Philippe Montanierrek lehen entrenamenduaren egunean esan zuen hilabete behar zuela ideiak argitzeko. Esan eta egin. Atzo argitu zituen Montanierrek zituen zalantzak. Mikel Labakak taldean jarraituko du, Alex Albistegik, ordea, ez, eta bi jokalari behar ditu taldea osatzeko. Gaur hasiko duten egonaldira taldean jarraituko duten jokalariak eramango ditu.
Hilabete eskas daramate Montanierren esanetara, eta frantziarra harrituta utzi dute. «Ongi lan egin dugu denbora honetan, eta jokalariek oso ongi ulertu dute nire kontzeptua», esan zuen entrenatzaileak. Jokalariak ongi aritzeaz gain, entrenatzaileari bere zalantzak argitzen lagundu diote.
Mikel Labakak taldean jarraituko duela esatea izan zen ezustekorik handiena. Taldetik kanpo egongo zela zirudien arren, entrenatzaile frantziarrak beste aukera bat emango dio azpeitiarrari. Halere, badaki atzelari zentralen artean jokatzeko aukerarik gutxienak berak izango dituela. Baina, azpeitiarrak onartzen du egoera. Hori gustatu egin zaio frantziarrari. «Profesional oso handia da, asko gustatzen zait», esan zuen entrenatzaileak Labakari buruz. Ez du zorte bera izan Albistegi gazteak. Ez da Italiako egonaldian izango, eta taldean ez jarraitzea izango da ziurrena. Irteera posible bat izango du Errioxan, Logroñes bere atzetik baitabil.
Fitxaketen harira ere hitz egin zuen frantziarrak. Bi baino ez ditu behar; hasieratik eskatu zuen erdilaria eta aurrelari bat. Biak ekartzeko ez dauka inongo presarik, eta nahiago du lasai jokatu, presaren presaz aritu baino. «Nahiago dut jokalari on bat berandu etortzea, jokalari txar bat azkar etortzea baino. Jokalari jakin batzuk eskatu ditut, beraz, pazientzia behar dugu horiek ekartzeko», esan zuen frantziarrak. Bi jokalari bakarrik eskatzearen errua dituen jokalariek dute.
Italian, atsedenik gabe
Gaur goizean abiatuko dira Italiara. Han, denboraldi-aurreko egonaldiari ekingo diote. Zortzi egun izango dira, atsedenik gabeko zortzi egun. Tarte horretan hiru lagunarteko partida jokatuko dituzte hango taldeen aurka: Pescara (igandea, 21:00), Bari (asteartea, 17:30) eta Lazio (osteguna, 21:00). Ostiral goizean itzuliko dira Donostiara.
Kontzentratuta joan diren jokalarien artean daude, besteak beste, Xabi Prieto eta Markel Bergara. Biak azken asteetan min hartuta egon diren arren, taldekideekin bidaiatuko dute. Donostiarra dagoeneko hasi da taldekideekin batera entrenatzen, eta hiru partidetan minutuak jokatzeko aukerak ditu. Elgoibartarrak ezin du gauza bera esan. Hiru aste daramatza entrenatu gabe, eta aurreikuspenen arabera, zail izango du Italian entrenatzea. Izan ere, medikuek ez diote egunik jarri bere lesioa ahazteko —gainkarga oin azpian—. Gainontzeko jokalariak lehen taldekoak dira, bigarren taldeko Liassine Cadamuro, Iñigo Martinez, Ruben Pardo eta Iker Hernandezekin batera.
Partidarik ez duten egunetan —larunbata, astelehena, eta asteazkena), sesio bikoitza zuzenduko du Montanierrek. Partida dutenetan, berriz, goizez entrenatuko dute. Aurkariak orain artekoak baino indartsuagoak izango dira, batez ere azkena: Lazio. Azken horren aurkako partidan aterako ditu frantziarrak taldearen egoerari buruzko ondorioak. Izan ere, Erromako partida hori izango da gipuzkoarrek denboraldi-aurre honetan jokatuko duten seigarren eta azken norgehiagoka. Ostiralean itzuliko dira jokalariak Gipuzkoara, eta astelehena arte libre izango dute, Italiako esfortzutik errekuperatzeko.
Griezmannen esperoan
Montanier Antoine Griezmannen zain dago, jokalariak behin eta berriz taldea uzteko asmoa duela esan arren. L'Equipe-n argitaratutako elkarrizketa batean hasi zen dena: horretan, jokalariak Atletico Madrilen eskaintza bat zuela onartu zuen, eta hara joan nahi zuela. Entrenatzaileak bere herrikidea taldean eduki nahi duela esan zuen atzo: «Ez dakigu adierazpen horiek oraingoak diren ala ez. Dakigun gauza bakarra da gurekin kontratua duela. Horregatik, harekin kontatzeko asmoa dut». Horrenbestez, Reala eta Madrilgo taldea akordio batera iritsi ezean, Donostian jarraitu beharko du jokalari gazteak.
Egun, hogei urtez azpiko selekzioarekin ari da, Kolonbian. Han ari da jokatzen maila horretako Munduko Txapelketa. Realeko jokalaria ongi aritu zen atzo, Frantziaren garaipenean (3-1).
Zalantzak argituta
Philippe Montanierrek erdilari bat eta aurrelari bat fitxatu nahi ditu, eta Mikel Labakak taldean jarraituko duela esan duItalian egongo da gaurtik aurrera talde txuri-urdina, zortzi egunez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu