Akabo probak eta lagunartekoak. Asobal ligari ekiteko ordua iritsi zaie Bidasoari eta Anaitasunari. Bihar jokatuko dute aurreneko partida: Iruñeko taldea etxean ariko da, Navaren aurka (12:30, La Liga+); Irungoak (Gipuzkoa), berriz, Villa de Arandaren pistan jokatuko du (19:00, Teledeporte).
Aldaketa garrantzitsua izan da Bidasoan: Jacobo Cuetarak entrenatzaile izateari utzi dio. Zortzi urtez zuzendu du taldea, eta, haren aginduetara, jauzi ikaragarria egin du. Baina klubak ez zion kontratua berritu, eta Alex Mozasen alde (Madril, 1985) egin zuen hura ordezkatzeko.
Jokalarien artean, ordea, ia ez dago aldaketarik: atean, Leo Maciel ariko da Medhi Harbaouiren ordez. Bestalde, Tito Diaz ezker albokoak min hartu zuen denboraldiaurrean, eta klubak Theodoros Bosko fitxatu zuen. Diazen lesioa izan da albiste txar bakarra. Bestelakoan, dena izan da oso ona.
Horixe azpimarratu du Mozasek. «Oso ondo aritu gara egunerokoan, eta emaitzak oso onak izan dira: partida guztiak irabazi ditugu; zazpi». Hura ere «oso ondo» ari da egokitzen. «Teknikarien lantaldean argi genuen guk egokitu behar genuela klubera eta jokalarien taldera, eta horretan aritu gara. Ondo ari gara. Gainera, jokalariek oso ondo hartu gaituzte, eta horrek lana erraztu du».
«Ikaragarrizko gogo eta ilusioa» sumatu die jokalariei. «Ekain-uztailetan hona etorri nintzenean, jokalari batzuek esan zidaten gogoa zutela gurekin lan egiteko. Eta hitzetatik ekintzetara pasatu dira. Erraz ulertzen da zergatik lortu dituzten horren emaitza onak azken urteetan. Inoiz ez nuen izan horren jokalari on eta profesionalik». Argi du teknikarien helburua: «Jokalariei ahalik eta gehiena lagundu nahi diegu. Mozasen Bidasoa ez, jokalari guztiena izatea nahi dugu. Aitortza merezi dute horrenbeste urtez horren emaitza onak lortzeagatik».
Taldea ia ez da aldatu, eta sendoa da oinarria. Hori «lagungarri» izan zaiola azpimarratu du. «Jokalariek oso lan ona egin dute aurreko urteetan, baina baita aurreko teknikarien lantaldeak ere. Gauza on asko daude, eta horiek aprobetxatu nahi izan ditugu. Errazagoa da dagoenari ukituak ematea dena aldatzea baino. Hori dela eta, erraza izaten ari da gure lana. Gainera, jokalariek zenbait egoeratan beste era batera jokatzeko gogoa zuten».
«Langa goian dago, baina ez aurreko urteetan egin denagatik, baizik eta Bidasoa klub historikoa delako»
ALEX MOZASBidasoa taldeko entrenatzailea
«Joko erakargarria» egitea gustatzen zaio, «trantsizio azkarrekin». Jokalariak hasiak dira hori gauzatzen. «35 gol ari gara sartzen partidako; lehen, garrantzi handiagoa eman zitzaion defentsari, eta jokalariek gutxiago egiten zuten korri kontraerasoan. Horrez gain, askatasun handiagoa ematen diegu, talentua atera dezaten; asko dute». Defenditu, berriz, «gogorrago» defenditzen dute, «kontaktu gehiagorekin». Dioenez, «oso ondo» ari dira erasoan, baina defentsan badute zer hobetua.
Badaki Cuetararekin konparatuko dutela, baina ez dago kezkatuta. «Nik ere badut nire ibilbidea: Torrelavegan eta Alcobendasen eginikoa, selekzioekin irabazitakoak... Ez da presioa, batez ere, gaur-gaurkoz jokalariak %120an daudelako gurekin».
Presioa ez, baina bai aitortu du langa «goian» dagoela. Berehala zehaztu du arrazoia. «Ez da aurreko aldian egin denagatik, baizik eta Bidasoa klub historikoa delako; tituluak irabazitakoa da. Inoiz ez naiz egon horrelako talde batean. Ardura handia dut. Zaleek asko dakite eskubaloiaz, eta garai ederrak ezagutu izan dituzte. Taldeaz harro egon daitezela nahi dut».
Helburez galdetuta, titulu hitza aipatu du. «Titulu bat lortze aldera borrokatu nahi dugu; txapelketa laburren batean Bartzelona ezustean hartu. Ikaragarria litzateke. Ligan, berriz, Europako Ligarako sailkatu nahi dugu».
Jokalari aldaketak
Anaitasunan, berriz, Quique Dominguezek (Pontevedra, Galizia, 1969) jarraituko du entrenatzaile bosgarren urtez jarraian. Jokalarien artean, ordea, aldaketa asko egon da. Zazpi jokalari joan dira, eta bost etorri: Daniel Santamaria atezaina, Alonso Moreno eta Nicolas Zungri eskuin albokoak, Samuel Pereiro ezker albokoa eta Pablo Castro pibotea.
Dominguez pozik dago denboraldiaurrean eginikoarekin. «Talde batean denetarik dago, baina oso lan ona egin dugu. Helburuak bete ditugu: elkar ezagutu dugu, jokalariek jokamoldea barneratu dute, eta sasoiko jarri dira».
Azpimarratu duenez, guztientzat «erronka bat da» sasoi hau. «Taldea aldatu da, ondo aritu ginen aurreko denboraldian, eta zalantza asko daude argitzeko. Baina jokalariak oso gogotsu ari dira entrenatzen, eta horrek konfiantza ematen dit; baikor naiz».
Aldaketek taldea «derrigor» aldatuko dutela dio. «Etorri diren bost jokalariak gehiago nabarmentzen dira defentsan erasoan baino, eta, horregatik uste dut defentsan lagundu egingo digutela. Jokamoldea ez da aldatuko, baina bost jokalari horiek, haien dohainei esker, beste gauza batzuk emango dizkigute».
«Taldeak izaera izatea nahi dut, zaleekin konekta dezala. Uste dut urte hauetan lortu dugula hori»
QUIQUE DOMINGUEZAnaitasunako entrenatzailea
Argi du nolako taldea nahi duen: «Izaera izatea nahi dut, zaleekin konekta dezala. Uste dut urte hauetan lortu dugula hori: taldeak asko transmititu du, eta erakargarria izan da zaleentzat. Niretzat oso garrantzitsua da hori. Ea berriz lor dezakegun. Itxaropena dut lortuko dugula».
Sinetsita dago taldeak eta zaleek duten harreman estuan zerikusi handia duela etxeko jokalari gazte asko aritzeak. «Gure nortasunaren bereizgarri nagusietako bat da, eta hura indartzen saiatzen gara beti. Oso harro gaude harrobiko horrenbeste jokalari daudelako lehen taldean. Aurreko sasoian oso ondo aritu ziren, baina bigarren urtea zaila izan ohi da: sendotu egin behar duzu, eta aurrerapausoa eman, eta erakutsi maila honetan aritzeko gai zarela. Baina aurkariek jada ezagutzen zaituzte. Ez da erraza».
Ez du hitz egin nahi postuz edo puntuz. «Partidak irabaztea da gure lana, baina nola egingo diegun aurre partidei eta erronkei, eta egunerokoari, horrek axola behar digu. Talde borrokalaria eta batua nahi dut; batuta egoteak lagundu egingo digu zailtasunei aurre egiten, izango baititugu. Baina berriro diot: baikor naiz».