diozue azken txanpari. Zer iritzi diozu orain arte egindakoari?
Oso ondo ari gara. Europako Ligan nabarmendu gara. Izugarria da taldeak egin duena. Oso garrantzitsua da zuzenean final-laurdenetarako sailkatu izana. Aurreko urteetan asko kostatzen zitzaigun Europan etxetik kanpo irabaztea, eta, denboraldi honetan, hainbatetan irabazi dugu. Lisboan eta Limogesen, aldiz, galdu egin genuen, baina gehiago merezi izan genuen. Oso pozik gaude.
Espero zenuten horren ondo aritzea? Edo ezustea izan da?
Konfiantza genuen taldeak ondo egin zezakeela. Multzoan ez zegoen talde beldurgarririk, eta, sinetsita geunden gogor borrokatzen baginen sailka gintezkeela. Oso zaila zen, baina lortu dugu. Aspaldi ari gara lanean horrelakoak lortzeko. Aurrerapausotxo bat eman nahi genuen Europan, eta eman dugu.
Alemaniako talde baten aurka jokatuko duzue final-laurdenetan: Melsungenen edo Gummersbachen aurka. Baten bat duzu begiz joa?
Ez; berdin zait, biak baitira oso talde onak. Jendeak kanporatutzat jotzen gaitu, baina guk irabazi egin nahi dugu. Itxaropentsu nago.
Asobal ligan, berriz, bosgarren zarete.
Lehia bete-betean gaude: puntu batera dugu Ademar, bira Granollers, eta hirura Torrelavega, eta, etxean jokatuko dugu azken bi horien aurka. Ondo kokatuta gaude. Gainera, ez dugu kanporaketa aurrekorik jokatu behar Europako Ligan eta Kopan [Bidasoa sailkatuta dago azken faserako, Irunen jokatuko baita]; hau da, hiru astez ez ditugu izango bi partida aste berean. Taldea sendotu egin daiteke astean behin jokatuta.
Zer da orain arte taldeaz gehien gustatu zaizuna?
Zerbait historikoa egiteko gogo eta grina bizia duela. Taldean beti egon da giro ona, baina jokalariak eta entrenatzaileen taldea oso gustura ikusten ditut, bete-betean, eta euren buruari mugarik jarri gabe.
«Europan ikusi da taldeak aurrerapausotxoa eman duela, eta beste modu batean lehiatu dela»
Entrenatzailea aldatu zenuten aurreko denboraldiaren amaieran: Alex Mozasek Jacobo Cuetara ordezkatu zuen. Aldaketak on egin dio taldeari?
Aurreko entrenatzaileak oso lan ona egin zuen zortzi urtez, baina, gure ustez, taldeak aurrerapausoa emateko aldaketa bat egin beharra zegoen. Jarduteko beste modu bat nahi genuen, eta, Europan ikusi da taldeak aurrerapausotxoa eman duela eta beste modu batean lehiatu dela. Gauza asko daude egiteko, baina oso pozik gaude entrenatzaileen taldea egiten ari den lanarekin.
Mozas fitxatuta, lortu nahi zenituzten helburuak betetzen ari dira?
Pixkanaka, bai. Baina gauzak ez dira lortzen egun batetik bestera. Denboraldi hasiera ez zen erraza izan inorentzat, ez guretzat, ez taldearentzat, ezta entrenatzailearentzat ere; exijentzia handia zegoen, eta, logikoa zen hala izatea. Taldeak gehiegi exijitu zion bere buruari, eta, hori dela eta, kosta egin zitzaion pixka bat martxan jartzea, baina, behin martxan jarrita, jokalariak oso gustura ari dira; sumatu egiten zaie hori.
Jokamoldea «alaiagoa eta erakargarriagoa» dela diote. Ados zaude?
Agian, bai. Jokoa zuzenagoa da, eta egokituagoa egungo garaira. Defentsan ere oldarkorrago ari gara, eta, hori, batez ere, oso garrantzitsua da Europan.
Zaleek bat egin dute taldearekin?
Pixkanaka, bai. Hasieran ez zen erraza izan haientzat aldaketa, baina halakoak gertatzen direnean konfiantza eman behar zaie jokalariei, entrenatzaileen taldeari eta guri. Denboraldi hasiera gogorra izan zen, baina, pixkanaka, zaleak ikusten ari dira zer nahi genuen aldaketaren alde eginda. Zaleek bat egin dute taldearekin.
«Ametsa litzateke Europan Lauko Finala jokatzea; ligan, bigarren izatea; eta Kopan, etxean, nabarmentzea»
Zer helburu dituzue denboraldia bukatu arte?
Ametsa litzateke Europako Ligako Lauko Finala jokatzea; ligan, bigarren izatea; eta Kopan, etxean, nabarmentzea.
Itxaropentsu zaude?
Bai. Denak oso gogotsu gaude, eta seguru naiz taldeak dena emango duela.
Datorren denboraldia prestatzen hasi zarete. Zazpi jokalarik berritu dute kontratua: Alberto Diazek, Iñaki Caverok, Estaben Salinasek, Matheus da Silvak, Jakub Skrziniarzek, Julen Mujikak eta Gorka Nietok. Pozik zaudete?
Bai, oso. Bagenekien Asier Nietok ez zuela jarraituko, atzerrian jokatzeko gogoa baitu. Bestela, oso kontent gaude. Aurreko urteetan baino errazago berritu ditugu jokalarien kontratuak. Horrek esan nahi du jokalariak oso gustura daudela, hemen jarraitzeko gogoa dutela eta proiektuarekin oso identifikatuta daudela. Horrek nire lana erraztu du.
Pedro Pachecok, Tao Gey-Emparanek eta Theodoros Boskosek ez dute kontratua berritu. Zer asmo duzue haiekin?
Erabakitzeko dago hori. Jokalari batzuk kontratua berritu dute, baina horrek ez du esan nahi besteren batek ezin duenik berritu. Nahiko argi dugu nolako taldea nahi dugun, eta ahal denean argituko dugu.
Nacho Valles erdikoa fitxatu duzue. Zergatik?
Gauza ezberdinak emango dizkigulako: adibidez, une zailetan taldea gidatzeko patxada eta erraztasuna. Bikote ona egin dezake Gorka Nietorekin.
Xavier Gonzalez eskuin hegalekoa ere fitxatu omen duzue, baina oraindik ez duzue ofizial egin. Zerbait duzu esateko hari buruz?
[Barrez hasi da]. Ofizialak diren gauzez bakarrik hitz egingo dut.
Asier Nietoren ordezko bat fitxatzea da lehentasuna orain? Lan zaila da hori.
Ez da erraza, ez, postu erabakigarria baita, eta Asier sekulako denboraldia egiten ari baita. Ea asmatzen dugun haren ordezkoarekin.