Bukatu dira denboraldiaurreko probak eta lagunarteko partidak. Bihar hasiko dute benetako lehia Bilbo Basketek eta Baskoniak. Bihar ekingo diote ACB ligari. Bizkaitarrek Andorra hartuko dute Miribilla pabiloian (17:00, Movistar Deportes 3). Arabarrek, berriz, Lugon (Galizia) jokatuko dute, Breoganen kontra (17:00, Movistar Deportes 2).
Bilbo Basketek zalantzatsu bezain itxaropentsu ekingo dio ligari. Zalantzak ditu, denboraldiaurrean aurkari izan dituzten talde asko ez direlako punta-puntakoak. Real Madril eta Baskonia izan dira gogorrenak. Bizkaitarrek 85-81 irabazi zioten Real Madrili Iruñean, baina Espainiako taldeak jokalari asko falta zituen. Baskoniaren aurkakoa zen akaso denboraldiaurreko partidarik garrantzitsuena; ez soilik azkenekoa zelako, baita titulu bat zegoelako jokoan ere. Baina bertan behera geratu zen neurketa hasi eta gutxira, Galdakaoko (Bizkaia) Urreta kiroldegiko pistan gehiegizko kondentsazioa baitzegoen.
Bilbon, albisterik onenak ez dira fitxaketak izan. Guztiz kontrakoa zirudienean, Rafa Pueyo kirol zuzendariak Adam Smithi eustea lortu zuen. Inor gutxik egingo luke apustu haren alde eskoltaren maila ikusita. Sasoi honetan, aurkariek askoz hobeto ezagutuko dute haren jokoa, eta bere onena eman beharko du berriro erabakigarria izateko.
Beste albiste nagusia ere ez da jokalari bat. Artxandan eraikin propioa izango du Bilbo Basketek; ez soilik lehen taldeak, harrobikoek ere izango dute. Aurrerapauso handia da klubaren etorkizunerako. Are gehiago Miribillak egutegiarekin dituen arazoak aintzat hartuta. Dena izango dute eskura: kantxa, gimnasioa, bulegoak, medikuak... urrea balio du horrek, eta apustu garrantzitsua da. Baita beste urtebetez Europan aritzea ere. Europako Kopa txapelketarik apalena izan arren, horretan aritze hutsak ate asko zabaltzen ditu: jokalariena, hedabideena eta babesleena.
Lantaldeari dagokionez, Pueyok ACB ligako talde askori hartu die aurre Melwin Pantzar fitxatuta. Beste behin, Pueyok arrantza egin du Urrezko LEB ligan; iaioa da horretan, uzta onak bildu baititu. Suediarrak itxura ona du. Thijs de Ridderrek ere egokitu egin beharko du. Haren fitxaketan ere aurrea hartu diete askori. 20 urtez azpiko Europako Txapelketan batez beste 16,1 puntu eta 9,4 errebote lortu ostean, are eta zailagoa eta garestiagoa litzateke belgikarra fitxatzea. Esperientzia falta hori orekatzeko, apustu seguruak ekarri dituzte: Alex Renfroe eta Jaume Ponsarnauk Zaragozatik oso ondo ezagutzen duen Tryggvi Hlinason.
Bigarren aukera
Zalantza askorekin izan bada ere, Joan Peñarroyak bigarren urtez entrenatuko du Baskonia. Baina helburuek bestelakoak izan behar dute. Aurreko sasoian, Gasteizera heldu bezain laster zin egindakoa bete zuen: Buesa Arena betetzea. Sasoi honetan, ordea, hori bakarrik ez da nahikoa izango, eta emaitzak, eskatu baino gehiago, exijitu egingo ditu Josean Kerejeta klubeko arduradun nagusiak.
Ondorioak, behintzat, atera dituztela argi dago. Fitxaketetan nabaritu da. Argi zegoen ia ezinezkoa zela Darius Thompsoni eustea, baina, behintzat, hamaikagarrenez, negozioa egin du Arabako taldeak. Diru freskoa jaso du beste egitasmo bat abiatzeko. Khalifa Diop nabarmentzen da horretan. Steven Enochek ez zuen ahalmen fisikoa dauka Diopek. Gainera, gaztea da, eta laster talde asko izango ditu atzetik. Horrez gain, diruak Markus Howardi eta Matt Costellori eusteko balio izan du. Bi horiek ezin hobeto islatzen dute arabarren jokamolde arin eta erakargarria.
Baskoniak ere bestelako merkatuak miatzen ditu. Euroligako goi mailako taldeetan gutxi jokatzen duten jokalari asko erakartzen ditu. Horiek minutuak behar dituzte, eta Baskoniak eskertzen ditu. Nico Mannion eta Chima Moneke dira haietako bi. Euroligan oraindik aritzen ez direnen artean ere jauzi egiteko toki aproposa da Baskonia. Hori egin nahi du Nikos Rogkavopulosek: bere burua ezagutarazi.
Baina oraindik beste jokalariren bat falta zaio Baskoniari. Codi Miller-Mcintyre nahikoa izan daiteke ACB ligarako, baina ez Euroligarako. NBAko azken saiakeraren zain dauden jokalariak itxaroten ari da kluba; azken orduko pagotxa baten bila dabil.
Zalantzak eta ziurtasunak
Baskoniak eta Bilbo Basketek bihar ekingo diote ACB ligari. Gasteiztarrek Lugon jokatuko dute, Breoganen aurka. Bilbotarrek, berriz, Andorra jasoko dute Miribillan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu